• ENPRESAK GAUR
  • CL Grupo Industrialek Papresa eskuratzeko baimena eman du epaitegiak

CL Grupo Industrialek Papresa eskuratzeko baimena eman du epaitegiak

10 milioi euroko erosketa izango da, eta Errenteriako paper-fabrikako 167 langileen postuak mantenduko dira

Argazkia: Papresa
Argazkia: Papresa
2026ko ekainaren 16a - 15:28
Eg. 2026ko ekainaren 16a - 17:00

Donostiako Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegiak baimena eman du Papresaren ekoizpen unitatea CL Grupo Industriali saltzeko, eta Errenteriako paper-fabrikan 167 lanpostuen jarraipena bermatzea ere onartu du. Astelehenean, atzo, sinatu zuten ebazpena, eta enpresaren jarduera talde erosleak aukeratutako sozietate bati esleitu diote.

 

Eragiketa 10,02 milioi eurokoa izan da azkenean. Enpresa eskuz aldatu izanagatik, jarduerari eusteko beharrezkoak diren elementuak manteduko dira, hala nola, Papresaren markak, hainbat kontratu, lizentzia eta baimen administratibo, baita hainbat ekoizpen lerro ere. Hala ere, salmentatik kanpo geratzen dira finantza-aktiboak, banku-saldoak, kobrantza-eskubideak eta zenbait erreklamazio ekonomiko.

Enpleguei dagokionez, espero zen moduan, auto judizialak baieztatu du jardunean dauden 166 langileren eta lanpostua gordeta duen beste langile baten subrogazioa, hots, orotara orain arteko kontratuen %80.  Horrez gain, ebazpenak aukera ematen du etorkizunean enpresaren, konkurtso-administrazioaren eta langileen ordezkaritzaren artean akordioak lortzeko, lanaren antolaketa egokitzeko, baina eragiketan sartutako kontratu-kopurua aldatu gabe.