EAEn doitasun handiko robot industrialen belaunaldi berria garatzeko Roboost proiektua aurkeztu zuten atzo Elgoibarren, Danobat kooperatibaren egoitzan. Euskadi 2030 Industria Planaren barruan kokatzen den ekimenak jauzi teknologiko garrantzitsua ekarri nahi du fabrikazio aurreratuan, makina-erremintaren zehaztasuna eta roboten malgutasuna uztartuz. Helburua da euskal industria “posizio sendoago” batean kokatzea nazioarteko merkatuan.
Proiektuaren baitan, datozen hiru urteetan 50 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da, eta horietatik 35 milioi baino gehiago ikerketa eta garapen teknologikora bideratuko dira. Proiektuak 500 lanpostu sortzea aurreikusten du, 200 zuzeneko eta 300 zeharkako, eta, aldi berean, “egungo enplegua profil teknologiko aurreratuagoetara” egokitzea bilatuko du, balio erantsi handiagoa sortzeko.
Ekimenak lankidetza sare zabala izango du: 18 ETEk parte hartuko dute, AFM klusterraren gidaritzapean eta Hegan elkartearen laguntzarekin. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZBES) hamar zentro teknologiko eta eragilek ere parte hartuko dute, Ideko buru dela, ikerketa aplikatua eta industria ezagutza uztartuz.
Aurkezpenean, Mikel Jauregi Industria sailburuak azpimarratu zuenez, EAEk “makina-erremintan lider izaten jarrai dezan, inork baino azkarrago egin behar dugu korrika”. Testuinguru ekonomiko zailari erreferentzia eginez, gaineratu du euskal industriak “ezin duela ekaitza igaro arte itxaron”, eta orain dela unea mailaz igotzeko eta proiektu eraldatzaileei heltzeko.
Euskadi 2030 Industria Planaren baitan aurkezten den bigarren proiektu eraldatzailea da honakoa. Izan ere, pasa den astelehenean aurkeztu zuen ITP Aerok bere proiektua: 110 milioi euro inbertituko ditu belaunaldi berriko aireko motorrak garatzeko.