
Enpresa ugaritan egiten da euskaraz egunero-egunero. Kanpora begirako komunikazioaz gain (kartelak, errotulazioa, webgunea, sare sozialak…), barrura ere euskara entzuten da Euskal Herriko bulego eta fabrika askotan. Barne-komunikazio hori ez da ikusten, ezkutatuta geratzen da pareta eta pabiloi artean, baina berebiziko garrantzia du gure hizkuntzaren biziraupenean.
Ziurtagiriek erakusten dute sarritan ezkutuan geratzen den hori. Esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa aitortzen dituen ziurtagiriak baditugu gurean, Bikain da horietako bat, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak kudeatzen duena. Ofiziala, publikoa eta doakoa, 2008an sortu zen eta gaur arte 500 erakundetik gora ebaluatu dira aitorpen hori lortzeko.
Ebaluatutako erakunde horietako bat da Arazi Ideiak Borobiltzen, 1998an Zarautzen (Gipuzkoa) sortutako enpresa, zeinak kudeaketa, heziketa eta komunikazio arloan hainbat zerbitzu eskaintzen dituen. Museo eta interpretazio zentroak kudeatu, bitartekaritza zerbitzuak eskaini, unitate didaktikoak diseinatu nahiz garatu eta komunikazio kabinete lanak burutzen dituzte, besteak beste.
Diziplina anitzeko 37 lagunek osatzen dute Araziren lantaldea, zeinetan denek euskaraz egiten duten. “Euskaraz bizi dugu gure jarduna eta gure lan egiteko moduaren oinarritako bat euskara bera da”, dio Eneko Salaberria enpresako kideak. Euskaliten bidez enpresaren kudeaketa aurreratua garatzen hasita, Bikain ziurtagiria lortzeko bidea hasi zuten orain urte batzuk.
Beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan duten, eta gutxienez, bi langile dituzten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek eskura dezakete Bikain ziurtagiria, zeinak helburu duen, besteak beste, esparru sozioekonomiko pribatuan euskararen erabileraren, presentziaren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzea eta aitortzea, eta, aldi berean, sektore pribatuan euskararen erabilera areagotzea.
Prozesu "aberasgarria"
Erakunde bakoitzaren ezaugarri eta egoerara egokitutako ebaluazioa-prozesuak eskaintzen ditu Bikain ziurtagiriak. Ebaluazio jasotzeko, aurkezpen dokumentu bat ondu behar dute entitateek, eta, ondoren, ebaluatzaile talde batek egun batez enpresaren ebaluaketa egiten du. Jasone Aretxabaleta Indeus Industriaren Euskal Plataformako arduraduna Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaile gisa aritu da azken urteotan. “Ziurtagiria lortzeko eskaera onartu ondoren, enpresak bere autoebaluzioa egin behar du eta bere burua ebaluazioko ardatz bakoitzean non ikusten duen azaldu”, argitu du.
“Oso prozesu aberasgarria da” Salaberriaren hitzetan, Araziren tankerako enpresa ugarik parte hartzen baitute ziurtagiria lortzeko prozesuan, eta euren artean elkar laguntzeko aukera ematen du. “Euskararekiko dugun maila hori bermatu nahi dugu bertan gauden erakunde guztiok. Autoebaluaketa eginda, nola funtzionatzen dugun eta beste erakundeak nola dauden ikusten dugu”, gehitu du.
Jasone Aretxabaleta: “Enpresaren tamainaren arabera eta ebaluatu behar denaren arabera, bi, hiru edo lau pertsonako ebaluatzaile taldea joango da”
Bi ardatz nagusitan banatzen da ziurtagiria: zerbitzu-hizkuntza (erakundearen irudia eta bezeroekiko harremanak) eta lan hizkuntza (barne-komunikazioa, pertsonen kudeaketa edota kanpo-harremanak). Ebaluatzaileak enpresaren autoebaluazioa jaso eta aztertu egiten du. Ondoren, beste egun batean, enpresara bertaratu eta ebaluazioa egiten du. “Enpresaren tamainaren arabera eta ebaluatu behar denaren arabera, bi, hiru edo lau pertsonako ebaluatzaile taldea joango da”, zehaztu du Aretxabaletak. Egun osoko ebaluazioa izan ohi da, baina enpresak berak egoitza bat baino gehiago badu ebaluazioa hori bi egunekoa ere izan daiteke.
Ebaluatu eta ebaluatzaile
Arazik iaz berritu zuen Bikain ziurtagiria, lau urteko indarraldia baitu. Ziurtagiria lortu nahi duen entitate bakoitzak arduradun bat izendatzen du, zeina harremanetan izango den Bikain ziurtagiria kudeatzen duen Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko teknikariekin. “Ebaluatzaileok ez dugu harremanik enpresarekin ebaluazio egunera arte”, gogoratu du Aretxabaletak.
Hori bai, Bikain ziurtagiria eskuratu nahi duten enpresetako kide batek ebaluatzaile ere izan behar du beste entitate bat ebaluatzeko. “Beste enpresa baten ebaluazioa egitean, konturatzen zara zure enpresako ebaluazioa nolakoa izango den eta ikusten duzu zeintzuk diren falta zaizkizun gauzak edo hobeto egin beharko zenituzkeenak”, esan du ebaluatzaileak.
Jasone Aretxabaleta: “Beste enpresa baten ebaluazioa egitean, konturatzen zara zure enpresako ebaluazioa nolakoa izango den eta ikusten duzu zeintzuk diren falta zaizkizun gauzak edo hobeto egin beharko zenituzkeenak”
Ebaluatzaileek prestakuntza jasotzen dute, berriak direnek bi egunekoa, gainerakoek egun batekoa. Araziren kasuan, Izaskun Izasti zuzendaria izan da orain arte ebaluatzaile lanak egin dituena. “Formakuntza jaso zuen eta hainbat urtetan aritu da kanpo ebaluazioa hori eskaintzen”, zehaztu du Salaberriak. Aurten, bigarren ebaluatzaile bat ere izango du Arazik; Salaberria bera izango da.
Hizkuntzaren kudeaketa hobetzeko aitzakia
Bikain ziurtagiriaren barruan hiru egiaztapen-maila aurki daitezke: oinarrizkoa (beltza), erdi-mailakoa (zilarra) eta goi-mailakoa (urrea), ebaluatzaileek emandako puntuazioaren arabera. Aitzitik, ziurtagiria jasotzea ez da prozesuaren bukaera; bertatik jasotako informazioak euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan aurrera egiteko laguntza eman diezaieke entitateei. “Ziurtagiriak gure euskara maila bermatzen du eta berritzea tokatzen den bakoitzean, autoebaluazioa egiteak hausnartzeko aukera ematen digu baita gure norabidea zein den ikusteko aukera ere”, dio Salaberriak.
Aretxabaletak, bestalde, nabarmendu du enpresa askok euskararen erabilera handia egiten dutela, baina erabilera hori ez dutela araututa, hots, ez dutela idatziz zehaztuta. “Dena euskaraz egiten duzunean, ez zara konturatzen irizpide batzuk idazteak zer garrantzia duen”, azpimarratu du.
Eneko Salaberria (Arazi): “Ziurtagiriak gure euskara maila bermatzen du eta berritzea tokatzen den bakoitzean, autoebaluazioa egiteak, hausnartzeko aukera ematen digu baita gure norabidea zein den ikusteko aukera ere”
Halaber, azken puntuazioaz harago, ebaluatzaileak ahalegintzen dira enpresari helarazten non duten zer hobetua, enpresak hobekuntza horiek martxan jartzeko. “Txostenaren azken-azken helburua hori da, entitateak hobetzeko zer egin behar duen jakitea”, gaineratu du.

2023tik Harrobi diploma
Jaurlaritzak Bikain ziurtagiri-maila bat eskuratzerik ez duten erakundeen lana aitortze aldera, Harrobi izeneko diploma sortu zuen 2023an. Arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa aitortzen ditu ziurtagiri horrek eta Bikainen gisan, beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan duten esparru sozioekonomikoko erakunde pribatuek eskura dezakete.
Entitate horietako bat da Beasaingo (Gipuzkoa) Aldara aholkularitza etxea. 2022an, Amaia Zabaluak sortutako proiektua da, eta autonomo eta enpresa txikien kudeaketa eta estrategia hobetzeko aholkularitza zerbitzuak eskaintzen ditu. Iaz eskuratu zuen Harrobi ziurtagiria. “Nik ez nuen ezagutzen Harrobi ziurtagiria, baina Euskalitekin lan egiten dut eta bertan eman zidaten ziurtagiriaren berri”, azaldu dio EnpresaBIDEAri.
Aldaran euskaraz egiten dute kasik bezero guztiekin, izan ere, Zabaluak bere ama-hizkuntzan arituta, bezeroen kudeaketa emozionalari dagokionez, hobeto konektatzen duela dio. Hala, euskaraz egiten duela erakusteko beharrik izan gabe ere, Harrobi ziurtagiria ateratzea erabaki zuen.
Amaia Zabalua (Aldara): “Auditoria txiki bat jaso genuen eta zertan hobetu nezakeen azaldu zidaten. Zenbait dokumentu gaztelaniaz idatzita nituen, besteak beste. Horri guztiari buelta bat emateko aukera izan nuen”
Bikain ziurtagiriaren kasuan bezala, entitateak autoebaluazio txosten bat osatu, eta, ondoren, ebaluatzaile bat bertaratzen da enpresaren egoitzara. Diplomak hiru urteko indarraldia du, eta epe hura bukatzean, erakundeak berriro eska dezake ebaluazioa. Halaber, Harrobi ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta hamabi hilabeteko epea igaro ostean, Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesuetan parte har dezake. Aldararen asmoa da etorkizunean Bikain ziurtagiria eskuratzea.
Ebaluazioa “oso interesgarria” suertatu zitzaion Zabaluari, galdera askori erantzunez, bere egunerokoan euskaraz egiten duen guztia azaleratzeko aukera eman baitzion. “Auditoria txiki bat jaso genuen eta zertan hobetu nezakeen azaldu zidaten. Zenbait dokumentu gaztelaniaz idatzita nituen, besteak beste. Horri guztiari buelta bat emateko aukera izan nuen”, nabarmendu du.
Aurten ebaluatzaile bezala hasiko da Zabalua, eta iraila honetan ekingo dio formakuntzari. Izan ere, aholkularitza munduan euskaraz egiten duten erakunde nahiz eragile gutxi dira, eta bere esperientzia baliagarria izango delakoan da.