Euskal sustraien Aragoiko eski-estazioa

Tolosako eskiatzaile batzuk izan ziren Aragoiko Pirinioetan dagoen eski-estazioaren sustatzaileak. Ski Club Tolosanok 1934ean Hotel Candanchú eraiki zuen eskigunean, eta bertan egindako lehenengo eski txapelketen antolatzaile izan zen

Argazkia: Candanchú Argazkia: Candanchú

1920ko hamarkadan Rioseta inguruan elkartzen ziren eskiatzaileak, udaberri edo eguraldi oneko garaietan Canfranceko geltokitik gora eskiatzeko zonalde irisgarriena baitzen. Aitzitik, 1928 hartzen da estazioaren sorrera urte bezala, izan ere, orduan elkartu ziren lehen aldiz zenbat eski-zale estazio bat eraikitzearen ideiak eraginda. Aragoiarren eta euskaldunen arteko kolaborazio bat izan zela dio Lucas Saezek, Candanchú eski estazioko komunikazioa arduradunak.

Tolosako eski-zale talde bat izan zen, egiazki, egun Candanchún eskigune bat edukitzearen errudun. Ski Club Tolosanok diseinatu zuen eski-estazio bat sortzeko proiektua, Lorenzo Almarza mendizale, militar eta argazkilariak sortutako Club Montañero de Aragonekin batera. Estazioaren jatorri euskaldun horren erakusle da egun zenbait pisten euskarazko izena, Aralar, esaterako.

Aragoiarren aterpe, euskaldunon etxe

Eskiatzeko bailara zena eski-estazio bilakatzeko lehen urratsa Club Montañero de Aragonek eman zuen 1920ko hamarkada bukaeran mendi-aterpe bat ezartzeko proiektua abian jarriz, eta estazioko lehen eraikina bilakatu zen. 1931ean inauguratu zuten Refugio de Montañeros de Aragón izenarekin. Francisco Tudurik Cuando el esquí comienza liburuan, hasierako proiektua anbizio handiagokoa zela azaltzen du. Xedea mendi-aterpe soil bat baino gehiago eraikitzea omen zen, baina diru-arazoak zirela medio “aragoiar gazteek sakrifizio eta meritu handiz egindako” aterpe txiki batean geratu zen.

1934ean Hotel Candanchú eraiki arte eski lehiaketa zein bestelako jarduerak egiteko base bezala erabili zen mendi-aterpea. Ski Club Tolosanok eraiki zuen orduan oso proiektua zaila izan zen hotela: “dendetan lo egiten zuten, hoteletik kanpo eta ahal zuten moduan igotzen ziren materialarekin. Estaziorako lehenengo ekimen turistikoa izan zen”, nabarmendu du Candanchúko komunikazioa arduradunak.

Hotel Candanchúren eraikuntza ordea, ez zen Tolosanoren ekarpen bakarra izan, izan ere, 1930-1936 artean hainbat eski txapelketen antolatzaile izan zen elkarte tolosarra

Hotel Candanchúren eraikuntza ordea, ez zen Tolosanoren ekarpen bakarra izan, izan ere, 1930 eta 1936 artean hainbat eski-txapelketen antolatzaile izan zen elkarte tolosarra. Jada Euskal Herriko mendietan egindako txapelketak hasi ziren antolatzen Aragoiko Pirinioetan. Saezen esanetan, aitzindariak izan ziren eski lehiaketak antolatzen. Kolaborazio horren beste emaitzetako bat izan zen Candanchú-Aralar kopa, Tolosako elkarteak eta Club de Montañeros de Aragonek 1932an sortutako mendiko eski txapelketa.

Ski Club Tolosano

Txapelketak antolatzen soilik ez, baina; Euskal Herrian eskiaren praktikan aitzindari ere Tolosarrak izan ziren. XX. mende hasieran jada eskiatzeko ohitura piztu zen herrian. Mustad izeneko enpresa norvegiarrak 1907ean iltze fabrika bat ezarri zuen Tolosan, eta fabrika irekitzearekin batera etorritako Norvegiar koloniak tokikoei eskiatzen erakutsi zien.

Urtebete beranduago sortzen da Ski Club Tolosano. Mendearen hastapenetan Euskal Herriko mendi eta bailaretan aritzen dira eskian. 1920ko hamarkadan, alabaina, Canfranceko nazioarteko geltokia helmuga duen trenbidea ezagutu eta ohartu ziren bazela Canfranc inguruan eskiatzaileak elkartzen zituen elur gehiagoko leku bat. Cuando el esquí comienza liburuan azaltzen du gertaera hau Tudurik. Tolosako euskaldunak Candanchú ingurura gerturatzean, aragoiarrekin elkartzen dira, urte luzez iraungo duen laguntasun zein harreman emankor baten hasiera izan zen.

Mustad izeneko enpresa norvegiarrak 1907ean iltze fabrika bat ezarri zuen Tolosan, eta fabrika irekitzearekin batera etorritako Norvegiar koloniak tokikoei eskiatzen erakutsi zien

Lehen aipatutako Hotelaren eraikuntzaren ideia Austriako Tirolera egindako ibilaldi batean otu zitzaion Ski Club Tolosanori. “Elkarteko kideak Alpeetako aterpetxeak ikustean liluratuta geratu ziren, eta antzeko zerbait ezarri nahi izan zuten Candanchú inguruan”, dio Tudurik liburuan.

Hotelaren eraikuntzak sortutako zor ekonomikoak —gainkostu ugari ekarri zituen eta hartzekodunekin zorrak— eta gerra zibilak Tolosako elkartea Candanchúko eski-estaziotik urrundu zuen apurka. Are gehiago, gerran eskiaren jarduera eten eta hotela kuartel bilakatu zen. Gerraostean, eskigunearen garapenari berriro ekin zioten —lehenengo teleaulkia eraiki zen, besteak beste—, baina Tolosako eski taldeak jada ez zuen parte hartu; Club Montañeros de Aragonek berriz, mendi-aterpea kudeatzen jarraitu zuen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK