CAFek 630 milioi euroko kontratu bat lortu du Napolin

Italiako hiriko metroaren hamargarren linearen proiektu osoa gauzatuko du beste zenbait enpresekin batera. Trena automatikoki gidatu ahal izango da

Argazkia: Iovo Petrov / CAF
Argazkia: Iovo Petrov / CAF
2025eko abenduaren 30a - 12:50

CAF buru duen enpresa talde batek Napoliko (Italia) metroaren hamargarren linearen proiektua onduko du, 630 milioi euroren truke. RTI izeneko partzuergoak, zeinak Beasaingo enpresak, AET, Francesco Ventura Costruzioni Ferroviarie, Mer Mec STE eta  Leonardo konpainiek osatzen duten, metroaren diseinua eta sistema automatikoa garatuko dute.

 

Italiako Campania eskualdeko E.A.V. garraio operadore konpainiak esleitu die enkargua, eta hasierako faseak 259 milioi euroren balioa izango du. CAFek adierazi du kontratu hau mugarri bat dela bere historioan, izan ere, metroko linearen proiektu osoa garatuko du (azpiestazio elektrikoak, telekomunikazioak, kontrol zentroa…), trenbideen seinalizazioa egiteaz ere arduratuko dira, eta trena automatikoki gidatu ahal izango da.

Tren automatiko horietan joango diren metro unitateak Inneo plataforman oinarrituta egongo dira, eta edukiera handiko hiruna kotxe izango dituzte. Halaber, CAFek azaldu duenez, Optio izeneko sistemak automatikoki bideratuko du metro sarearen funtzionamendua (GoA4), eta fidagarriago bihurtuko du. GoA4 seinaleztapena trenen automatizazio mailarik handiena litzateke.

 

Belgikan orain gutxi lortu zuen kontratu handi bat Goierriko enpresak, eta orain Italian erdietsi du beste zenbait enpresekin batera. Andres Arizkorreta buru duen enpresak mendearen hasiera lotu zuen bere lehen kontratua Italian, Erroman, hain zuzen. Orain Napolira ere ailegatuko da.