CAFek tren berriak egiteko Belgikako 1.700 milioi euroko kontratu publikoa eskuratu duela baieztatu dute. Herrialdeko trenbide-kudeatzaileak, SNCBk, gainera, lehen enkargu bat formalizatu du: 54.000 bidaiarirentzako edukiera duten 180 bagoi entregatuko ditu CAFek, eta 2030erako zerbitzua martxan jartzea aurreikusten da.
Erabaki horrekin, amaiera eman zaie Belgikan ziurgabetasun eta eztabaida handiko hilabeteei; izan ere, esleipenak kritikak eragin zituen sindikatuen eta ordezkari politikoen aldetik, haien iritziz kontratua Alstom frantziarrari zegokiolako, herrialdean hainbat lantegi baititu konpainiak. SNCBk Gipuzkoako enpresa aukeratu zuen otsailean, baina Belgikako Estatu Kontseiluak bertan behera utzi zuen ebazpen hori, eta prozesuaren justifikazio zehatzagoa eskatu zuen.
Egoera horri gehitu behar zaizkio CAFek Jerusalemgo trenbide-proiektu batean parte hartu izanak eragindako presioak. Horren ondorioz, SNCBk giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuari buruzko argibideak eskatu zituen. Konpainiak Zisjordanian zuen jarduera azaldu zuen orduan, eta giza eskubideen printzipio horiek betetzen zituela defendatu zuen, nahiz eta ondoren NBEren "zerrenda beltzean" sartu zuten.
Azkenik, SNCBk esleipena berretsi du, eta CAFekin esparru-kontratu bat sinatu du, datozen hamabi urteetan eskaera gehigarriak egin ahal izateko. Akordio horren arabera, fabrikazioa 170.000 plazara arte handitzeko aukera dago, eta horrek proiektuaren bolumen ekonomikoa 3.400 milioi eurora igo lezake.