Tubos Reunidosen Amurrioko fabrikako langileak bi hilabete baino gehiago (96 egun) izan dira greban, baina astelehenetik aurrera lanera itzultzekoak dira. Izan ere, goizean eginiko bilkuraren ondoren, langile batzordeak erabaki du greba eta protestekin amaitzea, eta hala jakinarazi die ondoren beharginei.
Greba mugagabea baztertuta, langileek 24 orduko lanuzteak egitea erabaki dute, Zuriñe Miranda ELAko bozeramaileak azaldu duenez, besteak beste, hartzekodunen konkurtsoan sartu izanak "borroka birplanteatzea" dakarrelako eta lantaldea "fase berri batean" jartzen duelako.
Sindikatuetako ordezkariek iritzi diote egoera aldatu egin dela, eta hori dela eta, erabaki dute langileak lanera itzultzea dela erabaki onena. Dena den, erabakiak zatiketa eragin du langileen artean, eta horietako asko ez dira ados lanera bueltatzearekin, ez baita bozketarik egin eta langile batzordeak zuzenean hartu du erabakia.
Gogoratu beharra dago joan den astelehenean Tubos Reunidoseko langile batzuk lanera itzultzea erabaki zutela, eta piketean ziren beste beharginek txistuen artean jaso zituztela.
Oier Bidaurratzaga langileen batzordeko bozeramaileak gogoratu du Tubos Reunidosen arazoa ez dela sekula lantaldea izan, ezta lan baldintzak ere, “finantza, industria eta kudeaketa arazo bat baizik". Konpainiak 250 milioi euroren zorra du eta horietatik 150 milioi SEPI Espainiako Gobernuaren sozietatearekin.