• ENPRESAK GAUR
  • Enpresen lehiakortasuna hobetzeko "herri-itun" bat eskatu dio Confebaskek Pradalesi

Enpresen lehiakortasuna hobetzeko "herri-itun" bat eskatu dio Confebaskek Pradalesi

Tamara Yagüe lehendakariarekin bildu da gaur goizean. Erronka demografikoari aurre egiteko estrategia bateratua proposatu du patronalak

Pradales eta Yagüe, gaur goizeko bileran | Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
Pradales eta Yagüe, gaur goizeko bileran | Argazkia: Iñaki Berasaluce / Europa Press
2026ko irailaren 15a - 15:33

Atzo LAB eta ELAko arduradunekin elkartu zen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta gaur Confebaskekin izan du bilera. Tamara Yagüe patronaleko presidenteak bi kezka nagusi helarazi dizkio lehendakariari: lehiakortasunari loturiko herri mailako akordioa eta erronka demografikoa.

 

Confebask kezkatuta da EAEko industria lehiakortasuna dela eta. Patronalak adierazi du "oparotasun ekonomikoa" zein "gizarte ongizatea" ez daudela bermatuta, egun Europak eta EAEk dituen erronkak kontuan hartuta.

"Euskadiko enpresek argi dugu beharrezkoa dela 'herri-itun' bat sustatzea, gure ekoizpen-ehunaren biziraupena ahalbidetuko duen eraldaketa lehiakorra bultzatzeko", adierazi du patronalak.

 

Erronka demografikoari dagokionez, Confebaskek gogoratu dio Pradalesi lurraldeko enpresen kezka nagusietako bat bilakatu dela. "Euskadik 240.000 langileko defizita izan dezake hamar urte eskasean, garaiz jarduten ez bada. Eta berandu gabiltza. Enpresen %91k aitortu dute kontratazio arazoak dituztela dagoeneko”, adierazi du Yagúek.

Hori dela eta, Yagüek lehendakariari esan dio beharrezkoa dela erronka demografikoari eta talentuari buruzko estrategia partekatu bat garatzea, lau ardatzetan oinarrituta: gobernantza integrala, enplegurako immigrazio politika espezifikoa, beharrezko talentua sortzeko beste politika bat, eta tokiko talentua errotzeko eta aktibatzea.

Gutxieneko soldata propioa

Bileraren ostean, agerraldia egin du Yagüek eta sindikatuek aldarrikatzen duten gutxieneko soldatari (LGS) buruz galdetu diote. Patronaleko presidenteak adierazi du epai bat dagoela LGSren negoziazioa eragozten duena, eta azpimarratu du ez dutela eskumenik ezta zilegitasunik ere lanbide arteko gutxieneko soldata bat negoziatzeko EAEn.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain