
A, B, C, D eta E. Lehen bistan ulertzen diren etiketak dira Nutri-Score neurgailua. Europa mailan urteak darama ezarrita, baina geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da azkeneko urteetan. “Algortimo sendo batek kalkulatzen ditu mailak, ‘A’ jaki osasuntsu batetik ‘E’ ez hain osasuntsu batera”.
Hala azaldu du Alejandro Martinez Berriochoa Eroskiko Marketin Estrategikoko Osasun, Iraunkortasun eta Kalitate zuzendariak. Bost urte bete berri dira Eroskik pegatinak bere egin zituenetik, osasunari eta iraunkortasunari loturiko konpromisoak berritu ostean. “Gure xedeak eguneratu genituenetik konturatu gara jarduera ona dela konpromiso publiko batzuen arabera antolatzea gure osasun estrategia”, azpimarratu du. Horiek dira elikadura osasuna zein elikadura jasangarritasuna: “Eraikinaren oinarriak dira, ostera hortik gainontzeko konpromiso publikoak jorratzeko”.
Europa mailan jada ezarrita zegoen etiketa horrengatik hainbat produktuen fitxa teknikoa birformulatu egin behar izan zute
Osasuna zein jasangarritasuna jomugan, lorpen aipagarrienak izan dira palma olioaren desagerpena zein Nutri-Score etiketa txertatzea. Marka propioko palma koipe jakiak %100an desagerrarazi dituzte, aldi berean etiketa famatua ezartzeko. “Oso modu bisualean nabari daitezke horiek, nazioarte mailan balio dutenak; A, B edota C moduko siglak edonon ulertzen dira”, azpimarratu du Nutri-Scoreren inguruan. Modu oso soilean “diskriminatzeko” aukera ematen duten etiketak direla dio, elikagai osasuntsuak zeintzuk diren “lehen bistan” identifikatzeko.
Hala ere, Europa mailan jada ezarrita zegoen etiketa horrengatik hainbat produktuen fitxa teknikoa birformulatu egin behar izan zuten, kontsumitzaileenganako “erantzukizuna” dutelako. Kaloria edukiak berrikusi, gantz saturatuak aztertu zein azukrearen gaineko kontrola birpasatu zuen orduan Elorrioko enpresak, elikadura profil “egoki” bat sortzeko helburuarekin.
Bost urte
2019an ezarri zituzten etiketak produktuetan eta, bost urteko azterketa egin ostean, kontsumitzaileen erabakietan eragina izan duela baieztatu du Martinezek. “Hainbat aditu beldur ziren produktu prozesatuen salmentak izugarri handitu ahal zirelako, horiek baitira Nutri-Score etiketa dutenak”, mahaigaineratu du. Hala ere, ez da honakorik gertatu, produktu freskoen salmenta ez dutelako “ordezkatu”.
Albiste ona dela dio, ekoizleek gauzatzen duten produkzioa “birpentsatzeko” aukera eman dietelako. “Algoritmoak azterketa bat gainditzera behartzen gaitu, hori dela produktu guztien osagaiak berriz ere aztertu behar izan ditugu”. Algoritmoak kaloriak, gantz saturatuak, oliba olioa eta beste hainbat osagai aztertzen ditu, produktuaren kalitatea ekoizleei hobetzera behartuz. “Kontsumitzaileentzako saski hobeagoa egiten behartzen gaitu”.
Alejandro Martinez Berriochoa: “Algoritmoak azterketa bat gainditzera behartzen gaitu, hori dela produktu guztien osagaiak berriz ere aztertu behar izan ditugu”
Aldaketok aurrera eraman ahal izateko, logistika politika batzuk aplikatu behar izan dituzte. “Gure hornitzaile eta zentro teknologikoen bidez produktu alternatiboak garatu nahi izan ditugu, merkataritza proposamen interesgarri bati eusteko”. Palma olioa zuten produktuen eguneraketa egitean, honako politikak gauzatu dituzte, gantz “osasungarriago” bat zuten produktuak nabarmentzeko. Kasu batzuetan, osagai “kaltegarri” ugari zuten produktuak kaleratzeko hautua hartu dute enpresan: “Ikusi dugu ez duela zentzurik nutrizio profil desegokia duen produktu bat Eroski markan jarraitzea”.
Fitxa teknikoen amaigabeko eguneraketekin, milaka produktu berrikusteko beharrizana dute enpresan, baina ez guztiak. Eraldatu gabeko produktuek ez dute etiketarik eramaten, ezta Eroski markakoak ez direnak ere: “Gure produktuen erantzukizun osoa dugu batez ere, ezin dugu besteen produktuetan sartu”. Bestelako marka baten produktuen gaineko erantzukizuna beste markak duela dio Martinezek eta, nahiz eta etiketa aplikatu nahi izan, informazio falta dutela argitu du: “Ondo legoke akordio bat egitea ekoizleek Europako herrialde askotan erabiltzen den nutrizio etiketa bera erabil dezagun, Nutri-Scorea, esaterako”. Horrela, kontsumitzaileak produktu guztietarako oso egokia den tresna bat erabiltzeko gaitasuna izango dutela adierazi du. Proposamen gisa aurkeztu nahi izan du, nahiz eta errealitatean konplexua izan ezarpen hura.
Zientzialarien eguneraketa
Etorkizun hurbilean berriz ere Nutri-Score produktuen eguneraketa egin behar dutela nabarmendu du, etiketa ezarrita duten herrialdeen ordezkari zientifikoek algoritmoa berritu nahi baitute. Hori dela eta produktuak berritzeko “denbora” behar dutela dio, baita hurrengo mugimenduak aztertzeko beharra izan ere. “Orain dela gutxi ikusi dugu prestatutako jakietan ezarri nahi dela Nutri-Score”, argitu du. Esaterako, eginda dagoen paella batek edota patata tortilla batek pegatina izango du saltzerako unean. “Sukaldean saltzen ditugun horrelako produktuei buruzko informazio osatuagoa ematen lagunduko du”.
2019tik hona aurrera eramandako osasunari eta iraunkortasunari loturiko konpromiso horien baitan ingurunearekiko errespetuan ere jardun du Eroskik. Enpresaren arabera, %42 murriztu du karbono aztarna azken bost urte hauetan, “ekoeraginkortasunaren” aldeko neurriak txertatuz horretarako. Era berean, ekonomia zirkularra sustatzea, klima aldaketaren aurka borrokatzea zein biodibertsitatea babestea enpresaren “dekalogoan” ageri direla adierazi dute.