
Tokiko negozio txikien jarraipena bermatzeko Legado izeneko programa abiatu zuen orain hilabete Laboral Kutxaren Gaztenpresa fundazioak. Auzo eta udalerrietako denda eta negozioei bizi berri bat ematea du xede, erretiratzear diren jabeen bizi osoko jarduerari lekukoa bilatzea, eta negozioari segida emango dieten ekintzaileei laguntzea. Dagoeneko, 150 eskaera jaso dituzte. “Kanpaina orain hilabete martxan jarri genuela kontuan hartuta, pozgarria da, harrera bikaina izan du”, azaldu zuen Ibon Urgoiti fundazioko presidenteak Bilbon egindako prentsaurrekoan.
Lehen fasean da Legado programa pilotua, zeinak irailera arte iraungo duen. Orduan, programa “egituratu eta finkatu” nahi dute. “Tokiko negozioei jarraipena eman nahi dien pertsona egokiak aurkitu nahi ditugu. Egitura bat sortu, bideragarriak diren negozioei erreleboa eskaintzeko”, argitu zuen Urgoitik. “Erretiratzear diren jabeek euren bizitzako negozioak jarraipena izango duenaren lasaitasuna eskaini nahi dugu, eta era berean, ekintzaileei negozioaren jarraipenean lagundu”, gehitu du Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak.
Negozio horien jarraipena, gainera, ez dute hala moduz egin nahi, gizarte-ekonomia esparruko negozioak bultzatu nahi dituzte, eta horren emaitza da Transforma programa, Legadoren osagarria dena. “Negozio horiek eredu kooperatiboa jarraitzea nahiko genuke”, Urgoitiren hitzetan. Horretarako, formakuntza esparruko erakundeekin (Tknika) eta ekonomia sozialekoekin (ASLE edota Elkar-Lan) elkarlanean arituko da Gaztenpresa.
Ia 350 enpresa iaz
Urgoitik eta Ramosek Gaztenpresaren 2024ko balantzea aurkeztu zuten atzo. 2024an, fundazioak 348 enpresa eratzen lagundu zuen, eta enpresa horiek 696 lanpostu sortu zituzten. 270 kreditu eman zituzten, guztira 14,5 milioi euroko finantzazioa bilduta. Hots, enpresa berri bat abiatzeko Gaztenpresaren batezbesteko inbertsioa 104.070 eurokoa izan zen.
Sektoreka, sortutako enpresen %80 zerbitzuetakoak izan dira, %17 merkataritzakoak, %2 industriakoak eta %1 lehen sektorekoak. Lurraldeka, enpresa gehienak (166) Bizkaitarrak dira. Gipuzkoan 75 enpresa bultzatu dira, Nafarroan 36 eta Araban 35. Gainerako 36ak nazioarteko konpainiak dira.
1994an sortu zuen Laboral Kutxak Gaztenpresa, “desindustrializazioaren osteko enplegu-galerari aurre egiteko”, besteak beste, Ramosen hitzetan. “Garai zail” horietatik, 30 urte baino gehiagotan, fundazioak 7.246 enpresa abiatzen lagundu du, eta 13.371 lanpostu sortu ditu orotara. Hiru hamarkada hauetan, Gaztenpresak 216 milioi euroko finantzazioa eskaini die enpresa eratu berriei, 3.542 mailegutan banatuta. 1.529 enpresa artatu dira fundazioaren finkapen programan eta 320 mentoring harreman bultzatu dituzte.
30 urte baino gehiagotan, Gaztenpresak 7.246 enpresa martxan jartzen lagundu du, eta 13.371 lanpostu sortu ditu orotara
Urgoitik nabarmendu du Gaztenpresak babestuko start-upen biziraupen-tasa %77tik gorakoa dela jaiotzetik bost urte igarotakoan. Tasa orokorra, ordea, ez da %50era ailegatzen. “Pertsonak ezinbesteko elementuak dira proiektuak bide onetik joan daitezen eta denborarekin finka daitezen; horregatik, Gaztenpresan ahalegin handiak egiten ditugu, pertsonei euren bidean laguntzeko, negozioa abian jarri ondoren ere”.
Biziraupen tasa altua izateko beste gakoetako bat "ezetz garaiz esatea da", Ramosen arabera. Izan ere, Gaztenpresak babestutako proiektuak ahalik eta arrakasta gehien izatea dute helburu, eta, ondorioz, "ekintzaileei kalte egingo liekeen porrotak saihestearen" garrantzia azpimarratu zuen fundazioko zuzendariak.
Egitasmoak lagundutako ekintzaileen batez besteko adina 39 urtekoa da, eta azken urtean gehiengoak gizonezkoak izan dira (%56). Halaber, programan parte hartzen duten %57 euren lan egoera hobetzeko asmoz sartu dira; soilik %29 dira langabeak. Ikasketa mailari dagokionez, gehiengoa (%77) unibertsitatez kanpoko hezkuntza dutenak dira, Lanbide Heziketakok batik bat, “erdi mailako edo maila baxuko formakuntza dutenak”, Ramosen esanetan.
Lanbiderekin elkarlana
Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusia ere izan zen atzoko prentsaurrekoan, eta Gaztenpresak tokiko enpleguari egindako ekarpena nabarmendu zuen. 2002tik Laboral Kutxaren fundazioarekin elkarlanean dihardu Lanbidek. "Ekitearen alde egiten dugu Lanbiden betidanik, enpresa sortzearen alde", adierazi zuen Pedrazak.
Autoenplegua eta enpresak sortzeko, 2024an, 295 pertsonek jaso zuten Lanbideren dirulaguntza. Halaber, enpresa-proiektua sendotzeko 810 ekintzailek jaso zituzten laguntzak, horietatik gehienak (421) emakumeak. Azkenik, enpresa-proiektua ezartzeko, 232 izan dira onuradunak. Pedrazaren arabera, iaz guztira Lanbidek 832 enpresaren sorkuntzan lagundu zuen, 1.050 lanpostu sortu zituelarik.
Francisco Pedraza (Lanbide): "Migratzaileek gainerako herritarrek baino gaitasun handiagoa dute ekiteko"
Bere hitzaldian Lanbideko zuzendari nagusiak etorkinen ekintzaile izaera nabarmendu nahi izan zuen: "migratzaileek biztanleriaren %15 ordezkatzen dute, eta horietako askorentzat ekintzailetza euren lehen aukera da. Gainerako herritarrek baino gaitasun handiagoa dute ekiteko". Gaztenpresaren kasuan, iaz babestutako proiektuen %14 etorkinek gidatutakoak izan ziren.