Bizkaiko hiriburuko enpresa ehunak hazten jarraitzen du, eta horren erakusle da iaz 228 negozio berri jarri zirela martxan udaleko ekintzailetza zentroaren laguntzari esker, 2024an baino 24 gehiago. Bilbon sortutako enpresen kopurua %13 handitzeaz gain, enpresa berriak sortzeko 657 proposamen jaso zituen zentroak (597 izan ziren 2024an), azken bederatzi urteetako kopururik handiena. Halaber, ekintzailetza zentroak 630 proiekturi eman zien aholkularitza euren negozio-planak garatu ahal izateko, inoiz baino proposamen gehiagori.
Hiriaren enpresa bilakaerari aitortza egiteko, martxoaren hasieran XXII. Bilbo Ekinean Gala antolatu zuen Bilboko Udalak. "Ekintzaileek ausardiaz, irudimenez eta lan handiz egiten duzue aurrera. Ideiak proiektu bihurtzeaz gain, enplegua, garapen ekonomikoa eta, azken batean, gure hirirako etorkizuna sortzen dituzue", adierazi zuen bertan Juan Mari Aburto hiriko alkateak.
Ekintzailetza zentroak 630 proiekturi eman zien aholkularitza euren negozio-planak garatu ahal izateko, inoiz baino proposamen gehiagori
Ekitaldi hartan eskaini zituzten hirian sortutako konpainiei buruzko zenbait datu. Bada, 2026an sortutako negozioen erdia baino gehiago, zehazki 126 (%53), emakumeek bultzatukoak izan ziren, eta horietako bat, hain zuzen, Maider Gamero eta Andrea Galvezek sortutako Iliva izeneko proiektua da.
“Sorkuntza eta erabiltzailearen esperientzia oinarri harturik, web diseinua, landing pageak, enpresentzako marka irudiak eta kanpainak eskaintzen ditugu”, azaldu dio Galvezek EnpresaBIDEAri. Bera eta Gamero lankideak ziren enpresa bateko marketin eta komunikazio sailean, eta euren proiektu propioa abiatzea erabaki zuten. “Pentsatu genuen enpresa horri eskaintzen genion balio erantsia beste konpainia askori eskaini geniezaiekeela, eta, aldi berean, gure sorkuntza garatzeko aukera ere izan zitekeela”, gehitu du Gamerok.
Galvez Getxon eta Gamero Barakaldon bizita, Bilbao Ekintza udal sozietatearekin harremanetan jarri ziren, eta erakundearen aholkularitza jaso zuten enpresa abiatu ahal izateko. “Oso modu naturalean lagundu digute. Teknikari batekin aritu ginen hasiera batean eta negozio plana garatzen lagundu ziguten”, azaldu du Gamerok.
Andrea Galvez (Iliva): “Sorkuntza eta erabiltzailearen esperientzia oinarri harturik, web diseinua, 'landing page'-ak, enpresentzako marka irudiak eta kanpainak eskaintzen ditugu”
Ondoren, proiektuaren finantzazioa eta bestelako esparruak bultzatzeko beste teknikari batzuen laguntza ere jaso zuten. Prozesu hartatik erabaki zuten Ilivak kooperatiba izaera izatea, bi sortzaileen hitzetan, fiskalitate aldetik abantailak eskaintzeaz gain, euren balioekin bat egiten duen enpresa eredua delako.
Agentzia digitala izanik, espazio handirik ez dute behar, eta Bilbao Ekintzaren Auzo Factory coworking espazioan egiten dute lan, batez ere bezeroekin elkartu behar dutenean.
2025eko martxoan ekin zioten proiektuari, eta lehen urtearen balorazio positiboa egin dute. Gainera, hirugarren pertsona bat ere batu zaie proiektura. “Ikusgarritasuna lortzeko publizitatean inbertitu beharko genuela pentsatzen genuen, baina hasieratik networking asko egin dugu eta kooperatiba munduko eragileek asko lagundu digute. Ahoz aho lortu ditugu bezero gehienak eta oso pozik gaude”, azaldu du Galvezek.
Bideojokoak sortzeko estudio bat
228 negozioetako beste bat Binomio izeneko espazioa da, Javier Mombielak sortutakoa. Joko desberdinak (mahai-jokoak, bideojokoak…) diseinatu eta sortzen laguntzen duen estudioa da Binomio, Bilboko Deustu auzoan kokatua. “Ikastaroak eskaintzen ditugu zortzi urtetik gorako edozein pertsonentzat”, dio Mombielak.
