• ENPRESAK GAUR
  • Amaia Agirre (Fagor taldea): "Datorren urtetik aurrera bederatzi kooperatiba izango gara"

Amaia Agirre (Fagor taldea): "Datorren urtetik aurrera bederatzi kooperatiba izango gara"

Egungo testuinguru "nahaspilatsuari" erantzuteko Fagorren gaitasuna nabarmendu du taldeko idazkari orokorrak. Kooperatiba taldea dibertsifikazio estrategia bete-betean da, enpresa berriak sortu eta beste batzuetan partaidetza erosita

Amaia Agirre Fagor taldeko idazkari orokorra, kooperatiba taldearen bulego nagusian, Arrasaten | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Amaia Agirre Fagor taldeko idazkari orokorra, kooperatiba taldearen bulego nagusian, Arrasaten | Argazkia: Raul Bogajo / Foku
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko azaroaren 10a - 05:30

Arrasateko Fagorren bulego orokorretan hartu du EnpresaBIDEA Amaia Agirre Aramburu (Oñati, Gipuzkoa, 1968) Fagor taldeko idazkari orokorrak. Handik metro gutxira ikus daitezke Fagor Arrasateren fabrika handitzeko lanak, lehen aparkalekua zegoen lekuan. 2027aren hasieran lantegi berria martxan izatea espero duela esan du Agirrek, eta taldearen dibertsifikazio estrategiaren erakusle dela ziurtatu. Kooperatiba taldeak merkatu berrien aldeko apustua indartu du azkenaldian, eta bere sektore tradizionaletan (makina-erreminta, elektronika, automozioak, etxetresnen osagaiak...) eraberritzen jarraitu nahi du, Txinako enpresen etorrerari, nazioarteko testuinguru geopolitikoaren eraginei eta merkatuko exijentzia berriei aurre egin nahian. Horren emaitza da, besteak beste, Fagor Healthcare, 2026an Fagor taldeko bederatzigarren kooperatiba izango dena. 

 

Azken hamar urteotako unerik onena bizi al du Fagorrek?

Onena ez dakit, baina testuinguru nahasi honetan lortu diren emaitzak onak dira, eta horrek erakusten du Fagorreko kooperatibek egoera aldakor honi erantzuteko daukaten gaitasuna. Proiektu guztien iraunkortasunerako faktore nagusia dira, eta baikorrak gara. Horren adierazle dira gure kooperatibetan egiten diren hainbat inbertsio, Fagor Arrasatek Arrasaten edo Onnera Groupek Oñatin handituko dituzten lantegiak, besteak beste. Ikusten da etorkizunari begira proiektuak baditugula eta aurrera begirako inbertsioak egiten ari direla. Enpresa berriak sortzen eta partaidetzak erosten ari gara azkenaldian.

 

Zer emaitza espero duzue urte amaierarako? 

Zaila da bizi dugun testuinguru nahaspilatsu honetan aurreikuspenak egitea, baina espero dugu urtea modu positiboan ixtea. Lehenengo sei hilabeteko datuei erreparatuz gero, fakturazio maila 1.100 milioi eurokoa izan da, aurreikusitakoa, gutxi gorabehera. Egiten dugun balorazioa baikorra da, baina ikusiko dugu, ze gauzak aldatzen doaz etengabe. Oro har, 1.700 milioi euroko fakturazioa dugu aurreikusia urte bukaerarako. Iazko mailari eutsi nahi diogu.

Industriaren ahulezia, Trumpen muga-zergak, geopolitika gorabeheratsua… zarata ugari dago Euskal Herrian nahiz nazioartean. Nola eragin dizue honek guztiak azkenaldian?

Bizi dugun mundua aldakorra, korapilatsua eta konplexua da, eta denbora gutxian gertatu diren faktore geopolitikoen ondorioz, aldaketak azkarrago doaz, eta, gainera, orain arte pentsatzen genituenak baino handiagoak dira. Horren aurrean jarduera oso ezberdinetan gabiltza, automozioan, makina-erremintan, elektronikan, etxetresnako osagaietan… Gure proiektuak globalak dira, nazioarte mailakoak, beraz, ezin dugu ukatu faktore horiek guztiek eragin bat izango dutela gure sektoreetan, besteetan izango duten bezala. Eta badago aipatu beharreko beste aldagai bat: enpresa txinatarren presentzia Europan.

Nola eragin dizue aldagai honek?

Enpresa txinatarrek Txinan jardun izan dute orain arte, Asiako merkatuei begira batez ere, eta, orain, Europara hurbiltzen ari dira era lehiakor batean, ez soilik gure sektoreetara, sektore guztietara baizik. Horri erantzuteko estrategia garbiak eta eraginkorrak behar ditugu, eta horretan ari gara. Horren adibidea da Fagor Ederlanek Duoly Technologyrekin egin duen joint-venturea bere posizioa defendatzeko Txinan. Bagabiltza estrategiak garatzen halako egoerei aurre egiteko eta hori guztia lagungarri izango dugu aldakortasunera egokitzeko.

"Enpresa txinatarrek Txinan jardun izan dute orain arte, Asiako merkatuei begira batez ere, eta, orain, Europara hurbiltzen ari dira era lehiakor batean, [...] Horri erantzuteko estrategia garbiak eta eraginkorrak behar ditugu"

Zein joera dute Fagor taldearen merkatu nagusiek?

Merkatu tradizionalak direnak aldatzen ari dira. Egokitu beharra dago, baina aukerak ere badaude, eta gure apustua dibertsifikazioa da. Urte asko daramagu horretan, eta ari da fruituak ematen. Adibidez, Fagor Ederlanek aurten erosi du AEBetako Regen Aluminium enpresaren gehiengoa, birziklatutako aluminioaren negozioa indartzeko. Horrez gain, Ederbatt negozioa sortu berri du Mondragon Assemblyrekin batera, bateria industrialen nitxo konkretu batean jarduteko. Copreci ere ari da bide horretan: parte hartzea erosi du bizikleta elektrikoen ekoizle den Niche Mobility enpresan.

Dibertsifikatzean, apustuak egiten dira, batzuk ondo irtengo dira eta beste batzuk bidean geratuko dira, baina apustuak egiten ari gara, etorkizunean ere prestatuta egoteko. Geldi geratu barik, Fagorren erronka berriei heldu eta aurrea hartzen saiatzeko helburua dugu, eta positiboa da hori, lagungarria, gaur egungo testuinguru konplexuetarako.

bb 20251014143270
Merkatu berrietan sartu nahi du Fagorrek | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Merkatu tradizionaletan egokitzeaz gain, merkatu berrien aldeko apustua egiten ari zarete. Aurreikusten duzue epe motzeko bestelako urrats esanguratsurik?

Bai. Aurretik azaldutako adibideez aparte, badago aipatu beharreko beste bat, Fagor Healthcarerena. Alegia, 2012an apustua egin genuen Fagorrek presentziarik ez zuen beste sektore batean jarduteko, osasungintzarenean. Mondragon Innovationekin batera egin genuen apustu hura. Horri esker, 2026tik aurrera bederatzigarren kooperatiba izango du Fagor taldeak: Fagor Healthcare. Bere bidea egin du, Nafarroako Cinfa farmazia-laborategia ere batu zaio bazkide gisa, eta, urte batzuk igarota, dimentsio eta bideragarritasun bat du. Taldeko beste kide bat izateko heldutasuna daukala uste dugu. Beraz, 2026tik aurrera, osasungintzaren sektoreko kooperatiba bat ere izango du Fagorrek.

Non kokatuko da kooperatiba berri hori? Lantegi propioa izango du?

Garaia Parke teknologikoan dago oraingoz, eta 12 langile ditu. Dimentsio bat hartzen badu, leku bat topatu beharko da. Arrasaten izango da seguru, baina non ikusi beharko. Behinik behin, ez du planta handi baten beharra izango, ezta makina handiena ere, eta jarduera garbia izango du. Dena den, almazenak eta bestelako espazioak beharko ditu etorkizun batean.

Murgilduta zaudeten dibertsifikazio estrategian nola lagundu dezake berrikuntzak?

