• ENPRESAK GAUR
  • Fagor: 11 herrialde, 11 hizkuntza, eta “horrek ez du galarazten euskaraz lan egin ahal izatea”

Fagor: 11 herrialde, 11 hizkuntza, eta “horrek ez du galarazten euskaraz lan egin ahal izatea”

Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratu du aurten Fagor taldeak. Euskara izaeraren parte badute ere, ziurtagiria eskuratzeko prozesua bera lagungarritzat jo dute aurrerapausoak emateko

Argazkia: Fagor
Argazkia: Fagor
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko abenduaren 3a - 05:30

Fagor taldeak etxetresna, automozio, ostalaritza edota makina-erreminten sektoreetan diharduten zortzi kooperatibek osatzen dute, eta mundu osoan zehar 10.000 langile baino gehiago dituzte. Aitzitik, hasieratik izan dute argi euren jardunaren funtsa: komunitatearen beharrei erantzutea.

 

Agian horregatik, kooperatiba taldeak ez du hizkuntza kudeaketa ikuspegi tekniko hutsetik lantzen, balio kooperatiboen parte den elementu bizia bezala baizik. Hala azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagorreko Gestio Sozialeko arduradunak. Eta horretan guztian, euskara, neurri handi batean, langileen arteko kohesioa sendotzen duena da, eta taldearen historiatik datorren izaera kolektibo eta komunitarioa indartzen duena. Horregatik, hizkuntza politika egituratzea ez da soilik lan ohituretan eragitea; Fagorren kasuan, euren izaera propioa zaintzea eta etorkizunerako sendotzea da.

Izaera horrek, hein handi baten, Fagorren hastapenak beretara joanda uler daiteke. “Fagor etxetresnak bezala jaio zen, Arrasaten, eta gerra ondorengo testuinguru batean, non lan aukerak oso urriak ziren”, kontatu dio Okarantzak EnpresaBIDEAri. Jose Maria Arizmendiarrietak, sortzaileak, ikasle gazteei prestakuntza eta etorkizunerako aukera ematea zuen helburu, eta filosofia horretatik sortu zuen lehen kooperatiba.

 

Leire Okarantza: "Euskararen normalizazioa gure kooperatibetan beste ildo estrategiko batzuen pare kokatzen dugu”

Hasierako etxetresnen proiektutik abiatuta, handitzen joan zen taldea, sektore ugaritara hedatuz eta Debagoienatik mundura salto eginez. Gaur egun, Euskal Herrian 5.000 bazkide inguru dituzte, eta kooperatibek tamaina eta jarduera ezberdinak izan arren, “talde mailan erronka komun bat edukitzeko bokazioa” dagoela azpimarratzen dute Okarantzak. 

Etengabe egokitzen

Erronka partekatu horretan, talde mailan, euskara ez da soilik komunikazio tresna; taldearen nortasunaren eta kooperatibismoaren adierazpen sakona baizik. Enpresaren kultura partekatuan funtsezko balioa da, komunitatean duen lotura historikoa eta soziala elikatzen dituena. Horregatik, euskararen presentzia ez da eguneroko jardunean “gehigarri” moduan ulertzen; ardatz estrategikoa da. Okarantzak nabarmendu bezala, “guretzako estrategikoa da; euskararen normalizazioa gure kooperatibetan beste ildo estrategiko batzuen pare kokatzen dugu”.

Gauzak hala izanik ere, enpresako hizkuntza egoera ez da estatikoa; gizartean gertatzen den bezala, aldatzen doa. Okarantzak argitu duenez, “gure lantokietara datozen langile berriak askotan euskararen ezagutzarik gabe datoz, eta horrek hausnarketa berriak eskatzen ditu".

Leire Okarantza: “Gure lantokietara datozen langile berriak askotan euskararen ezagutzarik gabe datoz, eta horrek hausnarketa berriak eskatzen ditu"

Hala ere, emaitzak esanguratsuak dira: ezagutza %80 ingurukoa da, eta erabilera %50etik gorakoa, Arrasateko datuak gaindituz. Gainera, taldeko kooperatiba ia guztiek Bikain ziurtagiria dute, euren konpromisoaren adierazle.

