• ENPRESAK GAUR
  • Enerpaceko langileak greban, Mallabiko lantegiaren itxieraren aurka

Enerpaceko langileak greban, Mallabiko lantegiaren itxieraren aurka

LABek salatu du multinazionalak ez duela frogatu fabrika ixtea beharrezkoa denik

Argazkia: Enerpac
Argazkia: Enerpac
2026ko azaroaren 26a - 13:50

Mallabiko Enerpac enpresako langileek greba egin dute gaur, multinazionalak lantegia ixteko eta 39 langile kaleratzeko duen asmoaren aurka. LAB sindikatuaren arabera, enpresak ez du oraindik justifikatu itxiera beharrezkoa denik, ezta jarduerari eta lanpostuei eusteko beste aukerarik ez dagoenik ere. Gaurkoa izango da langileek egingo dituzten sei greba egunetako lehena: azaroaren 27an eta 30ean eta abenduaren 1ean, 2an eta 4an ere egingo dituzte lanuzteak. Bihar, gainera, elkarretaratzea egingo dute Ermuko plazan, 19:00etan.

 

Sindikatuak salatu duenez, negoziazioetan argi geratu da Enerpacek Mallabiko ekoizpena Herbehereetara eraman nahi duela. LABen ustez, erabakiak ez du zerikusirik enpresaren galerarekin edo bideragarritasun faltarekin, multinazionalak milioika euroko irabaziak baititu. Lau bilera egin dituzte kontsulta-aldian, baina zuzendaritzak ez du erakutsi lantegia ixtea beste aukerarik ez dagoenik. Horren aurrean, sindikatuak beste enpresa batek jarduera bere gain hartzeko aukera proposatu du. Enerpacek lantegia saltzeko prest dagoela adierazi duen arren, ez du itxiera-prozesua eten nahi izan, ezta salmenta aukera bermeekin aztertzeko negoziazio-esparrurik ireki ere.

LABek Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailarekin ere bilerak egin ditu, erakundeen inplikazioa eskatzeko. Sindikatuaren aburuz, itxierak ez lieke 39 langileei soilik eragingo, inguruko enpresa hornitzaileen jarduera eta eskualdeko beste lanpostu batzuk ere arriskuan jarriko bailituzke. Bestalde, Enerpaceko Madrilgo langileek Mallabiko lankideei babesa adierazi diete, eta gaur eta abenduaren 2an lanuzteak egingo dituzte itxieraren aurka.

 

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain