
Basauriko Bridgestone enpresako langileek ekoizpena gelditu dute beste egun batez, negoziazioak aurrera jarraitzen duen bitartean. Momentuz, enpresak proposatu du langile gutxiago kaleratzea, bai Bizkaiko plantan, bai bai Kantabriako Puente San Miguelekoan: Basaurin, 335 kaleratzeren ordez, 232 lirateke; Kantabriakoan, berriz, 211ren ordez, 188. Halaber, Bizkaian 100.000 estalki ekoizteko proposamena ere mahaigainean jarri du, hasiera bateko 700.000tik 800.000ra igarota.
Zuzendaritzak lan-erregulazio espedientearen baldintzak leundu zituen pasa den astean, 45 langile gutxiago kaleratuta eta kaleratzeagatiko kalte-ordaina 35 egunetik 45 egunera handituta. Erabakien aurrean, sindikatuek “aurrerapausoa” eman dela aitortu zuten, baina, hala ere, oraindik gehiago egin zitekeela nabarmendu, kaleratu kopurua are gehiago jaitsita eta lan-karga gehituta. Horregatik, langileek aurrera egin dute greba deialdiarekin, eta bilduta daude orain zuzendaritza eta enpresa batzordea.