• ENPRESAK GAUR
  • CNMVk onartu egin du BBVAk Sabadell erosteko egindako eskaintza

CNMVk onartu egin du BBVAk Sabadell erosteko egindako eskaintza

BBVAk aurkeztutako azalpen liburuxka “nahikotzat” jo du Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak. Astelehenean hasiko da erosketa operazioa

Eskaintza onartzeko epea 30 egun naturalekoa izango da | Argazkia: Europa Pres
Eskaintza onartzeko epea 30 egun naturalekoa izango da | Argazkia: Europa Pres
2025eko irailaren 5a - 12:46

BBVAk Sabadell bankuaren aurka duen EEP Erosketa Eskaintza Publiko oldarkorrak behin betiko oniritzia jaso du, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen (CNMV) kontseiluak argi berdea eman baitio gaur eskaintzari. Ikuskatzaileak berretsi du operazioa bat datorrela baldintza teknikoekin, eta “nahikotzat” jo du 2025eko irailaren 3an izandako azken aldaketen ondoren erakundeak aurkeztutako azalpen liburuxka. Honela, EEPa datorren astelehean hasiko da, irailaren 8an, eta Sabadellen akziodunek urriaren 7ra arte izango dute BBVAren eskaintze onartzeko aukera.

 

Onartzeko epea 30 egun naturalekoa izango da, eragiketaren lehen iragarki ofiziala argitaratu eta hurrengo burtsa-egun baliodunetik hasita; era berean, eskaintza burtsa-egun baliodun batean amaitu beharko dela zehaztu du CNMVk, eta gogorarazi du BBVA behartuta dagoela gehienez ere bost eguneko epean zabalpen publikoa ematera, Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako balore-burtsetako kotizazio-buletinean iragarkiak jarrita, baita hedapen nazionaleko egunkari batean ere.

"Orain da unea", aldarrikatu du Carlos Torres BBVAko presidenteak, erakundeak berak igorritako bideo batean. "Egun unerik gozoenean dauden eta osagarriak diren bi bankuen elkarketak logika ukaezina du, eta onuragarria da bi enpresetako akziodun, bezero eta langileentzat, baita gizarte osoarentzat ere. Banc Sabadelleko akziodunei dei egiten diegu BBVAren proiektuarekin bat egin dezaten, bazkide onena baikara, hazkundearen eta errentagarritasunaren Europako liderra", adierazi du.

 

Era berean, erakundeko presidenteak ziurtatu du Sabadelleko bazkideak akziodun bihurtuz gero, dibidenduak %25 handituko zaizkiela. Urriaren 14an ezagutuko da Kataluniako bankuko kideen erabakia. Kapitalaren erdiak baino gehiago baiezkoa ematen badu, eragiketa gauzatu egingo da.

BBVAak, Sabadellen kapital sozialaren %100 eskuratzeko, jaulkipen berriko akzio bat gehi 0,70 euro eskudirutan eskaintzen ditu Kataluniako bankuaren 5,5483 akzioko. Eskaintza borondatezkoa denez, ez dago derrigorrezko EEPak arautzen dituzten bidezko prezioaren arauen menpe. Baldintza gisa, operazioak Banc Sabadellen boto eskubideen %50 baino gehiagoren onarpena lortzea eskatzen du, bankuak berak jabetzan mantentzen dituen akzioak kontuan izan gabe.

Ordainketa bermatzeko, erakundeak 701,4 milioi euroko bi gordailu aurkeztu ditu eskudiruko zatirako, eta beste 2.300 milioi euroko gordailu bat. CNMWk gogorarazi du, gainera, operaziorako beharrezkoak diren BBVAren akzio berrien jaulkipena onartu zela 2024ko uztailaren 5ean egindako akziodunen ezohiko batzarrean.

CNMVren onespenak eragiketa behin betiko onartzea ekarriko duela dirudi, beste erregulatzaile batzuen oniritzia jaso baitu BBVAk azken hilabeteetan, hala nola Europako Banku Zentralarena (EBZ), AEBetako merkatuen gainbegiratzailearena (SEC), CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarena eta Espainiako Gobernuarena.

Azkenik, BBVAk jakinarazi du Sabadellen administrazio kontseiluan aldaketak egingo dituela, erosketa dela eta, Kataluniako bankuan duen partaidetza islatuta gera dadin.