2026ko aurreikuspen ekonomikoak egin ditu gaur goizean Cebekek. Bizkaiko patronalak uste du hazkunde txikia izango duela lurraldeko ekonomiak, eta egungo egoera “zuhurtziaz eta errealismoz” aztertu beharra dagoela, non enpresen irabazi marjinak mantentzea “erronka nagusi” bilakatu den.
Aktulitatean pil-pilean diren hainbat gai aztertu ditu patronalak. Guillermo Buces presidentea eta Francisco Javier Azpiazu idazkari orokorra izan dira aurkezpenean, eta besteak beste, negoziazio kolektiboa izan dute hizpide. Beren hitzetan, “inposiziorik gabe” burutu behar dira negoziazioak, eta absentismoa murrizteko neurriak hartu behar dira, izan ere, Cebeken aburuz, “arazo soziala” da hura.
Absentismoaren arazoari aurre egiteko, enpresei "erremintak" eskaintzen ari direla jakinarazi du Bucesek. “Gai izan behar gara egoera hauek kudeatzeko, gure enpresen lehiakortasunari ahalik eta kalte gutxien egin diezaion”, esan du.
Aurten 15 hitzarmen kudeatu behar dituztela ere jakinarazi du patronaleko presidenteak. Hitzarmen horiek 140.000 langileri eragingo die, eta horren aurrean nabarmendu du “negoziazio kolektiboa modernizatzeko” aukera dagoela. Hori horrela, absentismoa murrizteko hitzarmenetan langileei pizgarriak eskaintzeko aukera plazaratu du.
Errentagarritasunarekin kezkatuta
Cebekek, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bezala, uste du Bizkaiko BPGa %2 haziko dela 2026an, batez ere zerbitzuen sektorearen indarra dela eta. Industria sektoreak arazoak dituela aitortu du, eta patronaleko ordezkariek adierazi dute enpresak “oso baldintzatuta” daudela kanpo tentsioengatik.
Lurraldeko enpresen %61 baino gehiagok 2026 urte ona izatea espero du; baikorrak dira, baina baita zuhurrak ere. Soilik %5,1ek uste du beren negozioak behera egingo duela.
Bizkaiko konpainien %47k fakturazioa handitzea espero du, %39k 2025ekoa mantentzea eta %13k murriztu egingo duela uste du. Hori bai, Bucesek esan du errentagarritasuna begiratuta, enpresen aurreikuspenak ez direla hain onak, eta soilik %31k espero duela bere errentagarritasun marjina handitzea.
Tubos Reunidos: “albiste txarra”
Tubos Reunidosek martxan jarri berri duen enplegu erregulazio espedientea ere mintzagai izan dute gaurko prentsaurrekoan. Cebekeko presidenteak azaldu du “albiste txarra” dela euskal konpainiak bizi duen egoera, baina uste du grebara deitzea ez dela konponbiderik egokiena.
Hilabete honetarako bi greba egun deitu dituzte Tubos Reunidoseko Amurrio eta Trapagarango lantegietan, izan ere, 130 bat langile kaleratze arriskuan dira.
Cebekek azaldu du Tubos Reunidosen jardueran AEBetako merkatuak eragin handia duela, eta Trumpen muga-zergek kalte egin diotela. Tubos Reunidosek soldadurarik gabeko hodiak ekoizten ditu, petrolioa, energia eta gasa garraiatzeko, eta patronalaren arabera, Europan “oso inbertsio gutxi” egiten da sektore horretan. AEB izanik merkatu nagusiena, %50eko muga-zergak ezarrita, “arazo handia” du enpresak, Cebeken ustez.