BGAEen kontrola hobetzea aztertzen ari da Jaurlaritza

Gallartako BGAEko kasuaren ostean "barne-hausnarketa" prozesua zabaldu du

Noël D'Anjou | Argazkia: Europa Press
Noël D'Anjou | Argazkia: Europa Press
2025eko abuztuaren 8a - 14:27

Duela aste batzuk jakin zen Gallartako entitate bateko gobernu batzordeko kide batek 600.000 euroko ondarea —ia entitatearen ondare osoa— ostu zuela. Hain zuzen, hori ezkutatzeko sistemari buruz galdetu dio EH Bilduk Nöel d 'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuari.

 

Entitateok Ogasun departamentuari dokumentazioa bidali behar diote aldizka. Zehazki, BGAE bakoitzeko lehendakari eta idazkari diren pertsonek urtero bidali behar dute araudiak eskatzen duen estatistika- eta kontabilitate-dokumentazioa, eta hori BGAEen Erregistroaren kontabilitate-aplikazioan jasotzen da. Horrez gain, halako erakundeetan hiru hilean behin finantza-aktiboei, sarrerei eta gastuei eta egindako ehorzketa-kopuruari buruzko informazioa bidali behar da.

D 'Anjouk adierazi duenez "fidagarria zirudien" informazioa faltsututa zegoen. Gainera, "Gobernu Batzordeko hiru pertsona ezberdinen oniritzia zuen, eta horrek de facto zaildu egiten zuen hainbeste aktorek benetako egoera ezagutzen ez zutela ondorioztatzea".

 

Ustezko iruzur-kasu horren ondorioz, Jaurlaritzak "barne-hausnarketako" prozesua aktibatu du, batez ere heriotzen BGAEen azpisektorearen gainbegiratzeko. Hala, neurri gehigarriak hartzea aztertzen ari da, besteak beste, era horretako erakundeen "profesionalizazioa sustatzea" edo "dokumentu-eskakizun handiagoa eta zorrotzagoa eskatzea".