Eragina neurtzeko jokoan

Ez da beti erraza izaten erakunde batek gizartean izan duen eragina modu sinplean ikusaraztea. Segur aski, eraginak hari-mutur ugari dituelako, Kutxa Fundazioaren kasuak erakusten duen bezala

Eragina neurtzeko jokoa prestatu du Kutxa Fundazioak | Argazkia: utzitakoa
Eragina neurtzeko jokoa prestatu du Kutxa Fundazioak | Argazkia: utzitakoa
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko urriaren 14a - 05:30

Nola neurtzen da erakunde batek gure gizartean duen eragina? Segur aski galdera horri erantzuteko lehen pausoa izango da eraginaz ari garenean zeri buruz ari garen definitzea. Azken urteetan geroz eta indar gehiago hartzen ari diren askotariko metodologiek defendatzen dute parte ekonomikoa ez ezik, soziala edota ingurumenekoa ere aintzat hartu behar direla. Edota elementu kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartzea ezinbestekoa dela.

 

Metodologiak aletu genitzake, baina agian errazagoa da kasu bat abiapuntu izanik ekarpen hori nola neur daitekeen erakustea. Har dezagun Kutxa Fundazioaren kasua. Bere misioaren oinarrian dagoen elementua da Gipuzkoako garapen integrala bultzatzea, alegia, lurralde "bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa" sustatzea, Ander Aizpurua zuzendari nagusiak azaldutakoaren arabera. Hori lortzeko bidean, baina, ezinbesteko du aukerak sortzea. Fundaziotik defendatzen dute "tradizioa eta berrikuntza, ezagutza eta ekintza uztartzen dituen eragin-eredu bat" eratzen dutela. Hala al da? Joka dezagun Eragiña jokora, eta ikus dezagun ea benetan desberdintasunik al dagoen lehen zegoenaren eta orain dagoenaren artean. Txarrenean ere, sari bat irabaz genezake. 

Aurrea hartzea, eragiteko gako

Ezkerrean irudi bat agertu zaizu, eta eskubian beste bat. Bietan Google Mapseko kaptura bat ikus daiteke, Donostia irudikatzen duena. Irudia ia-ia berdina da, baina bada desberdintasun bat. Ikus dezakezu? Asmatu baduzu, honako mezua agertu zaizu. "Baldin badago, sinetsi genuelako da. Donostian minbiziaren ospitale monografiko bat izatea Kutxa Fundazioak eraiki eta 90 urtez mantendu izanari esker da. Orain jabari publikokoa da, baina apustu pribatu horren herentzia da azpiegitura". Desberdintasun horretan da, hain zuzen ere, eragina.

 

Dena den, klik batekin ikus daitekeen horretara iristeko atzetik eginiko lanketa handi bat dago, kasu honetan "biharko erronkak detektatzea gaur erantzunak emateko, elkarte-sarea indartuz eta gure lurraldean berrikuntza teknologikoa bultzatuz". Onkologikoaz gain, eragin horren beste adibideetako bat da DeepTek programa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean jarritakoa. Teknologia garapen oso goiztiarretan dauden zibersegurtasun, AA edota konputazio kuatikoko enpresei laguntzeko mailegua da, gaur egun 350.000 eurorainokoa. Abiatu zenetik 17 enpresek jaso dute, tartean Onena Medicines edota Cultzyme bezalako enpresa erreferenteek, zeinak enpleguak sortu ez ezik, osasungintza esparrua hobetzeko ekarpena egin duten. 

Inbertitzeak enplegua sortzen du

Itzuli gaitezen jolasera. Beste bi irudi oso-oso antzeko dituzu bata bestearen alboan. Oinarria: kargaontzi bat Pasaiako portuko bokaletik sartzen. Zein da aldea? Ikusi baduzu, mezu hau irakurtzen ari zara oraintxe: "Tokiko enpresak presentzia globalarekin. Tokiko enpresa-sarean inbertitzen dugu, tokiko enpresek sustraiak eta erabakiguneak Gipuzkoan edukitzen jarraitzea bermatzeko, herritar guztien ongizatean inbertituz, nazioarteko merkatuak konkistatzen dituzten bitartean".

