Gasteizko sorkuntza tailerraren eszenografiak

El Taller del Oso Zurdo eszenografiak, altzariak, stand-ak eta erakusketak egiteaz arduratzen da. Jorge Fernandez de Mendiolaren hitzetan, bezeroek buruan dituzten ideiak "lurreratzen" dituzte nolabait

Luis Yañez eta Jorge Fernandez de Mendiola enpresaren sortzaileak | Argazkia: El Taller del Oso Zurdo Luis Yañez eta Jorge Fernandez de Mendiola enpresaren sortzaileak | Argazkia: El Taller del Oso Zurdo

“Gauzak egiten ditugu”, dio Jorge Fernandez de Mendiolak, El Taller del Oso Zurdoren sortzaileetako batek. Zaila omen da Gasteizko enpresa honek egiten duena sinpleki azaltzea. Bada, eszenografiak, altzariak, erakusketak, aldi baterako eraikuntzak, stand-ak edota kalean jartzeko komunikazio euskarriak biltzen dira “gauza” horien artean.

Ekitaldien mundutik dator Fernandez de Mendiola, eta Luis Yañezekin batera sortu zuen El Taller del Oso Zurdo. Hogei urteko ibilbide profesionala burutu dute biek elkarrekin, eta beren elkarlanaren azken emaitza da Arabako sortako proiektu hau. “Gure bezeroek buruan dituzten ideiak lurreratzeaz arduratzen gara, materialen bidez zerbait eraikiz”.

Jorge Fernandez de Mendiola: “Gure bezeroek buruan dituzten ideiak lurreratzeaz arduratzen gara, materialen bidez zerbait eraikiz”

Museo eta erakusketarako egiturak, idulkiak, ateak…”objektu bereziak” fabrikatzen dituzte askotariko materialekin. “Batik bat egurrarekin egiten dugu lan, baina baita metalarekin ere bai, eta grafikaren munduan gabiltza inpresioak, errotulazioak eta bestelakoak egiten”.

Sugar Detox
Sugar Detox proiektua Donostiako Tabakaleran

Finean, El Taller del Oso Zurdo sorkuntza espazio bat dela nabarmendu du fundatzaileak, zeinetan proiektu bakoitza bakarra eta paregabea den, eta horietarako soluzioak ere halakoak izan behar duten.

Bezeroen ideiak lurreratzen

Arabako enpresak egiten duen proiektu bakoitza berria da, lehenago egin gabekoa. “Ez daude bi proiektu berdin, bezeroarekin hitz egiten dugunean badakigu sekula lehenago egin gabeko zerbait egingo dugula”. Bezeroek beren ideiak azaltzen dizkiete, gerora El Taller del Oso Zurdok ideia hori errealitate bihurtzeko. “Bezeroak beren ideia azaldu ostean, guk eszenografia, stand edo altzariaren diseinua egiten dugu 3Dn eta aurrekontu bat eskaintzen diogu bezeroari. Onartuz gero, produktua fabrikatzen hasten gara”.

Jorge Fernandez de Mendiola: “Bezeroak beren ideia azaldu ostean, guk eszenografia, stand edo altariaren diseinua egiten dugu 3Dn eta aurrekontu bat eskaintzen diogu bezeroari

Hilean batez beste zortzi eta hamar proiektu burutzen dituzte, nahiz lan bakoitza oso desberdina izan. “Proiektu batzuetarako hiru aste behar izaten ditugu” dio Fernandez de Mendiolak. Enpresaren atzean bi pertsona soilik izanik, nahikoa lan badutela aitortu du, nahiz hilabetez hilabete dinamika aldakorra izan.

Corowai
Corowai zuhaitzetarako egurrezko etxolak

Halaber, ezaugarrien arabera, proiektu bakoitzaren aurrekontua asko aldatzen da, eta enpresaren fundatzaileak azaldu duenez, txikiena ehun eurokoa izan daiteke eta egin duten handiena 30.000 eurokoa. Besteak beste, Fernando Buesa Fundazioko bitrinak, Gasteizko Jazz jaialdiko eszenografia edota Aste Santuko igarobide baten egituraren aldaketa.

Musikarien eszenografiak edo zuhaitzetako etxolak

Dena den, beste guztien gainetik azken aldiko bi proiektu azpimarratu ditu enpresako kideak, El Taller del Oso Zurdok egiten duen lana ondo islatzen dutenak. Batetik Ana Mena artista espainiarrak Bellodrama musika albumaren birako kontzertuen eszenografia, eta bestetik, Tabakaleran eraikitako Sugar Detox Clinic, azukrearekiko mendekotasuna tratatzeko desintoxikazio klinikaren azpiegitura.

Ana Mena artista espainiarrak Bellodrama musika albumaren birako kontzertuen eszenografia egin dute

Horrez gain, El Taller del Oso Zurdoren baitan, Corowai izeneko proiektua ere dute esku artean. Zuhaitzetan instalatzeko egurrezko etxolak egiten dituzte, bezeroak muntatzeko diseinatuta daudenak. Kalitatezko material jasangarriekin eginak, hiru mota eskaintzen dituzte: Etxola, Begira eta Oinarri. 4.000 euro inguru balio dute eta azken urtean zortzi bat saldu dituzte.

Ana Menaren Bellodrama birarako kontzertuen eszenografia
Ana Menaren Bellodrama birarako kontzertuen eszenografia

“Gauzak konplikatzea gustatzen zaigu, eta gure hornitzaileei ere bai” dio proiektuaren fundatzaileak. Hartara, jasotako eskaerek proiektu berriak sortzen dituzte, eta horretan dihardute buru-belarri bi sortzaileek.

“El Taller del Oso Zurdo nire azken lana izatea espero dut”, azaldu du Fernandez de Mendiolak. Eskaera badago merkatuan lana aurrera ateratzeko, eta Gasteizen konpetentzia gutxi ikusten du, edo konpetentzia baino, elkarren arteko lankidetza sumatzen du merkatuan. Orain arteko proiektuen %80 Euskal Herrian egin dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK