• ENPRESAK GAUR
  • CL Groupek Papresako lantaldearen %70 mantentzeko asmoa du

CL Groupek Papresako lantaldearen %70 mantentzeko asmoa du

Paper fabrikaren bi negozio lerro bereganatzeko eskaintza egin du Espainiako taldeak: prentsarako paperaren ekoizpena eta paketatzea

Papresaren fabrika, Errenterian | Argazkia: Europa Press
Papresaren fabrika, Errenterian | Argazkia: Europa Press
2026ko apirilaren 24a - 13:22
Eg. 2026ko apirilaren 24a - 13:34

Atzotik borondatezko hartzekodunen konkurtsoan da Errenteriako Papresa, eta Espainiako CL Group talde industrialak paper fabrika erosteko eskaintza egin du. Zehazki, Papresaren bi negozio lerro bereganatzeko eskaintza egin du Extremadurako taldeak: prentsarako paperaren ekoizpena eta paketatzea.

 

Horrekin batera, CL Groupek eginiko eskaintzan zehazten da egungo lantaldearen %70 mantentzeko asmoa duela. Taldeak ohar bidez azaldu du hartzekodunen konkurtsoak irekitako prozesu judiziala aurrera doan bitartean, konpromisoa hartzen duela paper fabrikaren jarduera mantentzeko.

CL Groupek dio zenbait lehengaiez hornitzen ari dela Papresa, ekoizpenari eusteko asmoz, eta “babes finantzarioa” eskaintzen ari dela zenbait hornitzaileri, “hornidura katea hautsi ez dadin eta lan karga mantentzeko”. Neurri horien helburua da "datozen hilabeteetan bezeroei paper-hornidura bermatzea, merkatuarekiko hausturak saihestuz eta konpainiaren industria-balioa babestuz, konkurtso-prozesua ebatzi bitartean", diote oharrean.

 

Victor Leal CL Group talde industrialeko zuzendari korporatiboak adierazi duenez, euren proposamena “industria-bokazio argiarekin eta jarraitutasuna bermatzeko asmoarekin” sortu da. “Bi ekoizpen-lerroak operatibo mantentzea eta enpleguaren zati oso esanguratsu bat zaintzea ahalbidetzen duen irtenbide bat planteatu dugu", nabarmendu du.

CL Group taldea 26 enpresek osatzen dute, hainbat sektoretakoak: altzairua, packaging, berriztagarrien eraikuntza, kimika eta energia, besteak beste. 3.000 laguneko lantaldea du, eta 2024an 1.800 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Papresak, aldiz, likidazio fasean ekin dio konkurtso prozesuari, eta orain 15 eguneko epea zabalduta da, paper fabrika bereganatu nahi duen edonork eskaintza aurkeztu ahal izateko.