Eroskik 46 frankizia ireki zituen 2025ean

Alberto Cañas frankizien zuzendariak adierazi du “oso pozik” daudela sortutako sarearekin

Hego Euskal Herrian 5 frankizia ireki zituen kooperatibak | Argazkia: Eroski
Hego Euskal Herrian 5 frankizia ireki zituen kooperatibak | Argazkia: Eroski
2026ko otsailaren 19a - 17:33ak
Eg. 2026ko otsailaren 20a - 09:08ak

Guztira, 46 frankizia ireki zituen pasa den urtean Eroski taldeak: 15 Katalunian, 10 Andaluzian, 5 Galizian, 4 Valentzian, 3 Madrilen, 2 Aragoin eta frankizia bana Murtzian zein Gaztela eta Leonen. Hego Euskal Herrian 5 denda ireki zituen kooperatibak: 3 EAEn eta 2 Nafarroan. Orotara, inbertsioa 9 milioi eurokoa izan zen, eta 276 enplegu berri sortu ziren. Konpainiak jakinarazi duenez, 600 frankizien langa gainditu du jada; 2026 urtean zehar ere beste 50 irekitzea aurreikusten du, hazkunde prozesuari jarraiki.

 

“Oso pozik gaude gure frankizien sarearekin”, esan du Alberto Cañas Eroskiko frankizien zuzendariak. “Irekiera berriek gure presentzia indartzen dute gako diren lurraldeetan, eta gure helburuei begira aurrerapausoak ematen laguntzen digute”, gaineratu du.

Eroskikoen hitzetan, merkataritza-eredu horrek “tokiko eta eskualdeko produktuen, produktu freskoen kalitatearen, elikadura osasungarria sustatzearen eta familien aurrezkiarekiko konpromiso sendoaren alde” egiten du.