Cianco, altzairu herdoilgaitzekin sukalde lanetan

Ostalaritza, eraikuntza, elikadura eta dekorazio sektoreetako altzairu herdoilgaitzarekin egindako produktuak saltzen ditu enpresa donostiarrak

Argazkia: Cianco Argazkia: Cianco

Cianco altzairua askotariko aleazioetan eraldatzeaz arduratzen da, eta hainbat sektoreetarako altzairu herdoilgaitzaz eta Krionez sortutako produktuak fabrikatzen ditu. 1959an sortua, enpresaren lehen produktua hormigoi eta altzairu herdoilgaitzez egindako arraska izan zen. “Egun, arraska ekoizten jarraitzen dugu”, dio Miguel Garcia de Andoin enpresako zuzendariak. “Oso erresistentea eta sendoa denez, asko erabiltzen da oraindik bai baserri, tailer edota fabrika askotan”, gehitu du.

Enpresa, beraz, arrasken ekoizpenarekin jarri zen martxan. Urteen poderioz, altzairu herdoilgaitzarekin lotutako makinaria zein pertsonalaren ezagutza handituz joan zen, eta beste sektore batzuetara hedatzen hasi ziren. “Merkatuak altzarien mundura eraman gintuen”, dio zuzendariak. Cianco ostalaritzako jatetxe, taberna zein sukaldeetarako edo ospitaleetako altzariak egiten espezializatu zen. Gerora, eraikuntza arloan ere sartu dira, hala nola barandak edota markesinak egiten. Garcia de Andoinen arabera, ostalaritza eta eraikuntza sektoreak dira Ciancorentzat, egun, merkatu garrantzitsuenak.

Ostalaritzako jatetxe, taberna zein sukaldeetarako edo ospitaleetako altzariak egiten espezializatu zen. Gerora, eraikuntza arloan ere sartu dira

“Finean, erremintak eta makinaria izanez gero, pertsonal kualifikatua da behar duzuna, eta azkenean, ausarta izanda, merkatuak eraman gaitu gauden lekura”. Taldeak izan duen bilakaera horren lekuko da gaurkotasunean gauzatu dituen zenbait proiektu, baita, enpresako buruak dioen bezala, duela bost urte ekoizten hasi ziren neurriz egindako frigorifiko eta armairu beroak ere.

Xehetasun eta akaberak bereizgarri

“Artisau lana da Ciancoren indargune nagusia”, adierazi du zuzendariak, eta altzari bakoitzaren xehetasunak eta akaberak dira euren produktuak bereizgarri egiten dituenak. “Leunketa zein lixatze lana, lodiera eta altzariaren trinkotasuna dira gure produktuen ezaugarri nagusiak”. Bere hitzetan, hasierako arraskaren erresistentzia eta sendotasuna geratu dira, gaur, euren produktuen identifikatzaile gisa.

Duela pare bat aste Val Thorenseko eski estazioan aritu dira bertako hotel bateko sukaldea eraikitzen. Aurreko astean berriz, Frantziako Cannes hirian, bost izarreko Carlton hotelaren eraldaketa proiektuan izan dira lanean. “Agian, Carlton hotelarena bezain exotikoa ez, baina beste zenbait proiektutan ere aritzen gara”, azpimarratu du. Era berean, aipatzekoa da, ondutako beste proiektu askoren artean, Donostiako Garbera merkatal gunean muntatutako baranda eta eskudelak, edota San Mames futbol zelaiko 32 tabernen ekipamendua, prentsa aretoko mostradorea eta VIP aretoaren muntaketa osoa.

Miguel Garcia de Andoin: “Leunketa zein lixatze lana, lodiera eta altzariaren trinkotasuna dira gure produktuen ezaugarri nagusiak”

Donostian kokaturiko enpresarentzat merkatu garrantzitsuenak ostalaritza, eraikuntza, elikadura eta dekorazio sektoreak izan arren, etxebizitzetan ere egiten dute lan. “Etxebizitzetako terrazak edota sukaldeak ere muntatzen ditugu. Bezeroak euren ideia azaldu ondoren, euren gustuetara egokitutako plano bat egiten dugu, azkenik, altzairuak fabrikatu eta etxebizitzan instalatzeko”, nabarmendu du.

Kanpora baino, etxera begira

Nahiz eta unean-unean beste herrialde batzuetara joan, Espainian eta Frantzian saltzen ditu altzariak nagusiki. “Frantzia gero eta pisu gehiago hartzen ari da, baina esango nuke, oraindik, erdia Espainian saltzen dugula, eta beste erdia Frantzian. Gure bulego teknikoak bertako arkitekto eta enpresa eraikitzaileekin elkarlanean aritzen dira”. Normalean, hiru pertsonako ekipoa joaten da muntaketa egin behar den lekura. Frantzian bada, astebeteko lana izan ohi da Garcia de Andoinen arabera.

Miguel Garcia de Andoin: “Frantzia gero eta pisu gehiago hartzen ari da, baina esango nuke, oraindik, erdia Espainian saltzen dugula eta beste erdia Frantzian”

Dena den, Euskal Herrian eta Gipuzkoan, bereziki, indartu nahi du Ciancok bere jarduera. “Atzerrian kategoria handiko hainbeste proiektu egiteak asko harritzen nau, eta Gipuzkoan sartzea, ordea, hainbeste kostatzea”, dio zuzendariak. Orain dela gutxi arte, banatzaileekin lan egiten zuten, baina orain eurak joaten dira zuzenean bezeroarengana bitartekori gabe. Hein horretan, euren burua ezagutzera ematen ari direla aitortu du. “Zerbitzu komertziala zein saldu osteko zerbitzua emateko pertsonala kontratatu dugu. Gipuzkoan ostalaritzak duen potentziala ikusita, muntaia osoak guk egingo ditugu”.

Azken urteetan ostalaritzak asko sufritu arren, etorkizun oparoagoa duela iritzi dio Garcia de Andoinek. Hala, ostalaritza arloan murgilduta egonik, enpresa donostiarra izaki eta bertan dauden hotel kopuruaz jabetuta, “merkatu ugari” izango dela uste dute. “Kontuan hartu, hotel batek, batez beste, zortzi urtero berritze edo eraldaketa prozesu bat izaten duela”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK