EGA Master, mundu mailako ikuspegia euskal izaera oinarri izanik

Enpresa arabarrak euskararen erabilera indartzeko hautua egin du, beste enpresa batzuen aurrean lehiakortasuna lortzeko asmoz. Euskal industriaren osasuna aztertu beharreko aferatzat jo du Aner Garmendia zuzendari nagusiak

EGA Master enpresarene egoitza | Argazkia: EGA Master EGA Master enpresarene egoitza | Argazkia: EGA Master

Euskal industria ikuspegia munduan ezagutzera emateko grinarekin jaio eta hedatu da EGA Master Gasteizko enpresa familiarra. Industrian efizientzia eta segurtasun mailak hobetzeko helburuarekin, industria merkatuari egokitutako metodologia lantzen dute, industria fabrikaziorako tresnak ekoiztuz eta nazioarteko izaera oinarri. Mundu mailako nortasuna jomugan izanda ere, euskararen indarguneak hedatzeko hizkuntza politika garatu dute, eta Indeus Industriaren Euskal Plataformarekin lan egiten dute.

EGA Masterrek ekoizpenaren %85 inguru 150 herrialde baino gehiagotara esportatzen du, hainbat sektore landuta; industria aeroespaziala, defentsa zein automobilgintza kasu. Aner Garmendia enpresaren zuzendari orokorra da, eta denetariko industrietan lan egiteko ahalmena izateko gako sinple bat aurkeztu du: “Bezeroak erdigunean jartzen ditugu”. Garmendiak argi du nazioarteko lehiakortasuna bortitza dela, eta berezitasun jakinen bat garatu behar dela negozioan, “ehunaka” lehiakide baitaude. Horretarako “balio proposamen” ugari behar direla dio, berrikuntzaren bitartez lortzen direnak. Berrikuntza merkatuari so egonda lortzen da bere aburuz, merkatuarekin duten harreman “estuarekin” sortzen baitira ideia berriak: “Hori da gure inspirazio iturria”.

B2B enpresa gisa definitzen da EGA Master. Erreminta industrialak ekoizten dituzte batik bat, meatzaritzan zein petrolio edo gas sektoreetan erabiltzen direnak. Garmendiak argi du enpresak aurrera eramaten duen lan metodologia: “Industriak bisitatzen ditugu ikusteko zer arazo dituzten”. Erreminten erabiltzaileen profila aztertzen dute, zer nolako erronkak dituzten ikusteko. Aztertutako erronkak, ostera, “inspirazio” moduan erabili, eta “soluzio” berriak prestatzen hasten dira EGA Masterren, ekoizpenaren optimizazioa jomugan.

B2B enpresa gisa definitzen da EGA Master. Erreminta industrialak ekoizten dituzte batik bat, meatzaritzan zein petrolio edo gas sektoreetan erabiltzen direnak

Bezeroen erronkak barneratzean hainbat zailtasun sortzen dira enpresan zein sektorean. Lehiakortasuna horietako bat da: “Ehunaka industria produktu ekoizle daude munduan, eta zerbait ezberdina eskaini behar da”. Hori horrela, Garmendiak erantzun “zabalagoak” eskaintzeko bideari ekin diotela argitu du, bezeroen beharrizanak hobeto asetu nahian. Industria erreminta zein horniduren efizientzia bermatzeaz gain, aholkularitza edota formakuntza zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, berezitasuna bilatzeko bidean. “Zerbait zabalagoa eskaintzen dugu horrekin, bezeroen arazo konplexuei irtenbidea emateko”.

Erakusgela
Erakusgela | Argazkia: EGA Master

Euskal industriaren aukerak

EAEko industria osasuna aztertzean, Garmendiak “ñabardura” batzuk kontuan hartu behar direla argitu du. Energia berriztagarriak zentroan izango duen trantsizio energetikoa izan du ahotan, argi adieraziz bestelako negozio aukerak ekarriko dituela: “Uste dut Euskal Herria ondo prestatuta dagoela aukera horiek hartzeko”. Erronkari aurre egiteko bidean baina, bi “ardura” nagusi bereizi ditu EGA Masterreko zuzendari orokorrak: ardura demografikoa eta EAEko enpresen izaera historikoa.

