• ENPRESAK GAUR
  • Berdintasuna, izaera kooperatiboaren ardatz Danobatgroupen

Berdintasuna, izaera kooperatiboaren ardatz Danobatgroupen

Danobatgroupek azken urteotan urrats sendoak eman ditu berdintasunaren eta aniztasunaren arloan, eta horren emaitza da Berdintasun Plangintza integrala abian jartzea

Danobatgroupeko berdintasun taldeko kideak | Argazkia: Danobatgroup
Danobatgroupeko berdintasun taldeko kideak | Argazkia: Danobatgroup
2026eko martxoaren 7a - 05:30

Danobatgroupentzat, berdintasuna ez da soilik lege-eskakizun bat, bere izaera kooperatiboaren oinarrizko printzipioa eta ardatza baizik. Gaur egun, taldea osatzen duten kooperatiba guztiek dute Berdintasun Plana martxan eta kooperatiba bakoitzak bere batzorde propioa du. Elgoibarren kokatutako kooperatiba-talde industrialak pertsonen ongizatea eta aukera-berdintasuna bere estrategia korporatiboaren ardatz nagusietako bat bihurtu du. Prozesu horren ezaugarri nagusia egokitzapena da, kooperatiba bakoitzak bere errealitatearen arabera garatzen baitu bere ibilbidea, aldi berean, kooperatiben arteko koordinazioa eta elkarlana bermatuz.

 

Amaia Berriozabal Berdintasun Batzordeko ordezkariaren esanetan, "Danobatgroup eta gure industria taldea osatzen dugun kooperatibentzat, Berdintasun Plana ezarri izana ez da soilik lege-betebehar bati emandako erantzuna, gure izaera kooperatiboari eta dugun enpresa kulturari jarraikiz emandako urratsa baizik. Kooperatibismoaren berezko balioek berez dakarte pertsona guztien eskubide berdintasuna bermatu beharra. Horregatik, taldeak bere barne-kudeaketa eta bere balio nagusiak lerrokatzeko tresna gisa ulertzen ditu plan horiek".

Danobatgroup osatzen duten kooperatiba guztiek dute Berdintasun Plana martxan eta kooperatiba bakoitzak bere batzorde propioa du

Gauzak hala, Danobatgroup ez da edonolako taldea; makina-erreminten eta ekoizpen-sistema aurreratuen diseinuan eta fabrikazioan espezializatua dago, eta Mondragon Korporazioko kidea izateaz gain, industria-sektore zorrotzetarako mekanizazio, automatizazio eta fabrikazio digitaleko soluzioetan Europako erreferente nagusietako bat ere bada. “Taldeko hainbat kooperatiba III. Eta II. Plangintzaldian murgilduta daude. Beste batzuk II. Plangintzaldia diseinatzen ari dira edo lehenengoa amaitzear dute. Plangintzaldi bakoitzak 4 urteko iraupena du, eta garrantzitsua da azpimarratzea ez direla dokumentu estatikoak. Plan biziak dira, inplementazio etengabea dutenak, errealitate sozial eta laboralera uneoro egokitzeko gaitasunarekin”, adierazi du Irati Bazeta Berdintasun Plan Integrala ezartzen lagundu duen Emun Kooperatibako aholkulariak.

 

Berdintasuna egunerokoan

Danobatgroupek berdintasuna egunerokoan txertatzea du xede nagusietako bat, eta hausnarketa estrategikoa eta maila guztietako prestakuntza palanka gisa. Berdintasuna kooperatibako arlo guztietara zabaltzeko, formazioa eta hausnarketa-espazioak funtsezkoak izan dira. Alde batetik, lidergo-taldeak (zuzendaritza, arduradunak, Kontseilu Errektorea eta Kontseilu Soziala) gaitu dira berdintasun-ikuspegiaren inguruan. Formazio horiek aldiro egiten dituzte. Bestetik, tailer ez-mistoak antolatu dituzte. Bestela esanda, gizonen eta emakumeen arteko hausnarketa bereiziak sustatu dituzte, bakoitzak lan eremuan ere gizarteak ezartzen dituen genero-arau bereiziei buruz hausnartu dezan, ondoren, hausnarketa horiek guztiak plan komun batean jartzeko.

“Guretzat funtsezkoa izan da pertsona bakoitzak plana berea dela sentitzea. Horretarako, partaidetzarako espazioak ireki dira, non langileek prozesuaren parte aktibo izateko aukera duten. Martxoaren 8aren inguruko urteroko ospakizunak mugarri bihurtu dira gure egutegian. Topaketa horiek hausnarketa informal baina sakona bultzatzen dute kideen artean. Aurten, esaterako, Danobatgroupeko hainbat lan arlotako emakumeek osatutako mahai-inguru bat antolatu dugu”, gehitu du Berriozabalek.

Amaia Berriozabal: “Guretzat funtsezkoa izan da pertsona bakoitzak plana berea dela sentitzea. Horretarako, partaidetzarako espazioak ireki dira, non langileek prozesuaren parte aktibo izateko aukera duten"

Danobatgroupek etengabeko balorazioa eta erabilgarritasuna bermatu nahi ditu kooperatiban: ezartzen dituzten ekintza, tailer eta formazioek ebaluazio prozesua daukate. Kolektiboaren feedbackak erakusten du sentsibilizazio-ekimen horiek oso baliagarritzat jotzen direla, lan-giroan eta harreman profesionaletan eragin positiboa dutela egiaztatuz. Horrez gainera, berdintasuna zehar lerro gisa ezarri nahi dute. “Gure prozeduretan zehar lerrokatzea bermatzeko ezinbesteko tresna da plana. Jakitun gara oraindik bidea dugula egiteko, baina norabide horretan tinko jarraitzea ezinbesteko konpromisoa da guretzat”, zehaztu du Berriozabalek.

Elgoibarreko taldeko planetan askotariko erronkak gainditu nahi badituzte ere, azpimarratu beharreko batzuk aipatu dituzte kooperatibako ordezkariek. Erronka nagusia berdintasuna kulturaren berezko ezaugarri bihurtzea dute. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute sentsibilizazio- eta formazio-lan jarraitua egitea, baita hausnarketarako guneak sortzea ere.

Amaia Berriozabal: “Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika (ZTIM) arloetan dagoen presentzia mugatua gainditzea lehentasun estrategikoa da guretzat"

Zenbait arlotan ohikoak diren mugak gainditzeak ere berebiziko garrantzia izango du. “Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika (ZTIM) arloetan dagoen presentzia mugatua gainditzea lehentasun estrategikoa da guretzat. Emakumeen talentua sustatu eta erakarri nahi dugu esparru hauetan”, azpimarratu du Berriozabalek. Etorkizuneko talentu-arrakala ixteko asmoz, Danobatgroupek zenbait ekimen babesten ditu Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika (ZTIM) arloetan. Kooperatibek lan berezia egiten dute emakume erreferenteak gazteengana hurbiltzeko: eskoletara zein Danobatgroupeko kooperatibetara bisitak egiten dituzte, eta eduki pedagogikoak sortu dituzte etorkizuneko belaunaldientzat eredu izan daitezen.