Gaur hasiko da Bilbon Familia Enpresen Espainiako XXVI. Kongresua. 500 bat familia enpresetako ordezkariak elkartuko dira asteartera arte familia enpresa eta enpresarien figuraren inguruan eztabaidatu eta ikasteko asmoz. AEFAME Familia Enpresen Euskadiko Elkartea izango du anfitrioi topaketak, egun EAEko 72 familia enpresek osatzen dutena, batez ere ertainak eta handiak —nahiz eta EAEn mikroenpresa familiar asko dagoen—. Erakundeak eman berri dituen datuen arabera, erkidegoko ehun ekonomikoaren %84 inguru suposatzen dute familia enpresek. Aitzitik, haien berezitasunei buruzko ezagutza zabaldu behar dela uste du Gaizka Zulaika AEFAMEko zuzendariak.
Zergatik da garrantzitsua Familia Enpresen XXVI. Kongresua Bilbon egitea?
AEFAME Espainia mailako familia enpresa elkarteen sare baten barruan dago, Instituto de Empresa Familiar deritzona. Beraiek antolatzen dute ekitaldia, eta sare horren parte garenez gero, geuk ere parte hartzen dugu, aurten anfitrioi gisa. Gu berez hemen txikiak gara, baina 500 familia enpresetako kideak etorriko dira, eta horrek ahalbidetuko du ikusaraztea gure enpresa motak zer nolako pisua duten gizartean, eta zein garrantzitsuak diren etorkizunean. Eztabaida aktibatu egiten du. Ondo datorkigu.
Bestalde, guretzat interesgarria da beste familia enpresa batzuekin elkartu eta ikastea, eta elkarri babesa ematea. Gainera, gure eskaerak partekatu ditzakegu erakundeekin eta bestelako eragile ekonomikoekin.
EAEko %84 dira familia enpresak. Zehazki, AEFAMEko enpresek 15.242 milioi euroko fakturazioa dute, eta 148.000 pertsona baino gehiagori ematen diote lan. Ehun ekonomikoan duten garrantziaren erakusle?
Bai. Eta hori da gure argudio nagusia. Agian jende gehienarentzat enpresa munduko ezezagunak gara. Badakite gutxi gorabehera, izenak hala dioelako, familia enpresa baten familia bat dagoela atzetik, baina gehiengo batek uste du beste enpresa bat gehiago dela. Gure lehen helburuetako bat da bereizten hastea familia enpresak enpresa mota berezia direla, bere ñabardura, behar, indar eta ahuleziak dituena. Hortik eraiki nahi dugu gure diskurtsoa, lehiakorra den ekosistema eraiki dadin halako enpresa gehiago eta sendoagoak izateko.
Zergatik dago ezagutza falta hori gizartean?
Ez dut uste maltzurkeria kontua denik. Gizartean enpresa kontzeptua oso zabala da; hala ulertzen du jendeak. EAEn kooperatibaren kontzeptua, adibidez, asko garatu da. Lege bat dago, esparru bereziarekin. Multinazional handien kontzeptua ere badago kokatuta, gutxi gorabehera. Hortik aurrera, gainontzekoak, besterik gabe enpresak dira. Zaku horretan sartzen dira.
Enpresa zaku horretan, aldiz, batzuen ikuspegia izan daiteke epe laburrera etekinak lortzea, beste bati saltzeko prestatzea, denbora batez merkatu baten egon eta ondoren aldatzea... Familia enpresa baten helburua beste bat da: hurrengo belaunaldiak jarraitzea. Epe luzeko helburua da, askoz kontserbadoreagoa eta arrisku gutxiago hartzen. Horregatik da guretzat garrantzitsua bereizten joatea.
"Gure lehen helburuetako bat da bereizten hastea familia enpresak enpresa mota berezia direla, bere ñabardura, behar, indar eta ahuleziak dituena. Hortik eraiki nahi dugu gure diskurtsoa, lehiakorra den ekosistema eraiki dadin halako enpresa gehiago eta sendoagoak izateko
Errotzean ere rol gakoa joka dezake?
Errotzearen kontzeptua jabetzari eta familiari lotuta dago. Azkeneko urteetan mugimendu asko egon da funtsen aldetik-eta enpresak erosi baitira. Saltzen denean erakundeak, hiritarrak, elkarteak... den-denak urduri jartzen dira. Baina ba al dakigu zer dagoen salmenta horren atzean? Jabetza batzuk, akziodun batzuk, pertsona batzuk. Euren bizipenak, euren harremana gizartearekin, euren harremanak egunerokotasunean.
Familia enpresa baten atzean, adibidez, badakigu nor dagoen: gure herri edo eskualdeko familia bat. Seguruenik bere familiako partaide batzuk ezagutuko ditugu, seme-alabak eskolara elkarrekin joaten direlako, lagunak direlako, karrera elkarrekin ikasi dugulako edo dena delakoagatik. Familia hori hor dagoen bitartean, errotze horren bermeak gehiago izan daitezke, nahiz eta ezin dugun ziurtatu, noski. Familia hori zaintzen badugu, eta hark gauzak ondo egiten baditu, proiektuak aurrera jarraitzeko aukera gehiago izan ditzake. Horregatik, gure estrategiaren barnean beste ildo nagusia da zein garrantzitsua den enpresak errotuta egotea, eta hazten joan eta lehiakorragoak izatea.
Ehun ekonomikoaren biziraupena dago jokoan?
Halako esparruak bultzatzea aurrera begirako hil ala biziko estrategia da denontzat. Ezin dugu denok funtzionario edo irakasle izan. Enpresa pribatu indartsuak behar ditugu. Gaur egun balio duen jende asko kanpora joaten da: "Herbehereetara joan naiz, oso lan baldintza onak dituztelako eta oso ondo ordaintzen dutelako". Hori gertatzen da enpresa onak daudelako, gehiago ordaintzeko eta baldintza hobeak eskaintzeko gaitasuna duena, gainera. Halako enpresa gehiago garatu behar ditugu gure inguruan. Eta familia enpresek, joko hortan, asko eman dezakete.
Talentu hori balioan jartzen hasi behar gara?
Nik nahiko nuke gizartean oro har enpresenganako sentsibilitatea goraka joatea. Duela urte batzuk idatzitako artikulu baten esaten nuen gizarteak kirolaren talentua beti jarri duela goi mailan. Baita idazleena eta poetena zertxobait ere. Nik nahi dut gure talentu guztia gurekin geratzea. Ez dut nahi kanpora joatea. Baina badirudi enpresariaren talentua ez dela baliotsutzat jotzen. Niretzat, harribitxia da. Aita Arizmendiarrieta kooperatiben sortzailea harribitxia zen gizartearentzat. Hark sortu eta bultzatu zuen guztiaren balioa ezin da kalkulatu ere egin. Zenbait jendek hori onartzen eta aitortzen du, baina besteentzat besterik gabe hor daude zergak ordaindu eta beren lana egiteko. Gainera, hedabideetan gehienetan entzuten da alde negatiboa, kexa eta haserrea, eta ez hainbeste alde positiboaAldiz, mirestekoa da enpresa sortu duena edo sekulako kontratua lortu duena, horrek herriari ekarpena egingo diolako. Kontziente izan behar gara talentu mota hori ere zaindu egin behar dugula, bestela joan egingo direlako. Askoz baikorragoak izan behar gara, betiere gauzak ondo egin ditzaten exijitzen, baina gauzak ondo egiten direnean aitortzen. Ez dugu asko hitz egiten horri buruz. Baina, egia esan, ez dakit nola lortu dezakegun.
"Nik nahi dut gure talentu guztia gurekin geratzea. Ez dut nahi kanpora joatea. Baina badirudi enpresariaren 'talentua' ez dela baliotsutzat jotzen"
Enpresa familiarra ulertzeko modua aldatu egin da urteek aurrera egin ahala?
Bilakaera kontzeptuala izan da. Gu Euskadiko Familia Enpresen Elkartea gara, baina barne hartzen ditugu familia enpresak eta familia enpresariak. Familia enpresa tradizionaleko kontzeptua ondorengoa da, adibideekin azaltzearren: gure arbasoek egiten zituzten alpargatak, eta hori garatzen joan ostean egun egiten ditugu luxuzko alpargatak eta kiroletako oinetakoak; edo torlojuak egiten hasi zen aitona, eta orain torloju sofistikatuak egiten ditugu. Alegia, produktu berdina egiten jarraitzen dugu, baina garapen batekin.
Egun, baina, formula edo kontzeptu gehiago daude. Esaterako, nahiko arrunta izaten da enpresa batek bere produktuarekin ziklo bat izatea, eta dibertsifikatzea erabakitzea beste jarduera batzuetan sartuta. Hori eginda, gerta daiteke: lehenengoak indar gehiago izanda ere bigarren lerro hori edukitzea erabakitzea; lehenengo jarduera saltzea erabakitzea eta bigarrena indartzea; edo family office bat sortu eta horrekin beste enpresa edo negozio batzuetan inbertitzea, Euskadi mailakoetan adibidez. Beraz, bilakaera dago, familia enpresa izatetik, familia enpresari bihurtzera.
Edozein familia enpresari sartu daiteke AEFAMEren kontzeptu horren barruan?
Guretzat ez du balio edozein familia enpresarik. Demagun Singapurreko burtsan eratorritako enpresa baten dirua jartzea erabakitzen duen familia enpresa baten kasua. Hori guretzat inbertsorea da. Gure profila da gehiago berriro balio erantsia duten beste enpresa batzuetan edo jarduera ekonomikoetan inbertitzen duten horiena, oinordekotza bat garatuz, eta oinordekoak heziz esparru hori ondo kudeatu dezaten. Baldintza hori betetzen duten familia enpresa eta familia enpresarien kontzeptuak onartzen ditugu.
Familia enpresen figurak erronka garrantzitsu bat izan ohi du: belaunaldi aldaketa. Zenbaitetan, hirugarren belaunalditik pasatzea ez dela erraza izaten. Badira, aldiz, hori lortu dutenak. Zeintzuk izan ohi dira familia enpresa bezala bizirauteko gakoak?
Familiarekin lanketa egin behar da. Horri familia gobernantza deitzen diogu guk. Gobernantza kontzeptua normalean enpresari berari lotzen zaio: barruko organoak ondo antolatuta izatea kontseilu profesional batekin, gobernu kontseiluak izatea kanpoko jendearekin, eta kudeaketa prozesuak ondo egitea. Aipatutako partea pertsona juridikoaren kudeaketaren barruan dago. Baina familia enpresa kontzeptuaren barruan hiru esparru nagusi ditugu: enpresa esparrua; akziodunak, jabeak, familiakoak izaten direnak gehienbat; eta oinordekoak edo familia orokortasunean agian, egun akziodunak ez direnak baina epe labur baten izango direnak, edo beste akziodunekin harremana dutenak —adibidez, etorkizuneko akziodun baten guraso direlako—. Kudeaketak hiru esparru horien artekoa izan behar du. Baina akziodunen eta familiaren parteari esaten diogu guk familia gobernantza. Zenbat eta gehiago garatu, eta hobeto egin, orduan eta berme handiagoa izango dugu enpresako eragin positiboan, haren kudeaketan eta hazkundean.
Andres Sendagorta AEFAMEko aurreko presidenteak oso ondo azaltzen zuen hori: bi mando dituen gurdia da enpresa familiarra. Mando bat da enpresa juridikoa, eta bestea familiaren esparrukoa. Biak zaintzen ez baditugu, gurdia okertzen joango da, eta azkenean bidetik kanpo aterako da. Metafora horrek argi uzten du: zaindu nahi dugu familia.
"Bi mando dituen gurdia da enpresa familiarra. Mando bat da enpresa juridikoa, eta bestea familiaren esparrukoa. Biak zaintzen ez baditugu, gurdia okertzen joango da, eta azkenean bidetik kanpo aterako da [Andres Sendagorta AEFAMEko presidente ohia zitatuz]"
Eta zer esan nahi du 'familia zaintzeak' testuinguru horretan?
Azaltzea zer den enpresa bat, enpresa eta familia esparruak bereiztea, epe luzerako estrategia eta helburuak komunikatzea, zergatik egiten diren inbertsio jakin batzuk, zer dela eta izaten diren edo ez dibidendoak, barruan lan egiteko bete beharreko baldintzak, eta abar. Hori protokoloarekin lantzen dute askok, baina protokoloa prozesu guztiaren zati bat besterik ez da. Etengabeko dinamika izan behar da familia hezitzen eta bideratzen joateko. Hori da gobernantza prozesua. Eta zenbat eta gehiago garatu, orduan eta aukera gehiago izango dira familia enpresa bezala jarraitzeko.
Nola uztartu hori enpresaren eguneroko dinamikarekin?
Enpresarien artean geroz eta kontzientzia gehiago dago. Normalean, beren buruan lenengo grina da enpresa hazten joatea, makina berriak erostea, bezero gehiago lortzea, prozesu berriak adostea langileekin. Beste zatiari heltzea zailagoa izaten da. Hori da gure erronketako bat: normaltasun baten barruan sartzea, eta prozesu biak sinkronizatuta izatea.
Hezkuntza hori barnekoa da hein handi baten. Baina zein kanpo tresna topatu ditzakegu horretarako?
Urtetik urtera geroz eta eskaintza zabalagoa dago. Bai Deustuko Unibertsitatean, bai EHUn Familia Enpresen katedrak daude, eta hortik modulu eta ziklo batzuk eskaintzen dituzte hezitzen joateko, eta hortik kanpora ere badaude aholkularitzak-eta halako esparruetan lagundu dezaketenak. Eta noski, geuk elkarte bezala ere laguntzen dugu eta badugu hezkuntza eskaintza, kanpoko jendearen bitartez egiten duguna. Baina eskaintzaz gain, garrantzitsua da motibazioa lantzea. Izan ere, hurrengo faseetako bat izaten da beraiek, ondorengo belaunaldiek, nahi izatea.
"Akziodunen eta familiaren parteari esaten diogu guk familia gobernantza. Zenbat eta gehiago garatu, eta hobeto egin, orduan eta berme handiagoa izango dugu enpresako eragin positiboan, haren kudeaketan eta hazkundean"
Ezjakintasuneko testuinguru ekonomikoa da nagusi egun. Nola bizi dute AEFAMEko enpresek?
Ohartzen bazara, hamabost edo hogei urte daramatzagu zeinetan beti dagoen zerbait. Apur bat berreskuratzen hasten zarenerako, bizpahiru aldagai etortzen dira kanpotik zailtasun moduan. Familia enpresak, besteak bezala, oso kezkatuta daude, baina aldi berean ohitzen ari dira beti zerbait izatera. Abantaila bat ere badute, txikienak direnek: denetarik badago ere, malguagoak dira, eta haien esku dauden erabakiak azkarrago hartzeko gaitasuna dute horri esker. Alegia, ezingo dute kontrolatu gasaren prezioa, baina bai gasaren inpaktu hori gutxitzea ahalbidetuko dien erabakiak hartu.
Horrekin batera, zuhurragoak ere badira, kontserbadoreagoak, beti nahi baitute hurrengo belaunaldiak jarraitzea. Erabakia, beraz, ez dira hain arriskutsuak izatean. Erreserba gehiago izan ohi dituzte egoera larrietan aurrera egiteko, edo eskaera jaitsiera handi bati hobeto eusteko.
Aipatutako testuinguru ekonomikoak arrisku gehiago hartzea eskatzen du?
Baietz esango nuke. Eta eskatzen du, bereziki, handiagotzea. Presio handia dute horretarako, lehiatzeko gakoa delako, eta erabaki hori, duzun dimentsioaren arabera, ez da erraza. Gainera, globalizazioak kontzentraziora darama: onenak joaten dira merkatu-kuota irabazten eta ahulagoak desagertzen.
Talentua, edonon azaltzen den erronka. Zein abantaila konpetitibo izan dezake familia enpresa batek erakartze prozesu horretan?
Talentuaren gaia ere asko lantzen ari gara. Maila baterako talentua erakartzea oso zaila dugu. Zer moduzko posizioan gauden? Enpresa batez beste askoz txikiagoa dela multinazionalekin erkatuz gero, eta jabetza, haren bisioa eta proiektuaren barruko ekarpena askoz hobeto ezagutu dezakezula. Horiek dira abantailak talentua erakartzerako garaian, eta erakargarria izan ohi da familia bat sortzeko ideia duen talentuarentzat, adibidez.
"Enpresa batez beste askoz txikiagoa dela multinazionalekin erkatuz gero, eta jabetza, haren bisioa eta proiektuaren barruko ekarpena askoz hobeto ezagutu dezakezula. Horiek dira abantailak talentua erakartzerako garaian"
Zein desabantaila ditu?
Egia da proiektu ertainetan gauza gehiago egiteko aukera duzula. Era berean, ikusten ari gara ikasketak amaitzen dituzten gazteentzat glamourra beste esparru batean dagoela, aurreiritziengatik. Eta horixe bera gertatzen ari zaigu bazkideen seme-alabekin. Demagun Eibarren tailerra duzula, eta zeure seme-alabak kanpora joaten direla ikastera, eta praktiketan ari direla Alemanian, Siemensen. Esaten diezula itzultzeko, tailerrean aritzeko, eta kosta egiten zaie. Ikasketak amaitu berri dituen jende horrek guztiak askotan ez du ikusten badagoela bizi garapen sakonagoa eta interesgarriagoa gure esparrutako proiektuetan, eta gainera zure inguruan zaudela, eta jabetza gertu duzula eta hobeto negoziatu ditzakezula gauzak. Baina hori ere jakin egin behar da gazteenei saltzen.
Enpresa handiek beren burua saltzen jakin dute gazteak erakartzeko, gehien desiratutako enpresen rankingean daudelako edo dena delakoagatik. Eta gero gauza batzuk onak izango dituzte eta besteak ez dira batere erakargarriak. Guk esaten dugu ikasi behar dugula taladrinaren glamourra saltzen. Baduelako glamourra. Baina pakete hori atondu egin behar da.
Eta atzerriko jendea erakartzerako garaian, nola moldatzen zarete?
Zaila izaten da. Zenbaitek, esaterako, traba gisa ikusten dute seme-alabek euskaraz ikasi behar izatea, lau urtetarako etortzen direlako, eta ondoren, demagun, Amerikara joan nahiko dutelako. Horiek euren seme-alabak beste hizkuntza ereduetan matrikulatu nahi dituzte. Beste batzuk, aldiz, luzerako etorri dira, eta horiei ez die arazorik suposatuko. Norberaren izaeraren kontua da. Baina puntu horretan eztabaida sakona dugu. Baina egia da zenbait kasutan traba dela, eta geroz eta jende gehiago etortzen da halako epe baterako. Ikusi beharko genuke nola nahi dugun egokitu halako talentua erakartzeko. Ez da kexa. Denon artean egiteko moduko hausarketa baizik. Positiboki eraikitzen joan behar dugu.
Adibidez, Europa Iparraldean, Eskandinavian, bere hizkuntza txikiak dituzte, eta topatu dute eredua. Nik uste hortik jo beharko genukeela pixka bat. Gizarteak eleanitz bihurtu beharko luke. Eta oraindik ere, gurean, ingeles maila ez da hain zabala.