Eroski eta Garaia parke teknologikoak “ingurunean inpaktu soziala duten ekimenak” bultzatuko dituzte elkarlanean. Mondragon taldeko kooperatibak eta teknologia zentroak azaldu dute “askotariko ekintzak” egingo dituztela elkarrekin, jasangarritasunaren eta osasunaren sektorean, besteak beste.
Bi erakundeek azaldu dutenez, ahalegin berezia jarriko dute “talentu femeninoa arlo zientifiko-teknologikoetan sustatzen”. Hala, Nesken eta Emakumeen Nazioarteko Egunean parte hartuko du Eroskik, baita parkeak bultzatzen dituen beste “topaketa sozial, dibulgatzaile eta enpresarial” batzuetan ere, hala nola parke teknologikoan egiten duten Gabon Jaian eta Euskararen Egunean.
Irune Mateo Eroskiren Harreman Instituzionaletako arduradunak eta Idurre Albizu Garaia parke teknologikoaren Negozio eta Komunikazio arloen Garapenerako zuzendariak sinatu dute elkarlan akordioa. "Eroskiren ikuspegian, lankidetza giltzarri da gure ingurunean eragin onuragarria sorrarazteko. Garaia parke teknologikoarekin hitzarmen hau eginda, indartu egingo da berdintasuna, kultura eta kohesio soziala sustatzen duten ekimenekin dugun konpromisoa, balio kooperatibo horiek partekatzen baititugu Mondragon barnean gaudenok", nabarmendu du Mateok.
Albizuk, bestalde, bi aldeen arteko akordioaren garrantzia aipatu du: "Lankidetza funtsezkoa da gure lan ereduan, elkartuta indarrak areagotzen baitzaizkigu eta ikuspegia aberasten perpektiba berri batetik ekinda. Kasu honetan, aukera ematen digu Eroski den enpresa handi hau hurreratzeko Garaia parke teknologikoak garatzen duen jardunera, are sakonagoa eta iraunkorragoa den hitzarmen eta konpromiso batekin".