Euskal partzuergoa, Uvescoren jabe berria

Super Amara eta BM Supermerkatuaren %100 erosi du Angel Jareño Uvescoko CEOaren zuzendaritzapeko inbertitzaileen partzuergoak. Eragiketa 2026ko lehen hiruhilekoan ixtea aurreikusi dute

Pagolako BM, Donostian | Argazkia: Wikimedia/Creative Commons
Pagolako BM, Donostian | Argazkia: Wikimedia/Creative Commons
2025eko abenduaren 24a - 07:27

Angel Jareño Uvescoko CEOak gidatutako inbertitzaileen partzuergoak hitzarmen-pribatua izenpetu du PAI Partnersekin, BM Supermerkatuen eta Super Amararen jabe den konpainiaren %100 erosi ahal izateko. Rubicón izenez ezagutu den eragiketaren sinadura atzo bertan gauzatu zen, eta akordioa guztiz ixteko administrazio-izapideak abiatuko dira hemendik aurrera. Behin horiek gauzatuta, eta aurreikuspenen arabera, eragiketa 2026ko lehen hiruhilekoan itxiko da.

 

Partzuergo erosleak helburu du Uvescoren errotzea bermatzea, eta "tokiko jabetza berreskuratzea", baita haren "jarraikortasunaren eta epe luzerako hazkunde iraunkorraren aldeko apustua" egitea. Prozesua Management Buy Out (MBO edo zuzendaritza-erosketa) izeneko prozesu gisa definitu daiteke, non zuzendariek beraiek hartzen duten enpresaren kontrola. Jabetza talde berria osatzen dute, Angel Jareñorekin batera, familia sortzaileak, Stellum Capitalek —Food and Techen bitartez—, Invereadyk eta Indar Karterak, azken hori Kutxabanken ibilgailu finantzarioa —Ayesaren IT negozioa erosteko negoziazioetan ere parte hartzen ari dena—. Horrez gain, eragiketa gauzatzeko aholkularitza orokor gisa aritu dira Ocean Capital eta Evercore, baita Clifford Chance eta EYk ere, azken horiek lege-atalean. 

Uvescok 344 establezimendu ditu eta 7.000 pertsonatik gorako plantilla. Agian horregatik ere jaso ditu PAI Partnersek bestelako eskaintzak bere parte hartzearen %70 saldu nahi zuela jakin zenean. Carrefourrek, esaterako, 2024ko ekainean egin zuen saiakera, eta aurrez Auchan (Alcamporen jabea) enpresa frantsesa ere gerturatu zen Uvescorengana. Portugalgo Sonaek ere erakutsi zuen interesa. Azkenean, baina euskal partzuergoaren proposamenak egin du aurrera.