Elkargik 455 milioi eurotik gorako eragiketak finantzatu ditu iaz, 2021ean baino %20 gehiago

Finantzaketaren erdia baino gehiago izan dira inbertsioak, iaz baino 12 puntu gehiago

Josu Sanchez eta Zenon Vazquez Elkargiko presidentea eta zuzendari nagusia | Argazkia: Elkargi Josu Sanchez eta Zenon Vazquez Elkargiko presidentea eta zuzendari nagusia | Argazkia: Elkargi

Elkargik 455 milioi euro baino gehiagoko eragiketak finantzatu ditu 2022an, aurreko ekitaldian baino %23 gehiago, ia 3.700 eragiketekin. Erakundeak jakitera eman duenez, krisi denborak kontuan hartu gabe, inoiz lortu duen zifrarik handiena da, eta lau urte segidan dira hazkundea lortu dutela. Zenon Vazquez zuzendari nagusiak nabarmendu du finantzazioaren % 53 inbertsioak izan direla, 2021eko ekitaldian baino 12 puntu gehiago. Datua 2023ra begira zuhurtziaz hartzekoa bada ere, datu "positibotzat" jo du. Gainerako finantziazioa zirkulatzaile beharrei erantzuteko erabili da, ia 100 milioi eurorekin, eta urtean izan duen pisu erlatiboa nabarmen murriztu da, aurreko bi ekitaldietan likidezia-injekzio handia eman ondoren.

Emaitza, adierazi dutenez, erakunde berritu baten isla da, lehiakortasunaren hobekuntzan lanean dabilenarena, eta jarraipena behar duena. Hain zuzen, datuen aurkezpena Zorrotzaurre parean egin zuten atzo, Bilbon, eta bi eraldaketa prozesuen arteko paralelismoa azpimarratu zuten. Presidentearen hitzetan, “ahalegin berezia eskatzen die Elkargiko profesional guztiei, etorkizunean bazkideei finantza-produktu eta zerbitzu berritzaile eta osagarriak eskaini ahal izateko, enpresari balio handiagoa emateko eta neurrira egindako konponbideak dituzten enpresa guztietara iristeko”. Era berean, Sanchezek gograrazi du 2023ra begira ezjakintasun handiena "enrpesen marjinetan" izango dela, batez ere inflazioa ez bada leuntzen, edo lehengaien krisia lausotzen.

Enpresa handi eta start-upak

Eraldaketa horretan, hazkunde prozesuan dauden enpresa ertain eta handien finantzaketan lankidetzan aritu da, eta ia 100 milioi euroko finantzazioa ahalbidetu du, enpresa erabakiaren muinean jarrita. Hala azaldu du Eneko Parrón Finantzaketa Alternatiboko arduradunak. Azken urteotan, akordioak erakunde ezberdinekin garatu ditu, hala nola, Europako Inbertsio Bankuarekin, ICO erakundearekin, Cofidesekin (nazioartekotze-proiektuetarako), Sepidesekin edo bere FINdustria produktuarekin. Azken honekin, enpresei babes finantzarioa ematen zaie sale & lease-back bidez.

Elkargik urratsak eman ditu ere profesional autonomo, ekintzaile eta start-upak finantzatzeko bidean. 2022an, 7 milioi euro inguru bideratu ditu enpresa sortu berri eta oinarri teknologiko berriak garatzeko proiektuetara, 140.000 euro inguruko batez besteko tiketekin. Naiara Lopez Ekintzailetza eta start-up arduradunak azaldu duenez, “finantza arloan laguntzen diegu, euren behar finantzarioak identifikatzen eta profesionalizazioan ere". Gipuzkoan %50eko hazkundea izan dutela gogorarazi du, eta Bizkaian hazteko apustuaren parte da BAT dorrean egoitza izatea.

Europako funtsak

Berrikuntzarekiko hurbiltasun hori bat dator industria-ekintzailetza babesteko programarekin (PAEI), Next EU funtsen bidez. Honen bitartez, Elkargik 80 milioi euro inguru finantzatu ditu. Berrikuntza-funtsa ere aipatu dute, finantzaketa alternatiboa eta tasa-finkoa dituena, biak enpresa txiki eta ertainei bideratuta. Horren ondorioz, Elkargik oinarri erabat berritzaileko 100 proiektu lagundu ditu, 30 milioi euro inguruko zenbatekoarekin. Gainera, ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen esparruan (PERTE), Elkargik 45 eragiketa finantzatu ditu, 15 milioi euro inguruko zenbatekoarekin, ibilgailu elektrikoa eta konektatua (VEC) berariaz finantzatzeko.

Era berean, Elkargik kultura bezalako sektoreei ere finantzaketa indartu nahi izan die Ibaia euskal ekoizleen elkartearekin izan duen lankidetzari esker, zinemaren industria eta ikus-entzunezkoa bultzatzeko.

Finantza soluzioak

Bi urtez COVID maileguekin aktibitate handia izan ondoren, aurten maileguak berritzeko aukerari heldu dioten enpresak 527 izan dira, 52 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Hala ere, Elkargiren berankortasun-tasa jaitsi egin da, finantza-sistemaren batez bestekoaren azpitik.

Elkargiren laguntzarekin 2022an euren dibertsifikazioa eta finantza-osasuna nabarmen hobetu dituzten hiru enpresa ere aipatu ditu erakundeak oharrean: Pretenorte Araban; Gobesa Bizkaian; eta Salto Systems Gipuzkoan.

Orain, Elkargik, enpresa ehunean kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren inguruko aldaketa kulturala sustatu nahi du, bere 22.700 enpresa bazkideen prestaketa hobetuago bat bilatu asmoz, euren tamaina dena delarik ere, zalantzazkoa den etorkizunari berme handiagorekin aurre egiteko.

Informazio gehiago
Zenon Vazquez Irizar: "Lortu behar dugu Elkargi izatea enpresen 'hub' finantzario bat"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK