Automozioaren esparrutik harago egindako jarduera berrien esploraziotik eratorritako enpresa-ekimen berritzailea da Fagor Ederbatt. Elkarlanaren eta ekintzailetzaren emaitza. Fagor Ederlan kooperatiban du sorburua. Bertan gorpuztu zen ideia. Bertan jaio zen, eta bertan eman zituen lehen urratsak.
Orkli, Mondragon Assembly, Ikerlan, Mondragon eta Spriren Ezten kapital-arrisku funtsaren babes instituzionalarekin hazi da. Hezi. Handitu. Hauspotu eta indartu. Kooperatiba eta eragile teknologikoen bulkadarekin. Eredu kolaboratibo horri esker ezagutza teknologikoa, gaitasun industriala eta etorkizuneko ikuspegi partekatuak bat egin dute. Elkar elikatu dira. Norabide, ikuspegi eta egiteko modu propioa eraiki dute. Bide berriak zabaldu. Egitasmoa egonkortu.
Produktu bat baino gehiago da Fagor Ederbatt. Gizarte garapena. Komunitatearen zaintza. Iraunkortasuna. Oraina eta etorkizuna. Interkooperazioa. Garraio garbiago, eraginkorrago eta iraunkorrago bat posible izatea bermatzen du. Merkatuaren estandar zorrotzenak betetzen dituzten soluzio teknologiko aurreratuak eskainita. Goi mailakoak. Punta-puntakoak. Mugikortasun elektrikoaren sektore nagusiak hauspotzen ari da jada. Abiada egokia emanez, behar duten arnasa ahalbidetuta.
Teknologia aurreratua erdigunean
Fagor taldetik sortu den egitasmoa errendimendu handiko litio-baterien garapena, ekoizpena eta merkaturatzea helburu dituen proiektu kolaboratibo berritzailea da. Teknologia aurreratuak eskaintzea du erdigunean. “Gaur egun, hiru NMC litio-ioizko bateria-erreferentzia ari gara hornitzen, tentsio handiko bateria modularrak, merkatuan dauden mugikortasun-aplikazio gehienen beharrei erantzuteko diseinatuak”, zehaztu du Ricardo Valoriak, Fagor Ederbatteko zuzendari komertzialak. Gizarte hobeago eta jasangarriago bat sortzeko bidean bere alea ipini nahi du Fagor Ederbattek.
Are gehiago, 2026ko lehen hiruhilekotik aurrera, LFP bateria berri bat merkaturatuko dute. Segurtasun eta energia-eraginkortasun handiko soluzioa ahalbidetuko duen bateria. Horrek, orain arte egindako bidea osatu eta indartuko du. Ez dira konformatzen, ordea, eta egoera solidoko baterien garapenetan ere ari dira lanean. Etorkizun hurbilean, teknologia horrek “mugarri” bat ezartzea espero dute. Etorkizun hobeago bat eraiki nahi dute. Belaunaldi berrien bizi kalitatea hobeagoa bermatu.
Ricardo Valoria: “Bateriak mugikortasun elektrikoaren bihotza dira, eta gure ekarpena ukigarria da: arinagoak, bolumen txikiagokoak eta energia-eraginkortasun handiagoko produktuak eskaintzen ditugu, garraioaren elektrifikazio erreala bultzatuta”
Autobus elektrikoetara, trenetara, itsas aplikazioetara, karga-sistema mugikorretara eta portu-instalazioetara iritsi da jada Fagor Ederbatt. Bertan topa daitezke. Sistema horien parte dira. Mugikortasun elektrikoaren erreferente izateko bidean dira.
“Bateriak mugikortasun elektrikoaren bihotza dira, eta gure ekarpena ukigarria da: arinagoak, bolumen txikiagokoak eta energia-eraginkortasun handiagoko produktuak eskaintzen ditugu, garraioaren elektrifikazio erreala bultzatuta”, nabarmendu du Valoriak. Hitzetatik ekintzetara igaro dira. Tokian tokian eta gure mugetatik harago eragin nahi dute.
Gizarte hobe bat sortzen laguntzea helburu
Gizarte garapen iraunkorra. Deskarbonizazioa. Talde kooperatiboaren gaitasun teknologikoen garapena. Berrikuntza. Dibertsifikazioa. Hainbat oinarritan ardaztutako proiektua azken hamarkadan izandako eraldaketa industrialaren eta sozialaren emaitza bilakatzen da. Energia-trantsizioa. Garraiobideen elektrifikazioa.
“Mugikortasun elektrikoaren balio-katean eragile garrantzitsua izan nahi dugu, trantsizio hori bizkortzen lagunduko duten bateria eraginkorrago eta iraunkorragoak garatuta”, argitu du zuzendari komertzialak.
Lehiakortasun globala. Material estrategikoen horniketa-katearen segurtasuna. Teknologia-eboluzioa bizkorra. Ingurumen araudi aldakorrak. Sektoreak erronka handiei egin behar die aurre. Berrikuntza, lankidetza eta negozio eredu sendo eta kooperatiboak dituzte sendagai eta antidoto.
“Mugikortasun elektrikoaren balio-katean eragile garrantzitsua izan nahi dugu, trantsizio hori bizkortzen lagunduko duten bateria eraginkorrago eta iraunkorragoak garatuta”
Baterien ekoizpena sendotzen jarraitu. Nazioarteko presentzia indartu. Egoera solidoko baterien garapenean aurre egin. Bidea marrazten jarraitu nahi du Fagor Ederbattek. Eredu izan, eta zergatik ez; aitzindari.
“Amets egiten dugu Fagor Ederbatt Europako erreferente bilakatzearekin energia-biltegiratze adimenduneko soluzioetan. Euskaditik abiatuta mugikortasun elektriko globalean eta iraunkorrean gure alea ipini nahiko genuke”, baieztatu du Valoriak. Bide luzea dute egiteko. Ez dute horren beldurrik. Erronkarik zailenari ere aurrez aurre heltzeko prest daude. Jarrai bedi urte luzez.