BBK Enplegu Inklusiboa aurkeztu du gaur BBK Fundazioak, enplegu inklusiboari laguntzeko programa berria. Urtebetez desgaitasuna duten 100 pertsonek ohiko lan-merkatuan sartzeko aukera izatea erraztea du helburu. Ekimenak enplegu arrunta lortzen duten emakumeen ehunekoa handitzea ere izango du helburu, gutxienez % 40ra iristeraino. Era berean, desgaitasuna duten pertsonak inoiz kontratatu ez dituzten 20 enpresa berrik urratsa eman eta kontratatzea bilatuko du.
Programa adimen-urritasuna, gaixotasun mentala edo garun-paralisia, gorreria edo entzumen-urritasuna, edo espektro autistaren nahasmendua duten pertsonak kontratatzera zuzenduta dago, eta hiru ardatzetan egituratzen da: enpresentzako aholkularitza, zuzeneko laguntza ekonomikoak eta gizarte-errekonozimendu eta sentsibilizazioa.
BBKk doako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu indibiduala jarriko du abian, programari atxikitako enpresek profesional-talde espezializatu baten laguntza izan dezaten kontratatua lanean hasi aurreko prozesu osoan eta lanpostuan jardun bitartean.
Gainera, desgaitasuna duten pertsonak inoiz kontratatu ez dituzten enpresek norbait hartuko balute, kontratazioaren lehen urtean 6.000 euroko zuzeneko laguntza ekonomikoa jasoko dute dagozkien zerga-abantailez eta hobariez gain.
Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, eta Ixone Zubietak, erakundeko Pertsonen Arloko arduradunak, aurkeztu dituzte programaren ezaugarri nagusiak.
Sarasolak azaldu duenez, “programa honen bidez, eta gure lurraldearen lehiakortasun jasangarriari begira, ezin duelarik inor alde batera utzi, ate berriak ireki gura ditugu desgaituek aukera gehiago izan ditzaten lan-merkatu arruntean sartzeko eta beren bizi-proiektu independentea garatzeko, gizartearen, enpresen eta familien artean normalizatuz pertsona horien lan-integrazio osoa”.
Kanpainak "gupida sozialetik ihes egin nahi duela" azpimarratu du Zubietak, eta, horregatik, "benetako pertsonen benetako istorioak kontatzen ditu, enpresa-sinesmen faltsuak eraisten laguntzen dutenak, Bizkaia oparoago eta berdinzaleago baten eraikuntzan parte hartuz".