• ENPRESAK GAUR
  • Danobatek eta Soralucek "azken soluzio aurreratuak" aurkeztuko dituzte BIEMH azokan

Danobatek eta Soralucek "azken soluzio aurreratuak" aurkeztuko dituzte BIEMH azokan

Danobatgroupek WORKinn enplegu azokan ere parte hartuko du

Argazkia: Danobatgroup
Argazkia: Danobatgroup
2026eko otsailaren 5a - 15:43

Espero moduan, Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoan (BIEMH) izango da Danobatgroup industria taldea. Zehazki, Danobat eta Soraluce markak bertaratuko dira, eta bakoitzak bere "azken soluzio aurreratuak" erakutsiko ditu, martxoaren 2tik 6ra bitartean, Bilbao Echibition Centren (BEC). "Eskakizun handiko sektore estrategikoen fabrikazioko benetako erronkei" erantzuna ematea dute xede.

 

Danobaten kasuan, CGX artezteko makina zilindriko berriak izango du garrantzia, zeinak 1800 mm-rainoko luzera, 540 mm-ko diametroa eta 500 kg arteko piezak artezteko gai den. Teknologia berria integratzen duenez, prozesuak automatikoki neurtzen ditu, "langilearen esku-hartzea murrizten" lagunduz.

Horrez gain, Danobatek bestelako soluzio berritzaileak ere aurkeztuko ditu: gogorrean torneatzeko teknologiak eta CNC soluzio robotikoak, beti ere, helburu bera duten teknologiak izanda: "zehaztasuna eta malgutasuna".

 

Bestalde, Soralucek FL80 fresatzeko eta mandrinatzeko makinaren gaitasunak erakutsiko ditu. Makina horrek pieza handiak mekanizatzen ditu, "ebaketa-egonkortasun handia eta abidura, potentzia eta doitasun handiarekin"; gainera, teknologia aurreratuak integratzen ditu. Jakinarazi dutenez, Soluzio Automatizatu Adimendunak ere erakutsiko ditu konpainiak, eraginkortasuna sustatzeko eta "denbora ez-produktiboak murrizteko" baliagarriak. Sektore aeroespazialari eskainitako gunea ere izango du.

Azkenik, Danobatgroupek talentuaren aldeko "apustu irmoa" egin nahi duela gogorarazi du, eta, horregatik, WORKinn enplegu azokan ere izango direla azpimarratu du taldeak.