Bilboko saltokien etorkizuna bermatzeko protokolo bat

Zazpi erakunde elkartu dira hiriko merkataritzaren jarraipena erraztuko duen estrategiak eta programak lantzeko. Datozen bost urteetan hiriko saltokien 1.000 jabe inguru erretiratzeko adinera iritsiko dira

Argazkia: Bilbao Ekintza
Argazkia: Bilbao Ekintza
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko irailaren 25a - 11:28
Eg. 2026ko irailaren 25a - 13:14

Garaiotan zaila izaten da tokiko dendetan erreleboa aurkitzea. Saltoki askok itxi egin behar izaten dute ez dutelako beren negozioaren jarraipena bermatuko duen ordezkorik aurkitzen. Hiri handietan nabarmena da joera hori, Bilbon kasu. Bada, errealitate hori irauli asmoz, enpresen transmisioa bultzatzeko protokoloa abiarazi du hiriko udalak.

 

Joan den asteartean egin zuten protokoloaren aurkezpena Bilboko Zabalgune eraikinean, eta azaldu dutenez, zazpi erakunde bilduko dira Bilboko merkataritza mantendu eta indartzeko helburuarekin, baita koordinatuta lan egin eta merkataritza negozioen transmisioa sustatzeko ere.

Bilboko Udalaren datuen arabera, datozen bost urteetan hiriko saltokien 1.000 jabe inguru erretiratzeko adinera iritsiko dira. Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotziaren hitzetan, aurreikuspen horiek hiriko merkataritza-sarean izan dezaketen eragina dela eta, aurrea hartu behar diote erronkari eta ixteko bidean diren negozioei benetako alternatiba bat eskaini behar diete transmisioaren bidez.

 

Merkataritza-sektorea, geroz eta zaharragoa

Tokiko negozioen jarraipena bermatzeko batu diren zazpi erakundeak hauek dira: Bilboko Udala, Bilbao Ekintza sozietatearen bidez, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Dema sozietatearen bidez, Bilboko Merkataritza Ganbera, Cecobi, Bilbao Dendak eta Bizkaidendak.

Protokoloak “aukera emango digu batera, koordinatuta eta indar handiagoz lan egiteko, Bilbotik Bilborako egina egotearen eragingarriarekin; enpresen transmisio komertzialaren gaiari heldu behar genion, prozesu konplexuak direlako eta ikusi dugulako elkarlanean egitea aukerarik seguruena eta arrakasta izateko aukerarik handiena daukana izango dela", adierazi du Claverrek.

Besteak beste, akordioaren helburua izango da transmisio-programak optimizatzea, saltokiak erakartzea eta enpresen transmisioari buruzko informazioa eskaintzea, ekintzaileak erakartzea eta eskualdaketa posibleen kudeaketa bultzatzea.

Bilboko Udalaren datuen arabera, datozen bost urteetan hiriko saltokien 1.000 jabe inguru erretiratzeko adinera iritsiko dira

Protokoloa dagoneko martxan da, eta zazpi erakundeak harremanetan jarri dira datozen bost urteetan erretiroa hartuko duten Bilboko saltoki guztiekin, enpresen transmisio prozesuei eta trantsizio horretan dauden laguntza-baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa emateko.

Era berean, merkataritza-ekintzailetzarekiko interes handiena izan dezaketen kolektiboak eta profilak identifikatu eta definitu dituzte, eta enpresen transmisioak ekintzailetzarako aukera gisa dauzkan abantailei buruzko zabalkunde eta informazio ekintzak burutu dituzte.

"Gure merkataritza-sektorea gero eta zaharragoa da, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak estrategiak eta programak sustatzen ditu, ekiteko asmoa duten pertsona guztiei laguntzeko. Norbaitek saltoki berri bat ireki nahi badu, edo funtzionatzen ari den beste bat eskualdaketan bereganatu edo erosi nahi badu, ez dio utzi behar hori egiteari, laguntzarik ez daukalako. Eta lan-irteera baten bila dabilenak kontuan izan dezala merkataritza bide posible eta sendo gisa. Horixe da nahi duguna", azaldu du Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Turismo eta Kontsumoko sailburuordeak.

Erakunde guztiek helburu bera

Bizkaiko Foru Aldundiaren Dema sozietateak NegoziOn enpresa-transmisioko programan daukan lau urteko ibilbidea eta esperientzia baliatuko dituela nabarmendu du Gloria Mugica sozietateko zuzendari kudeatzaileak. Programa honek erakusten du "enpresen transmisioa gure saltokiek eta zerbitzu enpresek metatutako kohesioa, jarduera ekonomikoa, enplegua eta ezagutza babesteko tresnarik eraginkorrenetako bat dela", kontatu du.

Gauzak horrela, atzo aurkeztutako protokoloaren gakoetako bat lehendik dauden transmisio-programak koordinatzea, bultzatzea eta optimizatzea izango da. Berriz Enpresa, Bilboko Merkataritza Ganberak kudeatutako Eusko Jaurlaritzaren proiektua eta arestian aipatutako NegoziOn. Bilbao Ekintza udal-erakundea, berriz, informazioa indartzeko eta programa horietara bideratzeko leihatila izango da.

Jakes Agirrezabal: "Norbaitek saltoki berri bat ireki nahi badu, edo funtzionatzen ari den beste bat eskualdaketan bereganatu edo erosi nahi badu, ez dio utzi behar hori egiteari, laguntzarik ez daukalako"

"Erakunde guztiak lerrokatuta gaude helburu berarekin: enpresen transmisioa bultzatzea enplegua sortzeko, eraginkorrak direla frogatu duten proiektuei eustea eta gure auzo, hiri eta lurralde osoko merkataritza- eta gizarte-ehuna indartzea, negozioen jarraitutasuna gaur egun bermatzeko eta etorkizunean jarduera sortzen jarrai dezaten ahalbidetzeko”, nabarmendu du Mikel Arieta-Araunabeña Bilboko Merkataritzako Ganberako idazkari nagusiak.

BilbaoEkintza 22092026 unaimateo 00107
Mikel Arieta-Araunabeña, Jakes Agirrezabal, Kontxi Claver eta Gloria Mugica, atzo, Bilbon | Argazkia: Bilbao Ekintza

Dirulaguntzak ere bai

Egitasmoak bi aldeei lagundu nahi die: jabeari eta ekintzaile edo negozioa hartuko duenari. Lehenengoari, negozioaren aurkezpen-gutuna, balorazioan laguntzea, zabalkundea eta sustapena eta erosle potentzialak aktiboki bilatzea eskainiko dio. Ekintzaileari, aldiz, egokitasuna aztertzea, elkarrizketa, salgai dagoen negozioa aztertzeko laguntza eta negozio-plana egiteko laguntza.

Biei ala biei eskainiko zaie, halaber, aholkularitza eta kontratuaren zirriborroak prestatzea, negozioaren salerosketa, lokalaren alokairua eta prozesu osoko laguntza gehigarria.

Jakinarazi dutenez, zenbait laguntza ekonomiko ere eskainiko dira errelebo prozesu horiek errazteko, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak MerkaEkin 2026 deialdiaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak 2026ko Ekintzailetzako Ekimenen Sustapena programaren bidez. Bilbao Ekintzak ere aurrekoen osagarri diren laguntza sorta bat dauka aurreikusita.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain