Biok Zerbitzuak: Ordiziatik finantzen ahalduntzerako digitalizazioa bultzatzen

Lan- eta finantza-aholkularitzan aritzen den enpresak produktu propioa garatu du enpresei euren emaitzak hobeto ulertzen laguntzeko

Ibon Calvillo zuzendaria (erdian), Leire Mateos (ezk) eta Marian Fidalgo (esk) lankideekin batera, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria jasotzen | Argazkia: Goieki Ibon Calvillo zuzendaria (erdian), Leire Mateos (ezk) eta Marian Fidalgo (esk) lankideekin batera, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria jasotzen | Argazkia: Goieki

50 urte baino gehiago dira Ibon Calvillo Campanoren gurasoek Biok Zerbitzuak SL finantza- eta lan-aholkularitzako enpresa martxan jarri zutenetik. "Eta pixkanaka hazten joan gara. Egun 16 pertsona gara 14 emakume eta bi gizon", kontatu du zuzendariak. Garaiak, baina, asko aldatu dira. Aholkularitza tradizionaleko zerbitzuak pisua galtzen doazela ohartu dira: "ikusten dugu jendeak ez duela baloratu behar zerbitzu hori ordaintzea".

Tamaina horrekin, enpresa egitura baten ezinbesteko beharraz jabetuta, baita berrikuntza hil ala biziko zerbait izan daitekeela ikusita, duela bost urte ekin zioten euren zerbitzuak digitalizatzeari. "Fakturak eskaneatzen hasi ginen, eta bezeroari doako erreminta batzuk errazten digitalizazio horretan nolabait laguntzeko. Egun lortu dugu kontabilitate prozesua guztiz automatizatuta edukitzea". Bestela esanda, datuak eskuz sartu ordez, fakturak eskaneatu egiten dituzte zuzenean, 100.000 inguru urtean.

Datuak modu dinamiko baten aztertzeko garrantziaz ere ohartu ziren. Balio erantsia eman nahian, produktu propioa garatzeko erabakia hartu zuten [...]. Emaitza? Enpresei euren kontabilitatea irakurtzea errazten dien tresna

Pauso horrekin batera, datuak modu dinamiko baten aztertzeko garrantziaz ere ohartu ziren. Balio erantsia eman nahian, produktu propioa garatzeko erabakia hartu zuten Digitalentu enpresaren eskutik eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza batzuekin. Emaitza? Enpresei euren kontabilitatea irakurtzea errazten dien tresna. "Ez zara finantzario bat izan behar hori ulertzeko. Grafikoen bitartez ikusten duzu zenbatekoa den eboluzioa, marjina, errentagarritasun-atalasea, zenbat fakturatu behar duzun dirurik ez galtzeko, nondik doazen gastuak... Helburua da norberak ezagutza eta jabetasuna edukitzea bere negozioa ezagutzeko".

Tradizioz bidaltzen duten emaitzen txosten asko irakurri gabe geratzen direla gogoratu du Calvillok, euren ia 400 bezeroetako asko enpresa txiki eta ertainak baitira, askotan finantza ezagutzarik gabeko profilekin. "Lortu nahi genuen enpresariak animatzea bere datuak ikustera, orain arte azaltzen genienetan, ezer ulertu ez duenaren aurpegiarekin begiratzen baitziguten. Jarraipena egiteko grina sortu nahi dugu".

Ibon Calvillo: "Lortu nahi genuen enpresariak animatzea bere datuak ikustera, orain arte azaltzen genienetan, ezer ulertu ez duenaren aurpegiarekin begiratzen baitziguten. Jarraipena egiteko grina sortu nahi dugu"

Era berean, erabakiak hartzerako garaian datuok izan dezaketen rolean ere jarri du fokua zuzendariak. "Askotan pentsatzen dugu buruan ditugun gastu batzuk garrantzitsuak direla, baina gero agian ikusten duzu portzentajeetara eramanda ez duela hainbesteko pisua". Soluzio horrengatik Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onenaren saria jaso berri dute Goieki Goierriko Garapen Agentziaren eta eskualdeko beste hainbat eragile ekonomikoren eskutik.

Lan egiteko modua aldatu

Digitalizazio prozesuak eta produktu propioaren garapenak aldatu egin du Biok Zerbitzuakek lan egiteko zuen modua. "Hasieran nahiko zaila izan zen. Denbora gutxiago eskatzen zuen kontabilitatea eskuz sartzeak digitalizatzeak baino. Momentu batean bi sistemak batera izan genituen, eta ordu gehiago ere eskatzen zituen", gogoratu du Calvillok. Horren beharra ulertzea zaila egiten zitzaion zenbaiti. Formazioa eta pedagogiaz baliatu dira bultzada emateko, bezeroentzat bideo batzuk egin eta tresna doan jartzea ere eskainita.

Lan hori "pixkanaka" eginda, eta bezeroak ere "mentalizatuta" eurentzako ona dela, onura "barneratzen" joan dira. "Egun sentitzen dugu kontrakoa; digitalizazioa ez badaukagu, gaizki dagoela. Esango nuke hemendik urte batzuetara bezero batek bere faktura guztiak paperean ekartzen badizkigu, ez dugula onartuko geure enpresan, oztopoa baita".

Digitalizazio prozesuak eta produktu propioaren garapenak aldatu egin du Biok Zerbitzuakek lan egiteko zuen modua

Edozein kasutan, gakoa zerbitzu tradizionalak eta digitalak uztartzean dagoela uste du Calvillok. "Adineko jendea badago eta zerbitzua beti emango dugu. Ez dugu utzi behar. Baina etortzen diren gazteen eta bezeroen beharrak oso bestelakoak izango dira. Beraz, elkarbizitza eta koordinazioa izan behar da zerbitzu eta bezero tradizionalen, eta zerbitzu eta bezero berrien artean".

Inbertsio beharra eta sektorearen etorkizuna

"Momentu honetan nire ustez etorkizunean izango diren behar horietara egokitzen ari gara, aurreratzen", plazaratu du zuzendariak euren zutabeez galdetuta. Garatutako tresna eta sistema beste aholkularitza batzuek ikusi nahi izan dute. "Eta horrek pista bat ematen dit: gu aurretik goazela, eta egindakoak balio erantsia ematen digula lehiakideekiko, lehia, gure aldean, ezer gutxi ari baita mugitzen", gehitu du.

Ibon Calvillo: "Elkarbizitza eta koordinazioa izan behar da zerbitzu eta bezero tradizionalen, eta zerbitzu eta bezero berrien artean"

Hurrengo erronka prozesuen automatizazioa dute, eta horretarako lanean hasi berri dira Power Automatekin. "Balio handiena da norberak ikastea prozesu guztiak egiten", plazaratu du. Izan ere, hornitzaileak "garestitzat" jo ditu, eta euren menpe zaudela azpimarratu ere.

Hala ere, digitalizazio horrek behar duen inbertsioa nabarmendu du: "Garbi izan behar duzu ez dela gastu bat, inbertsioa baizik, baina kostu handia baduela. Eta horretarako garrantzitsua da enpresaren tamaina". Alegia, bi langileko enpresa batek zailago izango du aipatutakoa txertatzea, bai denboragatik, bai diruagatik. Esfortzua "ondo neurtu" behar dela dio Biokekoak "azkarrago edo motelago" joateko. "Edozein pauso ematen duzula, pauso handia da", bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK