Euskarak eraikitako Kafe Antzokia

Bilbon euskararen erabilera sustatzeko asmoz ireki zituen 95ean ateak Kafe Antzokiak. Zenbat Gara elkarteak harrezkero beste hainbat egitasmo ere abiatu ditu, tartean Gabril Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratia

Kafe Antzokia, obra aurretik | Argazkia: Zenbat Gara Kafe Antzokia, obra aurretik | Argazkia: Zenbat Gara

Euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzeko mila egitasmo, proiektu eta elkarte sortu dira Euskal Herrian, eta horiei esker, besteak beste, egun duela 30 urte baino jende gehiagok daki euskaraz. Hala dio Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren txostenak.

Dena den, ezagutzan ez ezik, erabileran ere urrats ugari emateko daudela agerikoa da, eta hein horretan, egungo egoera soziolinguistikoak duela 30 urte bezalaxe, kezkatzeko motiboak ematen ditu. Orduan, garai hartako egoeraz arduratuta, beste hainbat tokiren gisan, Bilbo hirian euskal hiztunen komunitatea sendotzeko asmoz, euskararen irakaskuntzan zenbiltzan irakasle batzuek hainbat proiektu jarri zituzten abian, Jose María Sanchez Carrión Txepetx hizkuntzalariaren motibazioa, ezagutza eta erabileran oinarritutako teoria soziolinguistikoak abiapuntu hartuta. Hala sortu ziren Bilboko Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa eta Erroa argitaletxea.

Isabel Isazelaia: “Euskaltegien kezka historikoa ikasleei klasetik kanpoko erabilera edo erabilera errealerako zein aukera eskaini izan da betidanik. Zelan atera euskara kalera zen kezka”

Zenbat Gara izeneko elkartea eratuz, euskararen aldeko egitasmo horiek guztiak abiatu ziren nolabaiteko enpresa ekosistema batean. Guztiontzat ezagunena Kafe Antzokia akaso, erreferentziazko kulturgune eta punta-puntako musikarien kontzertuez gozatzeko espazioa, euskara aisialdi esparruan ezartzearen kasu arrakastatsua da. Aitzitik, Kafe Antzokia baino lehenago jada, saiakera asko egin ziren tankerakoak. “Euskaltegien kezka historikoa ikasleei klasetik kanpoko erabilera edo erabilera errealerako zein aukera eskaini izan da. Zelan atera euskara kalera zen kezka”, azaldu du Isabel Isazelaia Gabriel Aresti euskaltegiko didaktikari eta Zenbat Garako kideak. Ildo berean, Liher Barrantes elkarteko kideak, ezagutza euskaltegiaren bitartez bermatuta egonik, erabileran pauso bat aurrera eman nahi zela adierazi du.

Iraganean egindako haur ekitaldia | Argazkia: Bilboko Kafe Antzokia
Iraganean egindako haur ekitaldia | Argazkia: Zenbat Gara

Euskararen erabilera kalera ateratzeko ahaleginean, Algara konpartsa sortu zuten 94ean, eta 95eko abenduan ireki zituen ateak Kafe Antzokiak. San Bizente elizari itsatsia zegoen gotzaindegiaren jabetzako eraikina, eta urte luzez zinema izandakoa zen. Kafe Antzokiaren gaineko solairuan daude Gabriel Aresti euskaltegia eta Bilbo Hiria irratiaren estudioa. “Etxe osoa euskararen zabalkunderako foku bat izan zitekeela ikusi zen, Bilbo erdi-erdian. Prestigioa emateko ere garrantzitsua zen euskara kolokatzea Bilboko zentroan, Abando auzoan, zentro finantzario eta neuralgikoan”, nabarmendu du Isazelaiak. Zentroa konkistatzeko motibotzat jotzen du Barrantesek, “periferatik irten eta euskara erdigunean jarri. Etxe hau eta Gran Vian dagoen euskaltegia dira inguruan frankizia ez diren espazio bakarrak”.

Ekonomia kolaboratibo bat

Zenbat Garak eraikitako enpresa proiektu sare horren bitartez, sozialki eta kulturalki pisu handia duten baina errentagarritasun ekonomikorik ez duten proiektuak sostengatu ahal dira. Izan ere, mozkin handienak ematen dituzten egitasmoen bidez babesten dira gainerakoak, eta nolabaiteko hauspoa eta bultzada ematen zaie. “Ekonomia kolaboratibo edo sozial bat deitu daiteke”, dio Jabi Zabala komunikazio arduradunak. “Hainbat arlo jarri ditugu martxan, eta hortik sortzen da mikrokosmos bat. Ekintzabide aniztasun bat eratu dugu, irakaskuntza, aisialdia, haurrak, ostalaritza uztartuz, euskaraz bizi ahal izateko mundu bat sortuz. Hor sortzen dira enpresa edo antolaketa desberdinak, eta gure arteko harreman bat badago, egiturazkoa kasu batzuetan eta beste batzuetan gehiago sinbiotikoa”.

Proiektu gehienak kooperatiba forman eratu dituzte, Kafe Antzokia eta Gabriel Aresti euskaltegia izanik enpresa handienak. Denera 100 pasatxo langile dira, horietatik 70 euskaltegian soilik, eta langileen %90 bazkide dira gainera. “Denok dugu soldata duina eta hortik gorako etekin guztia euskalgintzan berrinbertitzen da”, dio Isazelaiak. “Ikuspegi parte-hartzailea, eraldatzailea eta ekonomia denona izatearen ideiarekin garatua dago”, gehitu du Zabalak.

Jabi Zabala: "Ekintzabide aniztasun bat eratu dugu, irakaskuntza, aisialdia, haurrak, ostalaritza uztartuz, euskaraz bizi ahal izateko mundu bat sortuz"

Halaber, ikasle kopurua azken urteotan murriztu den arren, Gabriel Aresti euskaltegian 1.000 ikasle baino gehiago elkartzen dira ikasturtean (udakoak gehituta 1500 inguru). Isazelaiak dionez, beherakada handia izan da sektorean eta helduen euskalduntzea nahiko gainbeheran aurkitzen da.

Kultura babestu beharra dago

Kafe Antzokian kultur ikuskizun eta zuzeneko musikaz gain, eguneko menua eskaintzen dute astean zehar, eta arratsaldetan kafea hartzeko parada du nahi duenak. Alabaina, kultur emanaldi eta kontzertuak ekonomikoki ez dira errentagarriak. “Kultura beti izan da defizitarioa, eta gaur egun, eguna ere defizitarioa da”, dio Barrantesek. "Pandemia eta gero ohiturak aldatu dira. Lehen eguneko 200 menu ematen ziren, eta orain erdira bajatu dira. Oraintxe bertan gaua da momenturik potenteena, gauak funtzionatzen du eta aldez aurretik erositako sarrera batekin etorri behar duzu”.

Zenbat Gara kideak, Antzokiaren atarian | Argazkia: Zenbat Gara
Zenbat Gara kideak, Antzokiaren atarian | Argazkia: Zenbat Gara

Kulturaren errentagarritasunari lotuta, Isazelaiak insitituzioen babesa oinarrizkoa dela aldarrikatu du: “kultura ezin da egin errentagarri izateko asmoarekin. Denok hartu behar dugu gure gain, eta denon arteko babesa beharrezkoa da”. Kafe Antzokia erreferentziazko bihurtuta, antzerako proiektu asko abiatu dira Euskal Herriko beste hainbat txokotan, Durango, Bermeo, Tolosan edota Hendaian, esaterako, baina irauteko zailtasunak izan dituzte. Horrelako proiektu bat ateratzeak baditu bere zailtasunak, eta ez dirutan bakarrik: “Ardura handia da. Hau dena zirkuito baten barruan egongo balitz eta dagokion babesarekin, polita izango litzake, eta bere garaian abiatu ziren bestelakoak martxan egongo lirateke. Oso zaila da horrelako proiektu bat iraunaraztea”, gehitu du.

Liher Barrantes: “Kultura beti izan da defizitarioa eta gaur egun, eguna ere defizitarioa da. Pandemia eta gero ohiturak aldatu dira. Lehen eguneko 200 menu ematen zituzten, eta orain erdira bajatu dira. Oraintxe bertan gaua da momenturik potenteena"

Finean, euskaratik sortutako enpresa-egitasmo ekosistema honek, euskararen komunitatea elikatzen jardun du azkeneko 27 urteetan. Dena den, euskararen ezagutza eta erabileraren sustapenean eragin ahal izateko beste hainbat lekutan antzerako proiektuen presentzia beharrazko dela iritzi diote euskara ekintzaileek. Oztopoak oztopo, Zenbat Garak horrelako ibilbide bat egitea posible dela erakutsi du. “Eredu bat izango zenaren konbentzimenduz sortu genuen”, azpimarratu du Barrantesek. Halako beste hainbat Bilbo handian eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan aurrera atera ez izana komunitate bezala porrot bat dela uste du Isazelaiak. "Proiektuak osorik bere horretan toki batetik bestera eramatea da akatsa. Bilbon, masa kritiko handiagoa egoteaz gain, euskaltegiak berebiziko rola izan du. Izan ere, egunean zehar ematen dio bizitza Kafe Antzokiari, euskaraz mintzatu nahi duen publiko jario handia erakarrita".

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK