• ENPRESAK GAUR
  • Kontrako eztarritik joandakoak desbideratzeko gailu zangozarra

Kontrako eztarritik joandakoak desbideratzeko gailu zangozarra

2024an abiatutako Opportunity Health konpainia tresna automatiko eta segurua merkaturatzeko prozesuan da

Opportunity Healtheko lantaldea | Argazkia: utzita
Opportunity Healtheko lantaldea | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2026ko ekainaren 16a - 05:30

Behin, familia bazkari batean, Germán Alejandro Sánchez Martín iturgin zangozarraren anaiari kontrako eztarritik joan zitzaion janaria. Hiltzear zelakoan, izu eta estres egoera hartan, bere aitak, sorospen gaitasunak izanik, Heimlich maniobra delakoa egin eta bizitza salbatu zion.

 

Aitzitik, Sanchezek ezin zuen ekidin pentsatzea bakarrik egon izan balitz anaiari zer gertatuko ote zitzaion. Hala, merkatuan arakatzen hasi zen, soluzioak bilatu nahian. Horrelako egoeretarako mundu mailan bi gailu estatubatuar topatu zituen, LifeVac eta Dechoker, baina "handicap batzuk" zituzten: "Giza indarra eta hirugarren pertsona bat behar dute, ez dira automatikoak, ez eta erabat zehatzak ere. Hau da, maniobra egiteko norberak egiten duen indarraren araberako emaitza jasotzen duzu", dio zangozarrak.

Pausoz pauso, Opportunity Health jaio arte

Opportunity Health ez da Sanchezek martxan jarritako lehen egitasmoa. Iturgina izatez, 2011 inguruan, emaztearekin batera, iturgindegi bat eratu zuen, eta 2018an, Ürajet Innovations izeneko proiektua jarri zuen abian, non merkatu horretarako “produktu berritzaileak” garatu zituzten. Ezagutza hori oinarri harturik eta bere kabuz diseinu industriala ikasi zuen, eta horrek 2024an Opportunity Health sortzeko balio izan zion.

 

Urtebete beranduago Donostiako BerriUp azeleragailura jo zuen. Proiektua bermatzeko baldintzetako bat "bertan lanaldi osoan egotea" izan zenez, Sanchezek iturgintza eta Ürajet Innovations alde batera utzi, eta Opportunity Health abiatu zuen. Azeleragailuak “aholkularitza” eman zion ekimena arrakastatsua izan zedin.

Hasiera batean, Sánchezek 'Opportunity' deitu nahi zion egitasmoari, bizitzak salbatzeko aukerari erreferentzia eginez

Hasiera batean, Sánchezek Opportunity deitu nahi zion egitasmoari, bizitzak salbatzeko aukerari erreferentzia eginez, baina izena “oso orokorra” zela eta, Health hitza erantsi zion.

Ibilbide laburra, baina urratsez beterikoa

Ekintzailea “bakarrik” hasi zen 2024ko abuztutik abendura bitartean. Hurrengo urtean Marcos Llorente Ortega ingeniari biomedikoa gehitu zen proiektura, zortzi urtez Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Medikoko Laborategiko arduradun bezala lan egindakoa. Hori “oso urrats garrantzitsua” izan zen, Sanchezen esanetan.

Llorentek "proiektuan %100ean egoterik ez zuenez, utzi egin zuen", eta 2025eko irailean Nicolás López de Aguileta Castañok ordezkatu zuen, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Medikoko Laborategiko beste arduradun batek. Ondoren, Iñigo Almazán Tife sartu zen, biomedikuntzako ikerketa ingeniaria eta fabrikazioan eta materialetan aditua. "Hiru kide hiru zutabe nagusietarako: erregulazioa, diseinua eta prototipoa, eta lidergoa", azaldu du Sanchezek.

Lankidetza eta bazkide industrialak

IMQ erakunde italiarrarekin lankidetza itxi zuten, eta, irailaz geroztik Tecnomed izeneko aholkularitzarekin ari dira, "oso ondo lotutako erregulazio-estrategia bat egiteko", besteak beste. Darwin Biomed enpresak "gailu mediko bat" ere badu, erorikoak saihesteko, eta Sánchezen taldeari "prototipoak egiten eta erregulazioan" laguntzen dio, kide industrial bezala.

Abenduan, "bigarren inbertsio-erronda bat" itxi zuten, eta horrek "arnasa eman die", Sanchezen hitzetan. Gauzak horrela, aurtengo urtarrilaren amaieran Irati Garralda Bilbao hasi zen lanean, "alderdi arautzailerako laguntzaile gisa", eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikasle bekadun ere hasi dira lanean hiru hilabetez.

Sanchezek oso garrantzitsutzat jo du Heimlichen maniobra ezagutzea, baina funtzionatzen ez duen edo huts egiten duenean, "guk eskaintzen dugu osagarri hori", dio

Halaber, Riadeko (Saudi Arabia) Saudi Biotechnology Accelerator sariketan aitortza jaso du konpainiak, bigarrena geratu baita. BioSpain eta Euroeskualdeko Bio-osasun Saria ere irabazi dituzte. Horrek maila profesionalean "ikusgarritasuna eta balidazioa" jasotzeko balio izan die.

1773851703623
Opportunity Healtheko kideak, Euroeskualdeko BIo-osasun sariarekin | Argazkia: utzita

Saiakuntza eta akatsen bidez diseinatutako gailu berritzailea

Yarnasa deitu diote azken produktuari, ya eta arnasa hitzak barne hartuz. Start-uparen sortzaileak azaldu bezala, “CO2 kartutxo bat darama 60 bat bareko presiopean, eta aktibatzaile bat kolpe bakoitzeko, zigilu txiki batekin, irekita egon ez dadin, lehen kamera baten barruan”.

Honela funtzionatzen du: "beheko aldean kolpe txiki bat" ematen zaio. Puntzoi baten bidez "zigilua hautsi eta CO2a askatzen dio lehen kamera horri". Horrela, aktibatu egiten da. Sanchezek azaldu duenez, CO2a bigarren kamera batera pasatzen denean, gailua jarri behar da. Maskara darama, sudurra eta ahoa estaltzeko. Hori jarrita, palanka bat ateratzen da, eta isuria askatzen du. "CO2a geruza anitzeko isuri-eiektore batetik igarotzen da, eta horrek, Venturi efektua dela eta, presio negatiboa eta emaria sortzen ditu, airebideak kaltetu gabe desbuxatzeko nahikoa".

Yarnasa deitu diote azken produktuari, ya eta arnasa hitzak barne hartuz

Enpresak uste du azken produktu hau "aurreko metodoen osagarri" dela. Sanchezek oso garrantzitsutzat jotzen du Heimlichen maniobra ezagutzea, baina funtzionatzen ez duen edo huts egiten duenean (ez da eta %100 eraginkorra), "guk eskaintzen dugu osagarri hori", dio.