
Faes Farma konpainiak 28,4 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2025eko lehen hiruhilekoan, iazko epe berean baino %6,8 gutxiago. Beherakadaren arrazoia Derioko lantegi berriari egotzi dio taldeak, 2,9 milioi euroko gastuak sortu baititu. Hala ere, negozioa %8 handitu da, 136,3 milioi eurora iritsita; diru-sarrerek ere %9,7ko gorakada izan dute, 153 milioi euro eskuratuta. Emaitza horiek “sendoak” direla adierazi du farmaziak.
Ebitda doitua 42,4 milioi euroan kokatu da, Derioko lantegi berriaren gastuak kontuan izan gabe; zenbatekoa iazkoa baina %3 handiagoa da. Jakinarazitako Ebitda 39,3 milioi eurokoa izan da, %4,1eko jaitsierarekin.
2025eko aurreikuspenak azaldu ditu Valentín Ruiz Faes Farmako zuzendari exekutiboak: iragarpenak mantentzen ditu taldeak, espero baitute diru sarrerak %8 eta %10 artean handitzea urte amaierarako. Ebitda doitua %3 eta %5 artean handitzea nahi dute, baita jakinarazitako Ebitda %6 eta %9 artean jaistea espero ere. Emaitza horiek konpainiak 2025-2030 urteetarako prestatu duen plan estrategikoaren barruan kokatzen dira. Izan ere, farmaziak diru-sarrerak eta Ebitda bikoiztu nahi ditu 2030 urterako, alegia, hurrenez hurren, 1.000 milioi euro eta 240 milioi euro.