• ENPRESAK GAUR
  • Diknuak 1,5 milioi euroren truke erosi du Ternua eta 56 enplegatuak mantenduko ditu

Diknuak 1,5 milioi euroren truke erosi du Ternua eta 56 enplegatuak mantenduko ditu

Donostiako Merkataritza arloko Epaitegiak baimendu egin du Dikarren filialaren eragiketa

Argazkia: KREAN
Argazkia: KREAN
2025eko urriaren 10a - 12:41

Atzo iragarri bazen Dikarrek Ternua marka erosi zuela, gaur jakinarazi dute 1,5 milioi euroren truke egingo duela eragiketa Mondragon Korporaziokoa eta Dikar taldearen filiala den Diknua kooperatibak. Donostiako Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegiak onartu du eragiketa, eta, horri esker, enpresak EAEn dituen 56 enplegatuak mantendu ahal izango dira, lan-baldintzak eta langile guztien antzinatasuna errespetatuz. Hein horretan, Dikarrek argitu du Ternuako lantaldearekin hizketan ari direla baldintzak zehazteko.

 

Urriaren 7ko data duen auto judizialak dio 1,5 milioi euro (gehi dagozkion zergak) ordaintzeko baldintza dela langileekin zorrik ez izatea ekoizpen-unitatea eskualdatzen den unean. Diknua izan zen Ternuarengatik eskaintza aurkeztu zuen enpresa bakarra, oraina arte Import Arrasate taldearena zena.

Ebazpenaren arabera, lege- eta ekonomia-baldintza guztiak betetzen ditu kooperatibaren proposamenak, eta hori onartzeak 1,32 milioi euroko aurrezpena ekarriko dio konkurtsoari. Horrez gain, Diknuaren matrizea den Dikar “sektorean ibilbide egiaztatua duen kooperatiba dela eta operazioa bere gain hartzeko beharrezko finantzaketa duela" azpimarratu du epaitegiak.

 

Konkurtso-agintarien ustez, erosketa “juridikoki baliozkoa da, ekonomikoki arrazoizkoa eta konkurtso-interesari egokitua”, jardueraren jarraitutasuna, enpleguaren kontserbazioa eta kredituei aurre egiteko likidezia sortzea bermatzen baitu. Erabakiaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, bost eguneko epean.