Ekintzaileak animazio digitala ikasi, eta, ondoren, bideojokoen diseinuari loturako master bat burutu zuen. Hainbat urtez bideojokoaren industrian lan egin eginda ohartu zen ez zegoela jokoen diseinua ikuspegi sortzaile batetik lantzen zuen espaziorik, ez eta adin guztietarako eskaintzarik ere. Hortaz, Binomio espazioa sortzea erabaki zuen. 2024ko irailean hasi zuen proiektua sortzeko prozesua, Bilbao Ekintza udal sozietatearen laguntzarekin, eta 2025eko ekainean ireki zuen espazioa.
Egun, urte osoko ikastaro bat eskaintzen du, jokoekin zerikusia duten beste hainbat jarduera ere antolatzen ditu, eta baita workshop bat ere. “Azken hau jende helduagori zuzenduta dago, dagoeneko bere bideojoko propioak sortu dituenari. Aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkiet”, argitu du.
Javier Mombiela (Binomio): “Nire proiektua ez da oso ohikoa eta lan handia egin behar izan dut komunikazioan, proiektua zertan datzan azaltzeko”
Ekintzailea negozio plan batekin aurkeztu zen ekintzailetza zentrora, eta Bilbao Ekintzak plan horren bideragarritasun ekonomikoa aztertu zuen. Estudioa ezartzeko lokalaren bilaketan lagundu zion, baita autonomo gisa alta emateko prozesu administratibo guztian ere. “Lan prozesu asko azkartu dizkidate eta buruhauste asko kendu”.
Negozio bat abiatu eta lehen urtean oztopo ugari gainditu behar izan baditu ere, pozik da Mombiela. “Nire proiektua ez da oso ohikoa eta lan handia egin behar izan dut komunikazioan, proiektua zertan datzan azaltzeko”, aitortu du. Ahoz ahoz ari da Bilboko hiritarren artean proiektua zabaltzen, eta etorkizunera begira sortzaileak helburu du proiektua errentagarria izatea, bere diru-iturri nagusi finkatu dadin.

Bilboko enpresa berrien beste zenbait datu
Bai Binomio, bai Iliva, ekintzaile bizkaitarrek abiatutako proiektuak dira, baina udalaren ekintzailetza zentroaren bidez, iaz eratutako enpresen herena (%33) migratzaileek sortu zituzten, 73 negozio, hain zuzen. Era berean, sortutako negozioen laurdena 45 urtetik gorako pertsonek bultzatu zituzten, eta %5, 2024an baino %1 gehiago, 25 urtetik beherako gazteek.
Enpresa-proiektu horiek guztiak sortu ondoren egindako inbertsioa, orotara, 3.938.209 eurokoa izan zen (aurreko urtean baino 70.959 euro gehiago), eta 1.776.000 euroko kanpo-finantzaketa izan zuten.
Sektoreei dagokienez, ekintzailetza ekosistemaren “aniztasun handia” nabarmendu zuten Bilbo Ekinean ekitaldian. Sormen eta kultura arlokoak dira sortu diren proiektu gehienak, Binomiorena kasu: 58 enpresa (guztizko kopuruaren %25 baino gehiago). Enpresentzako zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituzten 26 proiektu sortu dira (%11). Merkataritzaren esparruan 22 egitasmo eratu dira (ia %10), osasuna eta ongizatearenean 21 enpresa (%9), eta ostalaritzan 17 enpresa (%7).
Enpresa-proiektu guztiak sortu ondoren egindako inbertsioa, orotara, 3.938.209 eurokoa izan zen (aurreko urtean baino 70.959 euro gehiago)
Horrekin batera, hiriko Ibaiondo auzoan sortu dira enpresa berri gehien, 60 hain zuzen, eta Abandok oso gertutik jarraitzen dio 56rekin. Jarraian, Begoña (28), Deustu (27), Uribarri (22), Errekalde (16), Basurtu-Zorrotza (12) eta Otxarkoaga-Txurdinaga (7) datoz.
Hala, Zabalgune eraikinean dagoen ekintzailetza zentroak 1.968 pertsonari eman zien iaz lehen arretako informazioa. "Zabalgune eraikinean udalak doako laguntza indibidualizatua eskaintzen die Bilbon ekin nahi duten pertsonei. Garrantzitsua da ekintzaileak ondo aholkatuta, prestatuta eta informatuta egotea, enpresa txikiak sortu arren merkatura baldintza onenetan ateratzea, eta horien artean networking guneak sortzea, funtsezkoa baita komunitate ekintzailea sustatzea", adierazi zuen Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismoko Zinegotziak hilaren hasieran eginiko topaketan.