Arestian aipatutako programa horren adibide da, baina beste hainbat ere badira. Izan ere, enpresa sarea sendotzeko oinarri teknologikoko hainbat proiektu lagundu ditu diruz. Enpresa horien artean dira gaur egun punta-puntan diharduten start-upetako batzuk, tartean minbiziaren aurkako tratamendu berritzaileak egiten dituen Oncomatryx, ura arazteko teknologia garatu duen Cimico edo konputazio kuantikoan erreferente den Multiverse Computing, lehen euskal adarbakarra. Hori egiteko arrazoia hauxe da Aizpuruak dioenez: "Enpresei laguntzean pertsonei laguntzen diegu. Horregatik, enpresa-sarea sendotzeko gure prestutasuna sustraitik hasten da". 

Inspira Bizitzak Kutxa Fundazioak bultzatutako egitasmoa da | Argazkia: utzitakoa
Inspira Bizitzak Kutxa Fundazioak bultzatutako egitasmoa da | Argazkia: utzitakoa

Orotara, 2.095 milioi euroko ondarea kudeatzen du egun Kutxak, horietatik 373 milioi euro lurraldeko 26 enpresa estrategikotan inbertituak. Beste modu batera esanda, tokian-tokian 14.500 enplegu sortzen duten enpresez ari gara. 2030 urtera begira, fundazioak helburu estrategiko gisa jarri du 2.600 milioi euro kudeatzea, "Gipuzkoaren aurrerapen sozioekonomikoa bultzatzen jarraitzeko".

Kultura eta euskaran eragiten

Hala ere, dena ez da finantzaketa. KM 0ko talentua bultzatzeko, kultur ekintzaileak adibidez, modu gehiago daude. Kultura gozamenerako tresna gisa ulertzen dugu oso sarri, baina ezin dugu ahaztu hori guri eskaintzeko lanean ari diren pertsona asko daudela. Eta proiektuak abiatzeko, dirua ez ezik, akonpainamendua ere behar izaten da. Katapulta Tour Gipuzkoak eskaintzen duena da. Bertatik igaro dira gaur egun euskal musika eszenan oso ezagunak diren hainbat artista, hala nola, Izaro, Idoia Asurmendi, Antia Muiño eta Sergio Arrospide. 2025ean soilik, 41 emanaldi antolatu ziren horren bitartez, 5.314 ikusle erakarri zituztenak. Amarenak da beste arrakasta kasu bat, moda marka gisa. "Laguntza-programei lotuta hasi zuen beren ibilbide profesionala", kontatu du zuzendari nagusiak.

Eta testuinguru horretan, non geratzen da euskara? "Kutxa Fundazioan ulertzen dugu euskara gure nortasunaren zati garrantzitsu bat dela, gure jatorriekin eta gure kulturarekin lotzen gaituen hizkuntza baita", defendatu du Aizpuruak. Ideia hori abiapuntu gure hizkuntzaren erabilera "bizitzaren esparru guztietan sustatzeko —eguneroko pentsamenduan, harreman pertsonaletan, aisialdian eta arlo profesionalean—" ekarpena egitea ezinbestekotzat jotzen dute. Izan ere, "kohesiorako tresna gisa eta aktibo estrategiko moduan" ulertzen du fundazioak. 

7 KTG Malko Kluba Imanol G.A. 2025 baja
Marko taldearen kontzertua | Argazkia: Kutxa Fundazioa

Beraz, hasierakoari erreparatuta, esan al daiteke Kutxa Fundazioak eragina izan duela Gipuzkoako gizartean? Erantzuna argia da. Erreportajean ikus daitezkeen kasuek erakusten dute esparruari ikuspegi multidimentsional batetik begiratzea ezinbestekoa dela. Eta zenbaitetan bi irudiren arteko aldea ez dela soilik begi bistan antzeman daitekeena.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain