• ENPRESAK GAUR
  • Berdintasun enpresarialaren aldeko aliantza sortu du CENek

Berdintasun enpresarialaren aldeko aliantza sortu du CENek

Jada 34 enpresa batu dira Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearekin elkarlanean sortutako sarera

Argazkia: CEN
Argazkia: CEN
2025eko urriaren 14a - 13:27

CEN Nafarroako Enpresen Konfederazioak, NEEZE Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearekin lankidetzan eta Nafarroako Gobernuak babestuta, Berdintasunaren aldeko Enpresa Aliantza sortu du. Nafarroako 2025-2028 Enplegu Planaren baitan hartutako neurria da eta harrezkero 34 enpresa batu dira aliantzara.

 

Sarearen parte diren konpainiek “berdintasunarekiko konpromisoaren” alde egin dute, baita “enpresen esparruan emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren alde” ere. Javier Iradiel CENeko Talentu eta Enplegu arduradunak adierazi du berdintasuna “inbertsio errentagarria” dela, bai enpresentzat, bai gizartearentzat, eta gaineratu du parekidetasuna “gai estrategiko zein soziala dela” eta “lehiakortasunaren aldeko faktore gisa integratu behar dela”.

Cristina Sotro NEEZEko presidenteak bat egin du Iradielekin, eta esan du generoen arteko berdintasuna sustatzen duten enpresek egiaztatu ahal izan dutela lehiakortasunean aurrerapausoa eman dutela.

 

Hala, erakundeek jakinarazi dute aliantza berriarekin lanerako espazio bateratua sortu nahi dutela, Nafarroako enpresen artean praktika onak partekatzeko eta elkarlanean sentsibilizazio eta formazio programak diseinatzeko. “Berdintasuna palanka gisa posizionatzea da gure helburua, bai eraginkortasunari dagokionez, bai lehiakortasunari dagokionez; enpresen kudeaketan kultura aldaketa sustatu nahi dugu”, gaineratu dute.

Aliantzako kide izan nahi duten enpresak kontaktuan jarri beharko dira CEN edo NEEZErekin, eta, gutxienez, urtean bi aldiz elkartuko dira.