Euskara sustatzeko eguneroko lan zehatza

Fagorrek euskararen normalizaziorako urte osoan egiten duen lana etengabekoa da, sakon egituratutako prozesua, helburu argi batekin: euskara enpresaren eguneroko jardunean modu naturalean txertatzea. Arestian aipatu bezala, hizkuntza politika ez da kanpoko agindu bat; barrutik antolatutako kudeaketa eredua da.

Euskararen presentzia bermatzeko, ezinbestekoa da langileen trebakuntza. Horregatik, formakuntza planek pisu berezia dute, batez ere ezagutza gutxiago duten pertsonen kasuan. “Kolektibo osoaren ulermenak bermatzen du benetan erabiltzeko aukera erreala”, azpimarratu du. Horri gehitzen zaio kooperatiben arteko saretzea: hizkuntza normalizazioaren erronka ez dute banaka lantzen; talde mailako estrategia partekatua garatzen dute, elkarri babesa eta norabide komun bat emanez.

Hizkuntza normalizazioaren erronka ez du kooperatiba bakoitzak banaka lantzen; talde mailako estrategia partekatua garatzen dute, elkarri babesa eta norabide komun bat emanez

Gainera, Fagorrek aholkularitza tekniko espezializatua du bidelagun. Aholkulari horien lana funtsezkoa da planak egoki diseinatzeko, indartu beharreko arloak identifikatzeko eta kooperatiba bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintzak proposatzeko. Konpromiso hori guztia urteko aurrekontuan ere islatzen da: “urtero kooperatibetako euskara planetara bideratzen da diru partida garrantzitsu bat, milioi bat euro inguru”, kontatu du.

Urrezko Bikain Ziurtagiria: aintzatespen bat, bultzada bat

Bikain ziurtagiria euskararen presentzia eta erabilera egituratua ebaluatzen duen sistema zorrotza da, eta Fagorrek urrezko maila eskuratu du ia kooperatiba guztietan. Okarantzaren esanetan, egindako esfortzua agerian uzten du: “aitortza suposatzen du guretzat; kanpoko erakunde batek egiten duen azterketak barruan ere indar handia ematen du”.

Argazkia: Fagor
Argazkia: Fagor

Ohituta daude bestelako auditoria eta ziurtagirietara, eta naturaltasunez bizi dute euskararen ebaluazioa ere kooperatibaren kudeaketa prozesuen parte izatea. Emaitzak, pozgarria izateaz gain, taldearen konpromiso estrategikoa sendotzen du.

Leire Okarantza "[Urrezko Bikain ziurtagiriak] aitortza suposatzen du guretzat; kanpoko erakunde batek egiten duen azterketak barruan ere indar handia ematen du”

Horrez gain, Fagorrek argi du Bikain ez dela soilik ziurtagiri bat jasotzea; benetan baliagarria den prozesu bat dela defendatzen dute. Horregatik, beste enpresei ere gomendatzen diete aurrerapausoa ematea: “prozesua bera oso lagungarria da. Izan ere, laguntzen du ikusarazten erakunde bakoitzak non eragin behar duen eta urrats guztiak emateko ordena bat”. Ebaluazioak erakundeei ispilu bat eskaintzen die: hizkuntza kudeaketan zein puntu indartu, zein egokitu eta nola eraiki etorkizuneko bide orria. Fagorren ustez, hori da ziurtagiriaren benetako indarra: hausnarketa, orientazioa eta hobekuntzarako aukera ematea.

Euskararekiko konpromiso partekatua

Fagorrek gonbidapen zabala egin du: “hau ez da erakunde batek bere kabuz egin beharreko bidea; gizarte bezala daukagun erronka bati erantzuteko konpromisoa da”.

Leire Okarantza: "[Lan munduan euskararen aldeko apustua] ez da erakunde batek bere kabuz egin beharreko bidea; gizarte bezala daukagun erronka bati erantzuteko konpromisoa da”

Lan mundua etorkizuneko euskararen giltzetako bat da, eta Fagorrek erakusten du industriarekin eta nazioartekotasunarekin guztiz bateragarria dela. 11 herrialdetan eta 11 hizkuntza ezberdinetan lan egiten duten arren, euren hitzek esaten dute dena: “horrek ez du galarazten euskaraz lan egin ahal izatea”. Euskararen presentzia eta erabilera egituratuta daude, etorkizunari begira ere ziurtatuz hizkuntzak Fagorren bihotzean jarraituko duela.