Bilboko sare adimendunen hub-ak bost urte bete ditu

120 eragile baino gehiago elkartu ditu Global Smart Grids Innovation Hub espazioak

Argazkia: Iberdrola
Argazkia: Iberdrola
2026ko apirilaren 14a - 17:46
Eg. 2026ko apirilaren 15a - 09:10

Bilbon dagoen Global Smart Grids Innovation Hub (GSGIH) ekimenak bost urteko ibilbidea bete du, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Iberdrolaren Berroeta egoitzan. 2021ean sortu zen gunea, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta enpresa elektrikoaren arteko lankidetzaren ondorioz, sare elektriko adimendunen inguruko berrikuntza sustatzeko.

 

Ospakizunean hainbat agintari eta ordezkari izan dira, besteak beste Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia. Haren hitzetan, “bost urte hauetan Bizkaiak erabaki du energia eraldaketaren abangoardian kokatzea”, eta azpimarratu du sare elektriko adimendunak funtsezkoak direla trantsizio energetikorako eta lurraldearen lehiakortasunerako.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hub-a sortu zenetik berrikuntzara bideratutako inbertsioa %55 handitu da, urtean 40 milioi eurotik gorakoa izateraino. Gainera, 9.000 bisita baino gehiago jaso ditu eta 120 enpresa, unibertsitate eta zentro teknologiko baino gehiago sare berean elkartu ditu.

 

Azken urteotako ibilbidea gogoratzeaz gain, ekitaldian Bizkaia Smart Grids sariak banatu dituzte, ikerketa eta garapeneko proiektu nabarmenak aitortzeko. Helburua da ideia berriak eta teknologia aurreratuak garatzen dituzten ekimenak ikusgarri egitea eta lurraldeko enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzea.

Gainera, erakundeek lankidetza hitzarmena berritu dutela jakinarazi dute, elektrifikazioaren eta sareen garapen teknologikoaren aldeko apustua indartzeko. Helburuen artean daude energia eskariaren hazkundeari erantzutea, energia berriztagarrien integrazioa erraztea eta sareen segurtasuna zein erresilientzia handitzea.

Argazkia: Iberdrola
Argazkia: Iberdrola

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain