
Harrobi Eusko Jaurlaritzak ematen duen diploma ofiziala, publikoa eta doakoa da. Arlo sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera, kudeaketa eta konpromisoa aitortzen ditu. Diplomaren ebaluazioa egiten duten entitateek ebaluatzaile baten ikuspegia eta kontrastea jasotzen dute euskararen kudeaketan aurrera egiten laguntzeko. Gainera, kanpoko ikuspegi hori jaso ondoren, hala badagokio, erakundeei egindako lana aitortzeko diploma ematen zaie ekitaldi publiko batean.
Gasteizko Arabatxo Gimnasia Klubak pare bat urte daramatza euskararen plan bat garatzen. Horri esker, apirila eta maiatza bitartean lana aurkeztu eta diploma lortu zuten. “Guretzat oso ziurtagiri garrantzitsua da. Lan handia egin dugu metodologia aldatu ahal izateko, euskarak protagonismo handiagoa izan dezan eta presente egon dadin gure kirolean”, azaldu du Xabier Larrimbe klubeko presidenteak. Dioenez, hizkuntza zaindu eta zabaltzen lagundu behar du gimnasia taldeak. Harro daude, eta etorkizunean ere euskara sustatzen jarraituko dute, kirolaren bidez euskararen erabilera normalizatzeko bidean.
Galdakaoko (Bizkaia) Elexalde Mendian mahai teniseko klubak ere aukera izan zuen Harrobi ziurtagiria lortzeko denboraldia amaitu aurretik. “Dokumentu batzuk bete izan behar genituen, euskararen erabilera aztertzeko. Klubeko web orria eta sare sozialak aztertu zizkiguten eta amaitzeko, elkarrizketa bat izan genuen”, adierazi du Iñigo Vila klubeko lehendakariak eta idazkariak.
Egokitzapenak aurrerapausoak emateko
Arabatxo Klubekoek gimnasioan entrenamenduak euskaraz egitea lortu dute, nahiz eta zenbait taldetan hizkuntza itzuli beharrean izan diren, Errioxa eta Burgoseko ikasleak baitituzte. “Hasieratik argi izan dugu kirola ez dela bakarrik lehiaketa, baizik eta balioak eta kultura transmititzeko bide bat ere”, esan du Aida Martinez klubeko idazkariak.
Xabier Larrimbe (Arabatxo Kluba): “Guretzat oso ziurtagiri garrantzitsua da. Lan handia egin dugu metodologia aldatu ahal izateko, euskarak protagonismo handiagoa izan dezan eta presente egon dadin gure kirolean”
Elexalde Mendian mahai teniseko klubaren kasuan, iaz ohartu ziren euskararen arloan gehiago egiteko marjina zutela; hori dela eta, bai ikasle, bai gurasoekin euskaraz komunikatzen saiatzen dira. Gainera, entitateekin, adibidez, udalarekin, euskaraz aritzen dira oro har.
Erabilera estrategikoa, ez ausazkoa
Arabatxo Klubak hasieratik izan du helburu argi bat: gimnastika artistikoa kalitatez irakasteaz gain, euskararen erabilera eguneroko jardunean txertatzea. Hori lortzeko, pauso txikiz baina etengabe lan egin dute; esate baterako, bermatu dute talde teknikoan nahiz lantaldean euskaldunak edo euskaraz hitz egiteko prest dauden pertsonak egon daitezen, entrenamenduetan euskara izan da komunikazio hizkuntza nagusia, gurasoekin harremanak ere euskaraz egiten saiatzen dira, eta klubaren komunikabideak, sare sozialak, kartelak edota informazio orriak bi hizkuntzetan bidaltzen dira, beti lehen hizkuntza euskara izanik.
Bi klubetatik euskara modu estrategikoan kudeatzen dute, alegia, ez bakarrik eguneroko erabileran, baita plangintzan eta antolaketan ere. “Lehenik eta behin, euskararen erabilera plan bat diseinatu genuen, non helburu eta ekintza zehatzak jasotzen diren. Euskararen kudeaketa ez da ausazkoa: planifikatuta dago, helburu argiekin, eta talde osoaren konpromisoarekin aurrera eramaten da”, adierazi du Larrimbek.

“Zerbitzuak hobetzeko ikusten ez den lan asko dago horren atzetik”, nabarmendu du Vilak. Umeekin nahiko erraza da, gehienak D ereduan ikasten dutelako; beraz, Elexalde Mendian Klubaren kantxan azalpenak euskaraz ematen dira, eta entrenatzaile titulua lortzen dutenei, euskaltegira joatea gomendatzen diete.
Leku handiagoa ematen jarraitu
Arabatxo Klubeko entrenamenduetan euskara da komunikazio hizkuntza nagusia. Gainera, euskararen aldeko kanpainetan parte hartzen dute; adibidez, aurten Euskaraldiaren irudian presente egon dira, eta ekintza bereziak egin dituzte jardunaldi guztietan. Horrekin batera, material guztiak lehenik euskaraz sortzen dituzte, eta beti zabaltzen dute dena bi hizkuntzetan: kartelak, sare sozialetako argitalpenak, mezu elektronikoak eta informazio orriak. Horrela, diotenez, euskara ikusgarri egiten dute.
Erronkei dagokienez, epe laburrera, Arabatxo Klubaren eta Elexalde Mendian Klubaren erronka nagusietako bat da euskara are gehiago barneratzea klubeko eguneroko dinamikan; bereziki oraindik gaztelaniaz aritzen diren espazio txikietan. Aitzitik, lehenengoak ez du epe luzerako plan zehatzik oraindik partekatzeko, baina helburu argia du: euskarari leku handiagoa ematen jarraitzea. Bigarrenak, aldiz, epe luzera euskara haien lehenengo hizkuntza bihurtzea du xede.