Nicolás Chavesek ez daki zehazki noiz sortu zen Ediciones Lauburu proiektua, baina afalondo batean izan zela gogoratzen du, “oso era euskaldun eta inprobisatu batean”. Buenos Aires probintziako Laprida herriko euskal etxean izan zen, duela hamar urte baino gehiago, ziur aski. “Argitaratzeko zailtasunen inguruan ari ginen berbetan, eta bat-batean esan nuen: eta argitaletxe bat sortuko banu?’”, azaldu du argentinarrak, eta gehitu du: “Hasieran, ideia zen gure artean publikatzea”.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Lehenengo liburua Los vascos en Gándara izan zen, César Arrondo historialariak idatzitakoa, eta momentura arte, hamaika proiektu kaleratu ditu egitasmoak. “Egia esan, Lauburu da gerizpeetan dabilen argitaletxe bat, beti hibernatzen, ni interpelatzen nauen proiektu bat ailegatu arte”, aitortu du Chavesek.
Hasiera batean diasporako idazleak bakarrik publikatzeko asmoarekin jaio zen egitasmoa
“Normalean, Laburu ez da proiektuen bila irteten; batzuetan ezetz ere esan behar izan dut”, adierazi du liburugileak. Hasiera batean diasporako idazleak bakarrik publikatzeko asmoarekin jaio zen egitasmoa —agian, perspektiba akademikoagoarekin— handitzen joan zen eta mota ezberdinetako argitalpenak hasi zen ekoizten: poesia eta narratiba, besteak beste.
Azkena, izan ere, turismoari lotuta dago. Guiaspora da Martina Larraza Azpiazu argentinarrak osatutako turismo gida bat, batez ere diasporako pertsonei zuzendua. Bertan, Euskal Herriko hainbat txoko gomendatzen ditu, ikuspuntu pertsonalago batetik. Lauburuk ekoiztu du liburua, 300 kopia atera ditu lehenengo tiradan eta jada saldu dira denak.
Liburugintzaren egoera Argentinan
Arrazoiak arrazoi, ez da momentu egokia liburuak ekoizteko. Horrelaxe argudiatu du Chavesek: “Oso momentu konplexua da liburugintzarentzat. Hemen, Argentinan, oso krisi handi batean gaude”. Horren eragina begi bistan dago: “Ia hilabetero ixten da liburu-denda bat, nik ikusten dut, eta ez du zer ikusirik euskarri digitalak”.
Luze mintza daiteke euskarriei buruz. “Pierre Bourdieuk idatzi zuen liburu batek bi dimentsio dituela, bata da fisikoa, eta bestea da sinbolikoa”, aipatu du Chavesek, eta gaineratu du: “Liburuaren dimentsio sinbolikoak oso garrantzi handia du gizartearentzat oraindik ere. Iazko Buenos Aireseko liburu azokara miloi bat pertsona baino gehiago joan ziren”.
Hala ere, Chavesek paperezko bertsioa defendatu du: “Ia argitaletxe guztiek haien liburuen bertsio digital bat dute, baina horrek ez du dirurik ematen. Sostengua paperezko bertsioak ematen die”.
Horrez gain, esperientzia kontua ere bada: “Euskarri digitalak paperean irakurtzeko esperientzia saiatzen dira kopiatzen, baina ez da berdina. Orriak pasatu, jiratu, anotatu, edo nahi duzuna egin dezakezu, baina ez da berdina”. Zentzu horretan, liburugileak gogoratu du: “Orain dela 40 urte ari dira esaten liburuaren amaiera datorrela, baina hemen gaude oraindik”.
Argentinan, papera inportatu behar da, eta horregatik bere balioa dolarrari lotuta dago. Horrek aldakortasun handia sortzen du
“Buenos Aires liburu azokara joaten den jendearen heren batek liburu bat erosten du”, esplikatu du Chavesek, eta berretsi du liburuaren kontsumoaren jaitsierak ez duela zerikusirik euskarri digitalarekin: “Soldata eta kontsumitzeko gaitasunaren artean dagoen distantziak sortzen du krisia”.
“Krisi hau oraingo gobernua baino lehenagotik dator, nahiz eta gobernu honek modu ikaragarrian bizkortu duen”, Chavesen ustez. Argentinan, papera inportatu behar da, eta horregatik bere balioa dolarrari lotuta dago. Horrek aldakortasun handia sortzen du. Badaude ere monopolizazio kontuak. Liburugileak ziurtatzen duenez, papera ekartzea eta zaintzea ez da erraza: “Oso zaila da papera Finlandiatik inportatzea, ezin duzu gutxi ekarri, eta gero zaindu egin behar duzu tenperatura egoki batean, ezin duzu zure etxean gorde”.
Chaves: "Zure soldata 1.000.000 peso ingurukoa bada, kasurik onenean, zure soldataren %5a gastatuko duzu liburu bat erosteko"
Faktore horiek kontuan hartuta, liburua garestitu egin da. Chavesen analisia oso argia da: “Liburua oso objektu garesti bihurtu da, soldatekin korrelaziorik ez duena. Liburu bat 30 eta 40 mila peso artean saltzen da. Zure soldata 1.000.000 peso ingurukoa bada, kasurik onenean, zure soldataren %5a gastatuko duzu liburu bat erosteko”. Egoera horren aurrean, erabaki “politiko” bat hartu du: “Nik oso merke saltzen ditut liburuak; garestienak 23 mila peso balio ditu”.
“Lauburu da bere burua sostengatzen duen proiektu bat, saltzen dudanarekin berriro inprimatzen baitut”, deskribatu du Chavesek. Berak ez du dirurik irabazten egitasmoarekin. Liburu gehienak salmenta zuzenaren bidez komertzializatzen dira, “bestela konplexuagoa izango litzateke”.
Chaves laugarren belaunaldiko euskalduna da. Ez daki zehazki nongoak ziren bere arbasoak —Bilboko portutik atera ziren Argentinara— baina badaki Trenque Lauquen herrira joan zirela. Bertan, orotariko biltegia bat zeukaten. Chavesek, milaka liburuk inguratuta lan egiten duen banatzaileak, gogoratu du: “Pandemiako garaia oso ona izan zela liburugintzarentzat, jendeak irakurri egin nahi zuelako. Gero, gauzak okerrera joan ziren”. Oraindik ere, krisian murgilduta, Lauburuk eutsi egiten du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta