• ENPRESAK GAUR
  • César Gutiérrezek Mubileko zuzendaritza nagusia hartu du

César Gutiérrezek Mubileko zuzendaritza nagusia hartu du

Igor Villarreal ordezkatuko du Gutiérrezek

Argazkia: GFA
Argazkia: GFA
2026eko otsailaren 20a - 11:53

Mubil mugikortasun jasangarri eta adimenduneko Europako zentroak zuzendaritza aldaketa iragarri du. César Gutiérrez izendatu dute zuzendari nagusi, azken bi urteetan karguan izan den Igor Villarrealen ordez. Orain arte, Gutiérrez zentroko arlo teknikoaren buru izan da bost urtez, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektuan.

 

Gutiérrezek esperientzia zabala du sektorean, aurrez Cideteceko baterien entsegu-laborategiaren arduradun izan baitzen. Bere esanetan, kargua “ilusioz eta erantzukizunez” hartzen du, eta prest dago Mubilen hazkunde-fase berriari ekiteko: “Proiektua barrutik ezagutzen dut, eta gogotsu egiten diot aurre MUBILen hazkunde-fase berri honen lidergoari”.

2021ean martxan jarri zenetik, zentroak EAE eta Gipuzkoa etorkizuneko mugikortasunaren arloan Europako erreferente bihurtzen lagundu nahi izan du. Unai Andueza Mubileko presidenteak eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eskertu egin du Villarrealek egindako lana, eta nabarmendu du bere ekarpena erabakigarria izan dela proiektua sendotzeko.

 

Zuzendaritza aldaketa une garrantzitsuan iritsi da, martxoaren 25ean hasiko baita Mubil Mobility Expo azoka Ficoban. Bi urtean behin egiten den hitzordu horrek ehun bat enpresa bilduko ditu, eta mugikortasun jasangarriaren alorreko berrikuntza eta aurrerapen teknologikoen erakusleiho izango da.