
Fagor Ederlan Taldeak akordioa egin du Chuzhou Duoli Automotive Technology (Duoli Technology) enpresa txinatarrarekin: elkarlanean joint venture bat eratuko dute; hau da, bi konpainiek teknologiak, bezeroak eta ezagutza partekatuko dituzte.
Aliantza estrategiko berriari esker, automobilgintzarako osagaien sektoreko kooperatibak presentzia indartuko du nazioartean, Asiako merkatuko bezero berriekin harremanak bideratuko baititu, baita taldeak Kunshanen 2011z geroztik duen lantegia sendotu ere. Gainera, “etorkizunean bere bezeroei eskaintzen dien zerbitzuaren kalitatea handitzen lagunduko du” eragiketak. Horrez gain, Duoli technology Fagor Ederlan Kunshanen akziodunetan ere sartu da.
Duoli Technologyk 20 urte baino gehiagoko esperientzia du automobilgintzarako osagaien garapenean, ekoizpenean eta salmentetan. Bestalde, estanpazio piezetan, saldatutako muntaketa piezetan, pieza funtzionaletan, estanpazio moldeetan, termo-konformazio piezetan eta integratutako presio bidezko galdaketa piezetan espezializatzen da enpresa txinatarra. Fagorren esanetan, Duoli Technologyk “Txinako merkatuaren ezagutza sakona eta industria gaitasun handia ematen du”.