• ENPRESAK GAUR
  • Fagor Taldeko kooperatiba bilakatu da Fagor Healthcare

Fagor Taldeko kooperatiba bilakatu da Fagor Healthcare

2012an sortutako proiektuak "dimentsioa eta bideragarritasuna sendotu" ditu, eta Cinfa farmazia-laborategia izango du bazkide gisa

Gorka Bergaretxe Muguruza Fagor Healthcare kooperatibako lehendakaria | Argazkia: Fagor
Gorka Bergaretxe Muguruza Fagor Healthcare kooperatibako lehendakaria | Argazkia: Fagor
2026eko urtarrilaren 19a - 16:10
Eg. 2026eko urtarrilaren 20a - 15:28

Bederatzi kooperatiba izango dira aurrerantzean Fagor Taldean. Fagor Healthcare, 2012an sortutako proiektua beste zortzi kooperatibei batuko zaie, eta osasungintza sektorean arituko da. Kooperatiba taldeak azaldu duenez, Fagor Healthcare sortu zenetik “dimentsioa eta bideragarritasuna sendotu ditu”, eta, gainera, Cinfa farmazia-laborategia batu zaio bazkide gisa.

 

“Urrats berri honek ahalbidetuko du Fagorrek kooperatiba bat izatea osasungintzaren sektorean. Exijentzia eta zorroztasun handia eskatzen dituen merkatu nitxoa da, beraz, Fagor markaren fidagarritasuna indartzea ekarriko du. Berri ona da, dudarik gabe”, adierazi du Amaia Agirre Aramburu Fagor Taldeko idazkari orokorrak.

Fagor Healthcarek hamar urte baino gehiago daramatza osasungintzaren sektorean Fagor markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua eskaintzen, pazienteen atxikidura-terapeutikoa hobetzeko eta haien senitartekoei eta zaintzaileei laguntzeko helburuarekin.

 

“Pilulen dosifikaziorako sistema berritzaileei esker, paziente kronikoek behar bezala har dezakete agindutako medikazioa, eta, horrek, haien bizi-kalitatea hobetzea dakar”, azaldu du Gorka Bergaretxe Muguruza Fagor Healthcareko lehendakariak.

Gaur-gaurkoz 2.500 farmazia baino gehiagok eskaintzen dute Fagor Taldeko kooperatiba berriaren zerbitzua, eta 60.000 paziente baino gehiagok erabiltzen dute Fagor markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua.