Euskal kooperatibismoa: etorkizuneko auzia, baina iragana ulertuta

Gazteei kooperatibismoaren enpresa izaeraz bustitzeko garrantziaz aritu dira Baleren Bakaikoa eta Beñat Irasuegi adituak Ekonomistakek antolaturiko solasaldian. Hezkuntza izan dute ahotan honakoa lortzeko

Argazkia: Ekonomistak Argazkia: Ekonomistak

Enpresa testuinguru osasuntsua izan dute euskal lurraldeek historikoki, sendotasun ekonomikoaren isla bilakatu dena. Osasun hori kooperatibismo forman aurkeztu da sarritan, 2009tik hona euskal kooperatibismoa haren bosgarren olatuan baitago. Egun, 1.200 bat kooperatiba dira orotara foru lurraldeetan, eta enpresa izaera horren inguruan hausnartu nahi izan dute Ekonomistak Ekonomisten Euskal Elkargoko kideek. Donostiako elkartearen egoitzan hilaren 25ean, eztabaida luze bati ekin zioten, euskal kooperatibismoaren iraganaz zein etorkizunaz aise hausnartzeko.

Ekonomia aplikatuan EHUko katedraduna den Baleren Bakaikoa eta Talaios kooperatibako proiektu bideratzailea den Beñat Irasuegi izan ziren solasaldiko protagonistak. Saioa Arando Mondragon Unibertsitateko ekonomia eta enpresa doktorea moderatzaile lanetan izan zen, eta euskal kooperatibismoaren etorkizuna izan zuten ahotan. Elkargoko kidea den Edurne Aldazabalek eman zion hasiera ekitaldiari.

Beñat Irasuegi: “Eraginkorrak ez garela esaten da, baina hori ez da horrela. Kooperatibetan langileen bizitzak hobetzeko, arlo produktibo bat lantzeko eta, gainera, gure lurraldean bizi-baldintza onak lortzeko lan egiten da”

Etorkizun hura aztertzeko, Bakaikoa katedradunak azaldu zuen kooperatibak ez direla “deslokalizatzen”, eta ideia hori du abiapuntu lurralde batean finkotasun ekonomikoa abiarazteko. “Enpresa kapitalistak, nahiz eta zonalde jakin batean inbertitu, handik 10 urtera soldata apalagoen bila joango dira", argitu zuen. Kooperatiba batek jaiotako herrian “sustraiak” dituela dio adituak, eta ezaugarri horren garrantziaz aritu zen solasaldian etorkizuneko enpresa izaera funtzionala dela adierazteko.

Bere aldetik, Irasuegi kooperatibistak dio "ekonomia soziala” terminora hurbiltzen dela kooperatibismoa bera, eta horrek egungo enpresekin alde nabarmenak dituela. Eztabaidan hausnartu zuenez, enpresa kooperatiben eraginkortasunak eta funtzio sozialak uste baino sakontasun handiagoa dute: “Eraginkorrak ez garela esaten da, baina hori ez da horrela. Kooperatibetan langileen bizitzak hobetzeko, arlo produktibo bat lantzeko eta, gainera, gure lurraldean bizi-baldintza onak lortzeko lan egiten da”. Helburu aniztasun honetan, Irasuegik argi adierazi du kooperatibismoak eraginkorra izan behar duela etorkizunean funtzio guztiak betetzen jarraitzeko.

Gazteak, helburu

Etorkizuna ahotan, belaunaldi berriei kooperatibismoaren nondik norakoak hurbiltzeko garrantzia azpimarratu zen. Bakaikoa adituak azaldu zuen kooperatibistak sortu behar direla, izan hezkuntzaren bidez edo izan praktika erakutsiz. “Ikus dezatela kooperatibismoak zer nolako aukerak eskaintzen dituen”, argitu zuen. Ikasketa planetan afera “zentrala” izan beharko zela ondorioztatu zuen, eta Irasuegi ados agertu zen haren solaskidearekin.

Hezkuntzan kooperatibismoa “anekdotikoa” dela azaldu zuen azken horrek. “Ikasketa eremu guztietan ez da enpresa izaera estudiatzen. Gainera, formazio profesionalean ere ez da ia ezer lantzen”. Horri jarraiki, kooperatibismo ekosistema nahikoa dagoela adierazi zuten adituek, eta etorkizunera begira fokua hezkuntzan jarri behar dela argudiatu zuten.

ekonomistak kooperatibismoa 2
Bakaikoa eta Irsuegi, Arandorekin solasean | Argazkia: Ekonomistak

Enpresa izaera berezi horren biziraupena ere aztertu zuten solasaldian. Baleren adituak kooperatibek elkartasun guneak sortu dituztela islatzen du biziraupen gako gisa. Ikastolak jartzen ditu adibide esanguratsu: “Ikastolak kooperatibak dira, eta haien artean solidaritate sare bat sortu dute aurrera egiteko”. Horrek enpresei sendotasuna ematen dietela azaldu zuen katedradunak, eta lurraldetasun jakin baten baitan jarduteko aukera ere lortzen dutem era berean. Hau da, propioa dutena babesteko joera hartzen dute.

Langileak erdigunean

Euskal kooperatibismoak, gainera, beste kooperatiba batzuekin alderatuta berezitasunak dituela nabarmendu zuen Bakaikoak. Bere aburuz, munduan zehar dauden kontsumo kooperatibak kontsumitzaileek sortzen dituzten enpresak dira; euskal testuinguruan, aldiz, langileek sortzen duten entitateak dira. Eroski bera jartzen du adibide auzian, haren egungo arrakasta aurkeztuz eta langileen pisua bertan argitara eramanez. “Euskal testuinguruak munduari ematen dion ekarpen garrantzitsua da langileak erdigunean izatea”, hausnartzen du.

Baleren Bakaikoa: “Euskal testuinguruak munduari ematen dion ekarpen garrantzitsua da langileak erdigunean izatea”

Edozein kasutan, iragana ulertuta hausnartu dute egungo egoeraz. Solasaldi hasieran kooperatibismoaren oinarriak aurkezteko eta definitzeko xedea izan zuten hizlariek. Marxismoaren materialismo historikotik euskal kooperatibismoaren aitzindaria den Jose Maria Arizmendiarretaren ekarpenetara arte ikertu zuten euskal kooperatibismoaren sustraiak. Horrela azaltzen dute langileen batzea garatzen joan zela kooperatibismoaren bitartez XX. mendean zehar. Ildo berean, Irasuegik kooperatiben sorreran dauden testuinguru latzak gehitu zituen: “Euskal kooperatibismoak krisi sakona edo behar funtsezko bat duela hasten dute jarduera. Lurralde jakin baten biziraupena ahalbidetzeko sortzen dute enpresa”. Kooperatiben funtzio sozial historikoa argitara eraman nahi izan zuen horrela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK