Eluska Sukia Arruabarrena izango da Deeptek Fundazioko zuzendari nagusi berria. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak sustatutako erakundeak teknologia sakonetan oinarritutako enpresak sortzea eta haztea du helburu, ezagutza zientifikoa eta teknologikoa negozio-proiektu bihurtuta.
Sukiak ibilbide profesional luzea egin du industria, teknologia eta inbertsioaren arloetan. Deeptek Fundaziora iritsi aurretik, Kutxa Fundazioko inbertsio zuzendaria izan da 2020az geroztik, eta enpresetan egindako inbertsioen jarraipena eta proiektuen aholkularitza estrategikoa landu ditu. Aurretik, 17 urte baino gehiago egin zituen CAFen, ikerketa eta garapenaren, berrikuntzaren kudeaketaren eta estrategia teknologikoaren arloetan.
Besteak beste, enpresa finkatuetako zein start-upetako administrazio-kontseiluetan parte hartu du, eta nazioarteko esperientzia ere badu teknologia-ekintzailetzan. Gaur egun, Creative Destruction Lab programako mentorea da, teknologia kuantikoetan eta adimen artifizialean diharduten enpresei laguntzen. Telekomunikazioetako ingeniaria da, eta enpresa-zuzendaritzako, finantzetako, estrategiako eta berrikuntzako prestakuntza jaso du Deustuko Unibertsitatean, INSEADen eta Boston Collegen.
Deeptek Fundazioak Gipuzkoako berrikuntza-ekosistema indartu nahi du, ikerketa-eragileak, zentro teknologikoak, enpresak, ekintzaileak eta inbertitzaileak elkarlanean jarriz. BIC Gipuzkoa du jarduera operatiboa garatzeko organo, eta kanpoko adituen laguntza ere baliatzen du proiektuak ikuspegi teknologikotik, merkatutik eta finantzen aldetik aztertzeko. Sukiaren izendapenaren bidez, fundazioak teknologia sakonetan oinarritutako enpresa-proiektu berriak garatzeko eta Gipuzkoa arlo horretako erreferentziazko ekosistema bihurtzeko lana indartu nahi du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta