• ENPRESAK GAUR
  • EAEko eguzki parke handienak proiektua eraikitzeko baimenak lortu ditu

EAEko eguzki parke handienak proiektua eraikitzeko baimenak lortu ditu

2027rako martxan izatea aurreikusten den Ekienea parkeak 90 milioi euroko inbertsioa izango du

Armiñonen kokatuko da Ekienea | Argazkia: Iberdrola
Armiñonen kokatuko da Ekienea | Argazkia: Iberdrola
2026eko urtarrilaren 21a - 16:36

EAEko instalazio fotovoltaiko handiena izango denak, Ekienea eguzki parkeak, dagozkion baimen administratiboak lortu ditu, eta aurreikuspenen arabera, 2027an jarriko da martxan. Hala, egungo Ekian parkea baino askoz handiagoa izango da instalazio berria: 125 megawatteko (MW) potentzia izango du (Ekianek 24MWeko potentzia du).

 

Proiektua Armiñon udalerrian kokatuko da, Araban, eta 90 milioi euroko inbertsioa izango du. Iberdrola Renovables enpresak bultzatuko du, inbertsioaren %75 bere gain hartuko baitu; gainerakoa, bestelako erakundeen bitartez finantzatuko da: Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak %18, Mondragon Korporazioko KREAN ingeniaritzak %5 eta Arabako Foru Aldundiak %2.

Gauzak horrela, proiektu fotovoltaikoak “autokontsumoko erabilera industrialari lotutako energia garbi eta autoktonoa sortzea” sustatuko du, eta urtean 155 GWh ekoitziko ditu, hau da, 45.000 etxeen kontsumoa asetzeko adina energia. Jasangarritasunari dagokionez, Iberdrolak jakinarazi du urtean 15.500 tona CO2 inguru murriztuko direla, “deskarbonizazio-helburuak eta industria-lehiakortasuna” lortzea ahalbidetuta. Era berean, EAEko klima-neutraltasuna du helburu 2050 urtera bitartean, Industria Plana-Euskadi 2030 planaren baitan Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen barruan sartzen baita proiektua.

 

Eguzki energia parke berriak enplegua ere sortuko du: 300 lanpostu sortuko direla kalkulatzen da, bai eraikuntzan, bai kudeaketa- eta mantentze-lanetan. Instalazioaren inguruan lurrak eta biodibertsitatea zaintzeko proiektuak egingo dira, besteak beste, Lacorzanako urmaelaren eta Dulizeko ibaiaren artean.