Garmendiak argi du Europa osoko arazoa dela erronka demografikoa; jende gazteak ez du behar beste indar jubilatzen direnak ordezkatzeko. Trantsizio demografiko honetan lanpostuak ordezkatzea konplexua izango dela dio, eta etorkinen beharra nabarmendu du lan merkatuari eusteko. “Ondo prestatu behar ditugu gure ekonomiara moldatzeko”. Bestetik, euskal enpresen izaera izan du eztabaidan. Enpresa familiarren mantentzea zailagoa bilakatu dela uste du, inbertitzaileen esku geratzeko arriskuak handituz. “Erreleborik ez denez egon, kanpoko funts edo multinazionalei saldu dira enpresa familiar ugari”. Honako erabakiek hainbat arrisku sor ditzakete: “Erabakiak hartzeko zentroa Euskal Herritik irten egiten da eta, urrutiago egonda, zailtasunak izango dugu inbertsioa hona erakartzeko”.

Aner Garmendia: “Erabakiak hartzeko zentroa Euskal Herritik irten egiten da eta, urrutiago egonda, zailtasunak izango dugu inbertsioa hona erakartzeko”

Enpresen euskal identitatea mantentzeko pausoak eman behar direla uste du, erabakiak euskal lurraldeetan mantentzeko eta behar den inbertsioa kanpora ez joateko. “Mundu mailan lehiatzera goazenean euskal enpresa bezala egiteko, eta ez multinazional gisa”. Hori bai, enpresa bakoitzak landu beharreko auzia dela uste du, sektore bakoitzean moldaketak era batera edo bestera egin beharko direlako.

Laser markaketa
Laser markaketa | Argazkia: EGA Master

Euskara, lehiakorra

Indeus Industriaren Euskal Plataformarekin lan egiten du EGA Masterrek, euskararen eragina industrian aztertzeko. Garmendiak uste du euskararen erabilera langileari eskatu behar zaion baldintza bezala ulertzen dela askotan, baina Gasteizko enpresan ez dute bat egiten hizkuntza politika ulermen horrekin. “Enpresak langileei lanpostu barruan euskaraz mintzatzeko aukera eman behar dio”. Horrela, Garmendiaren arabera, lanpostua erakargarriagoa izango da langilearentzat berau egiten ez duten beste enpresa batzuen aurrean. Zuzendariak argi du: “Egunerokotasunean euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duen enpresa lehiakorragoa izango da”. Soldata “emozionala” izan du hizpide auzi honetan.

Aner Garmendia: “Salmenta guztien %1 soilik saltzen dugu Euskal Herrian, beraz merkatuari zerbitzua emateko ez dugu behar euskal hiztunik, baina garrantzitsua da guretzat euskara, langileentzat balio erantsia baita”

Testuinguru apropos bat osatzen bada euskara erabiltzeko, soldata emozionalak garrantzi handiagoa izango duela dio Garmendiak, langilearen ongizatea hobetuz. “Zerbait gehigarria da, bai enpresarentzat zein langilearentzat ere”. Argi du langileek asko baloratzen duten politika dela, nahiz eta EGA Masterrek euskararen erabilera arlo profesionalean bereziki behar ez izan. Salmenten %85 atzerrian egiten dute, eta %14 Espainiako estatuan. “Salmenta guztien %1 soilik saltzen dugu Euskal Herrian, beraz merkatuari zerbitzua emateko ez dugu behar euskal hiztunik, baina garrantzitsua da guretzat euskara, langileentzat balio erantsia baita”. Balio erantsi horrek produktibitatean eragina duela dio Garmendiak, nazioarteko lehiakortasunean lagundu dezakeena: “Zalantzarik gabe, produktibitatea handitzen du euskarak”. Langilea gusturago dagoen lekuan lana efizienteagoa dela orokortu du, eta bide honetan hizkuntza politikak eraginkorragoak izan daitekeela iritzi dio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK