Eroski taldeak igoera nabarmena izan du salmenta gordinetan lehen seihilekoan. Izan ere, 2024ko otsailaren 1etik uztailaren 31ra bitartean, %2,5eko gorakada eman da salmenta gordinetan, aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta. Hala, salmenta gordinak 2.865 milioi eurotakoak izan dira. Elikagaien arloan gorakada hori nabarmenagoa izan da, %3,3koa, 2023ko lehen seihilekoarekin alderatuta. Hortaz, salmenta gordina 2.722 milioi eurotara iritsi da.
Taldearen emaitza ekonomikoa positiboa izan da lehen seihilekoan, zehazki, 50,2 milioi eurotakoa. Hala ere, aurreko urteko seihileko beraren aldean, 19,7 milioi txikiagoa izan da aurtengo emaitza, prezioen lehiakortasuna hobetzeak eragina izan duelako.
Hala baieztatu du Rosa Carabel Eroskiko CEOak, ‘eginahal nabaria’ egin duelako taldeak ‘kontsumitzaileen sakelak arintzeko’. Hain zuzen ere, 2024ko lehen sei hilabeteetan prezioak txikitu ditu taldeak 5.700 produktu baino gehiagotan, eta horri esker ‘indartu egin da prezioan dugun lehiakortasuna eta erakargarritasun komertziala’, gehitu du Carabelek.