
Confebaskek Genero berdintasuna euskal enpresetan: berrikuspena eta diagnostikoa izeneko txostena aurkeztu du gaur. Ikerketa egiteko EAEko 265 konpainiari egin zaie inkesta, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresa elkarteek ere hartu dute parte.
Batetik, azken urteetako aurrerapenak nabarmendu ditu Confebaskek, eta, bestetik, oraindik ere “bideratu gabe dauden erronkak” azpimarratu ditu. Aurrerapenekin hasita, datuek diote inkestako enpresen ia erdiek (%45) hautagaitza parekidea ziurtatzen dutela, batzuek hautapen prozesu guztietan (%35) eta besteek genero ordezkaritza txikiagoa dagoela antzematen duten kasuetan (%10). Kontziliazioari dagokionez, enpresen %82k adierazi du lanera sartzeko eta lanetik irteteko malgutasuna bermatzen dutela, eta telelanak zein lanaldi jarraituak gero eta ohikoagoak direla. Hamar enpresetatik seik berdintasunaren arloko formazioa ematen dute, are gehiago, ehuneko hori handiagoa da (%80) enpresa handien eta ertainen kasuan.

Halere, egiteko asko dagoela ziurtatu du Confebaskek. Izan ere, lortutako emaitzen arabera gizonek emakumeek baino %9 gehiago irabazten dute batez beste; industrian ehuneko hori %3koa da, baina zerbitzuetan %21,5ekoa. Emakumeen presentzia eskasa da oraindik ere ekoizpenaren eta informatikaren sektoreetan, eta zuzendaritza postuetan ere emakumeen parte hartzea “urria” da, bereziki, industrian. Administrazio kontseiluak ere “gehiengo maskulinoa duten gune” izaten jarraitzen dute, eta enpresa txikietan (batik bat) “berdintasun politiken erritmoa motelagoa da”.
Tamara Yague Confebaskeko presidentearen ustetan, berdintasunaren alorrean aurrera egin den arren “erritmoa ez da behar bestekoa”, eta gogorarazi du enpresa “arrakastatsuagoak” eta “adimentsuagoak” eraikitzeko “emakume eta gizon guztien partaidetza” dela beharrezkoa. Guillermo Buces Cebekeko presidenteak esan du gaiari buruz eztabaidatzea beharrezkoa den arren, enpresen betebeharra dela “berdintasun politikak aplikatzea, eguneroko praktikara jaistea, aztertzea, neurtzea eta horretan jardutea”, eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela enpresei “tresnak eta bide orri bat ematea”.