Berrikuntza funtsezkoa da merkatuan balio proposamen desberdinak garatu eta eskaintzeko. Bide horretan, hiru berrikuntza unitate ditu Fagorrek, Koniker, Fagor Aotek eta Edertek. Oro har, horiek guztiak lagungarri dira sektore eta merkatu desberdinetan dauden beharrizan eta aldaketei erantzuteko. Dena den, zeregin horretan, ez nintzateke mugatuko zentro horietara soilik, Mondragon Unibertsitatearekin eta bestelako zentro teknologikoekin ere ari baikara interkooperatzen eraginkortasunez eta azkartasunez erantzuteko. Finean, lehiakortasuna eta berrikuntzaz mintzo garenean, lurralde eta ekosistema osoari begiratzen diogu Fagorren, eta ekarpena ere egiten dugu bide horretan.

"Dibertsifikatzean, apustuak egiten dira, batzuk ondo irtengo dira eta beste batzuk bidean geratuko dira, baina apustuak egiten ari gara, etorkizunean ere prestatuta egoteko"

Txinari egin diozu erreferentzia lehen. Estrategia garbiak eta eraginkorrak aipatu dituzu.  

Hala da. Txinako enpresak hemen daude dagoeneko. Testuinguru horretan, balio diferentzialetan sakontzen eta zerbitzu on bat eskaintzen jarraitu beharra dugu, baina segurenez ez da nahikoa izango. Asiako merkatura begirako estrategiak ere landu beharko ditugu. Horretan ari gara.

bb 20251014143252
Urtearen bigarren erdirako 1.700 milioi euroko fakturazioa aurreikusi du Fagorrek | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Lehen aipatu dituzun Fagor Arrasate eta Onnera Groupen lantegien handitzeak zein puntutan daude? 

Onnera Groupen kasuan, espero dugu 2026aren hasieran bukatzea. Pauso oso inportantea izango da kooperatibarentzat. Eraikin berriak ahalbidetuko du haren negozio nagusiak, Foodservice eta garbikuntzakoa, bereiztea, alegia, planta desberdinetan kokatzea. 10.000 metro karratuko eraikin berriak, gainera, puntako teknologiak eskainiko ditu ekoizpen prozesuaren automatizaziorako. Oro har, Lean Manufacturing  kudeaketa sistemari esker ekoizpen prozesua eraldatuko da efizientzia ikuspegi batetik, eta hori lagungarri izango da kalitatezko produktuak eskaintzeko eta Fagor markarekin merkatuan posizionatzeko.

Beste aldetik, Fagor Arrasate 6.000 metro karratuko planta bat ari da egiten, eta helburua da pieza handiko mekanizatua, orain arte kanpoan egiten zena, bertan egitea, puntako teknologiarekin. Horrek ere balio erantsi bat emango dio kooperatibari, eta lagungarri izango da merkatuko posizionamendurako. 2027an martxan izatea espero da. Aurten bukatuko dira eraikina eta barneko egokitzapen guztiak, baina, gero, makinak sartu beharko dira datorren urtean.

Bi inbertsio garrantzitsu dira etorkizunari begira. Egoitza zentralak hemen dituzten nazioarteko kooperatibak dira, kanpoan hainbat filial dituztenak, eta, inbertsioa, Debagoienean, euren egoitza nagusietan, egitea erabaki dute. Horrek ondorio positiboak izango ditu Arrasate eta Oñati bezalako herrientzat. Hori ere bada kooperatibak bereizten dituen aldagai bat, erroak indartzea eta gertuko komunitateari eta lurraldeari ekarpen bat egitea.

Fagor Etxetresnak kooperatibako bazkide ohien kontsolidazio prozesuarekin jarraitzen duzue. Nola dago hori?

Bazkide ohien %90 ingururi behin betiko soluzio bat eman zaio dagoeneko. Gure artean dauzkagun interkooperazio mekanismoei esker lortu da, beraz, eskertu behar dira pertsona horiek birkokatzeko kooperatiba guztien ahalegina eta eskuzabaltasuna. 1.736 pertsonaz ari gara -momentu honetan, 190 inguru daude soluzio definitibo barik, baina lanean-. Jakin badakigu halako egoerak ez direla batere errazak prozesuan murgilduta dauden pertsonentzako, eta, beharbada, ez goazela nahiko genukeen abiaduran, baina konpromisoak eta ahaleginak hor jarraitzen dute. Bide horretan, aurten 56 pertsona berri kontsolidatzea da asmoa. Eta badago beste datu bat: Lagun Arok 2025erako aurreikusita dituen kontsolidazio totalen hiru laurdenak Fagorrek egin ditu.

Aurten Bikain ziurtagiria lortu duzue eta 715.000 euro bideratu dituzue euskara planetara. Zein egoera bizi du Fagorrek euskarari dagokionez?

Fagorren, euskararen normalizazioarekin daukagun konpromisoarekin jarraitzen dugu. Hor duzu datua, zenbat bideratu dugun euskara planetara, eta hor daude baita ere lortu ditugun emaitzak. Hainbat aitortza jaso ditugu azken urteotan: esaterako, Abadia Saria jaso genuen 2021ean, eta, azken urteotan, goi-mailako Bikain ziurtagiriak lortu ditugu gure kooperatibetan, baita bulego orokorretan ere. Horrek erakusten du lortutako emaitzak zeintzuk diren, eta harro gaude egindako ibilbideaz.

Datu batzuk emate aldera, taldean hamarretik zortzik gaitasuna du euskaraz lan egiteko. Eta hamarretik bederatzik ulertzen du, nahiz eta gero gaitasunik ez eduki hitz egiteko. Oinarrizko premisa bat ematen digu bide horretan jarraitzeko. Elkarrizketen erdiak euskaraz egiten dira Fagorren. Arrasaten, esaterako, ahozko erabilera %26,3koa da Soziolinguistika Klusterraren azken ikerketaren arabera. Gurean, bikoitza da datua.

Taldeko organoak ere eredugarriak direla esango nuke. Errektore kontseiluetan, kontseilu sozialetan, zuzendaritzan... elkarrizketen %80 euskaraz egiten dira. Bide bat egin dugu, eta hor ditugu emaitzak. Dena den, lanean jarraitzen dugu.

"Elkarrizketen erdiak euskaraz egiten dira Fagorren. Arrasaten, esaterako, ahozko erabilera %26,3koa da Soziolinguistika Klusterraren azken ikerketaren arabera. Gurean, bikoitza da datua"

Zertan ari zarete orain?

Teknologia berriak erabiltzen hasi gara euskarak lan munduan beste pauso bat eman dezan, Trebe itzulpenerako erreminta, tartean. Proba pilotu bat egin dugu eta orain balorazioa dator. Hizkuntza teknologiek esangura handia izan dezakete bide horretan.

Nola bihurtu nahi duzue euskara lehiakortasun faktore?

Euskara lan hizkuntza bezala erabiltzea hautua da, eta gertutasuna erakusten du, baita erosotasuna ere. Nik uste dut egun unibertsitatetik datozen ikasleek balioan jartzen dutela, euskara maila altuarekin datozelako, eta beraiek ere lan munduan bere ama hizkuntzan hitz egin nahi dutelako. Baina, egia da geroz eta hizkuntza gehiago daudela gure kooperatibetan, beste enpresetan dauden bezala; bitartekoak jarri behar ditugu testuinguru horretan ere euskararen presentzia indartzeko. Gure kasuan, gizarte konpromisotik harago, hautu bat da euskarari leku bat ematea. Hortxe daude datuak eta jarraituko dugu euskararen aldeko konpromisoarekin lanean.

image(1)
Osasungintza sektorean bere marka posizionatu nahi du Fagorrek | Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Hizkuntza eta kultura aniztasunak erronka berriak ere badakartza.

Hala da. Eta hizkuntza eta kultura aniztasunaren testuinguruan, integrazio prozesuetako aldagaietako bat izango da euskara. Finean, migrazio prozesu baten ondoren Debagoienean edo Euskal Herriko beste leku batzuetan bizi diren herritarrak ere erakarri gura ditugu gure kooperatibetara, eta hor izango ditugu kultura aniztasunak planteaturiko zenbait erronka, kooperatibagintzaren kultura mantentzea eta euskararen normalizazioan aurrera jarraitzea, besteak beste. Horrek ere, plangintza eguneratuak, bitarteko berriak erabiltzea… eskatzen du.

Eredu kooperatiboa ere talentua erakartzeko aldagai izan daiteke, baina eredu hori etengabe aldatzen ari da. Nondik jo nahi du Fagorrek?

Gizartea aldatzen ari den heinean, uste dut garrantzitsua dela kooperatibagintzaren iraunkortasunerako mesedegarri izango diren eguneraketak egitea. Ikuskera orokorra da azken urteetan munduan gertaturiko zenbait egoerek, kolektiboa baino, interes indibiduala lehenetsiarazi dutela. Horrek hainbat erronka sortzen dizkio kooperatiba ereduari. Guk, esaterako, buelta bat eman diogu gure gobernantza ereduari, gure organo sozialen funtzionamendua egokiagoa izateko. Azken Batzar Nagusian hainbat aldaketa normatibo eta estatutario proposatu genituen, Errektore Kontseiluko kideei begirakoak, batez ere. Era berean, uste dugu formazioa ezinbestekoa dela kultura kooperatiboan sakontzen jarraitzeko. Urrats berriak aurreikusten ditugu aurrera begira.

Zer abantaila eta desabantaila ikusten dizkiozue eredu kooperatiboari? 

Abantaila gehiago ditu desabantaila baino, nahiz eta abantaila horiek, agian, ez ditugun behar moduan transmititu. Hasteko, esan beharrik ez dago kooperatibetan pertsonak garela lehentasun. Gureak lan elkartuko kooperatibak dira, enplegua sortzea dute helburu, eta, gainera, kideok gara kooperatibon jabeak. Finean, enpresa eredu demokratikoa da kooperatibagintza, eta bazkide guztiei eskaintzen die organo sozialetan parte hartzeko aukera. Era berean, elkartasuna eta gizarte konpromisoa ditugu oinarrian, eta hori ere bada balioan jartzen den zerbait. Balioan jartzen duen horrek, gainera, askotariko lanpostuak topatuko ditu Fagorren, sektore desberdinetan diharduten zortzi kooperatibei eta hiru berrikuntza unitateei esker. Oro har, kooperatiba erakargarriak eta esangura handiko proiektuak dituen talde batean jarduteko aukera eskaintzen dugu. Eta, aurrekoez gain, baditugu berezko ditugun tresnak kooperatiben epe luzeko ibilbidea bermatzen laguntzeko, elkartasun mekanismoak, esaterako; horiekin, elkarri laguntzen diogu egoera konplikatuak direnean. Garrantzitsua da horiek guztiak balioan jartzea eta transmititzea.

"Guk, esaterako, buelta bat eman diogu gure gobernantza ereduari, gure organo sozialen funtzionamendua egokiagoa izateko. Azken Batzar Nagusian hainbat aldaketa normatibo eta estatutario proposatu genituen"

Zergatik diozu kooperatibaren abantailak ez direla behar bezala transmititu?

Fagorren, eta, oro har, kooperatibetan, oso gutxi aritu gara kanpora begira egiten dugun guztia transmititzen. Esatekoak baino, egitekoak izan gara Fagorren. Askotan esan izan digute hori. Konturatu gara, dena den, garrantzitsua dela egiten dugun guztia azaltzea, gutxien gutxienik, kooperatibagintza bera balioan jartzeko. Ez dugu ahaztu behar gure esperientzia kooperatiboa erreferente dela mundu mailan, eta badagokigula lan egitea ereduaren epe luzeko ibilbidea bermatzeko. Horretarako, derrigor izango dugu egiten duguna eta garena behar moduan transmititu beharra.

Nola ikusten duzu Fagor hemendik bost-hamar urtera?

Urte batetik bestera gure merkatuetan aldaketa sakonak egon dira, eta garai zailak eta nahaspilatsuak bizi izan ditugu. Horrek nolabaiteko eskarmentua eman digu etorkizunari baikor begiratzeko. Nik esango nuke bizitakoak indartu egin gaituela. Adierazleak hor daude, gure proiektuak, inbertsio berriak… Fagor indartsu bat aurreikusten dugu, esan bezala, sektore berrietan sartuko dena. Aldaketak etorriko dira, eta horiei aurre egiteko ari gara lanean.